NAIZ

Hamar urteko ibilbidea «ekonomia eta lurraldeak eraldatzen» ospatu du Olatukoopek

Olatukoopek hamar urte bete dituela ospatzeko Iruñean egin duen ekitaldian 80 gonbidatutik gora izan dira. Hamar enpresa baino gutxiagok hasi zuten ibilbide hau, egun 60tik gora dira ekonomia sozial eraldatzailean aritzen direnak.

Olatukoopek hamargarren urteurrena ospatu du gaur Iruñean.
Olatukoopek hamargarren urteurrena ospatu du gaur Iruñean. (OLATUKOOP)

Iruñeko Katakraken 80 gonbidatutik gora izan dira gaur goizean egin den urteurreneko ekitaldian. Egindako ibilbidea errepasatzeaz gain, aurrerantzean ere ekonomia sozial eraldatzailean «errizomatzeko» beharra nabarmendu dute sareko kideek.

Olatukoopek ekonomia eta lurralde eraldatzaileen «errizomak» hamar urte bete ditu. Hasierako zortzi-hamar enpresa haietatik, 60tik gora dira orain Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) bueltan saretuta dabiltzan kooperatibak, herrigintza elkarteak eta eragile sozioekonomiko kooperatiboak. Guztira 600 langile inguruk osatzen dute sarea eta, horiez gain, Olatukoopeko kide edo bazkide diren kontsumo kooperatiben baitan biltzen diren hainbat eta hainbat bazkide erabiltzaile edo zerbitzu bazkideak.

Gaur Iruñean egin dute ekitaldia. Bertan nabarmendu duten moduan, «Olatukoopek hamar urte bete ditu gaur. Hamar urte eder, gogor bezain interesgarri eta beharrezko. Denontzako bizitza oparoago baten aldeko konpromisoak gidaturiko hamar urte». Eta ibilbidearen errepasoa egiteaz gain, azken urteetan hartutako norabidearen argibide nagusiak azaldu dituzte. Besteak beste, oinarri ireki berriak, berregituraketa ariketa kolektiboa eta, lan ildo estrategikoen baitan, Euskal Herri osoan zehar garatzen eta hedatzen dabiltzan lurralde eraldaketarako proiektuak.

Tokian tokiko eragileekin

Izan ere, «ekintzailetza soziala eta lurralde eraldaketako proiektuak tokian tokiko eragileekin ari da lantzen» Olatukoop, bertako beharrei erantzunak bilatzen. «Ekintzailetzatik lurraldekintzara pasa behar dugula uste dugu, horretarako, tresna eta esku-hartze modu ezberdinak martxan jarriz».

Gainera, Olatukoopen «errizoman» hainbat eta hainbat eragile joan dira batzen urte hauetan guztietan, eta gaurko ekitaldian ere euren tartea izan dute horietako hainbatek: Gezki, Lanki, Eskubide Sozialen Karta, Emagin, Katakrak, Koop57, Amillubi eta Ciutat invisible. Olatukoopek aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzeko gonbidapena luzatu die: «Eraldaketa erronka berriei elkarrekin eta interkooperazioan eutsi nahi diegu».

Urteurrenarekin batera, Olatukoopek argitalpenen ildoa ireki du eta asmoa du praktika ezberdinetatik ekiten ikasitako horrekin guztiarekin ezagutza partekatu bat sortzea modu irekian. Ekonomia eraldatzaileari eta herri kooperatibei buruzko bi argitalpen aurkeztu dituzte gaur Iruñean.

Urteurrenarekin amaitzeko, larunbat honetan Donostian egingo dute jaia. Goizean sarekideentzat ekimen ezberdinak egingo dituzte. Ondoren, bazkaria eta, arratsaldea girotzeko, Goxo txarangarekin emango diote amaiera ospakizunari.