NAIZ

Korrikatik Euskaraldira, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko deia

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute Baionan. Korrika amaitu zen toki berean hartu dute hitza, Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte.

Ane Elordi (AEK-Korrika), Idurre Eskisabel (Kontseilua) eta Irati Iciar (Topagunea), euskararen alde lan egiten duten hainbat eragilez inguraturik, gaur goizean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean.
Ane Elordi (AEK-Korrika), Idurre Eskisabel (Kontseilua) eta Irati Iciar (Topagunea), euskararen alde lan egiten duten hainbat eragilez inguraturik, gaur goizean, Baionako Herriko Etxearen aitzinean. (@euskalgintzarenkontseilua)

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute, gaur goizean, Baionan. Korrika bukatu zen tokia, Askatasun plaza, hautatu dute 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz «hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dela» aldarrikatzeko.

Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskararen alde lan egiten duten eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Konfederazioa, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Biga Bai Elkartea, Konkolotx, Mintzalari, Eusko Ikastuntza, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, edota Eusko Ikaskuntza.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-Korrikako koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute euskararen aldeko bi ekimen jendetsu horien arteko denbora tartea aldarrikapenez bete dutela.

«Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu eta premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde», azaldu dute euskalgintzako ordezkariek heldu den udaberrian hamaika egunez garatuko den Euskaraldia kari «olatu berria» altxatzeko dei eginez.

Korrika 23ko lekukoa zazpi herrialdeen gaindi igaro ostean, iragan martxoaren 24an, plaza beretik Garazi Arrula idazle eta 'Txalaparta' argitaletxeko editoreak irakurritako azken mezuari helduta «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» aldarrikatu du, gaur goizean, euskalgintzak adierazpen bateratu horretan.

«Euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela» eta, ildo beretik, «politika publiko sendoagoak behar direla» euskararen normalizazioan aurrera egin nahi bada nabarmendu du, era berean, aipaturiko agiri bateratuan.

«Korrikaren lekukoa harro hartuko du Euskaraldiak»

Korrika eta Euskaraldia lekuko, «herritarren arnasa ere noranzko horretan datorrela» adierazi ondoren, erabakitzaile politikoei dei zehatza luzatu diete «aintzat har dezatela herritarren
bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde».

«Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen», gaineratu du adierazpen bateratu horretan euskalgintzak.

«Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra dela Euskaraldia» aldarrikatu dute, dagoeneko ehunka lagun ari direla lanean 2025ko maiatzaren 15etik 25era «Korrikaren lekukoa harro hartuko duen ekimena» prestatuz nabarmendu dute.

«Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea», gehitu dute, «euskarak mugimendua behar duela» mahaigaineratuz.

Finean, Baionako Askatasun plazatik lau haizetara agindu hau zabaldu dute euskaren aldeko jarduten duten eragileek: «Segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko».