NAIZ

Azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute euskal ikasleek

Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eginiko deiari jarraituz, Euskal Herri osoko ikasleek bat eginen dute, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko xedea duen mobilizazio orokor egunarekin. Suprefetura aitzinean kantuz hedatu dute aldarrikapena Baionan.

Azterketak Euskaraz leloa zuen banderola astindu dute ikasleek Baionako Suprefeturaren aitzinean.
Azterketak Euskaraz leloa zuen banderola astindu dute ikasleek Baionako Suprefeturaren aitzinean. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Herri osoko ikasleek bat egin dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ostiral honetarako deitutako mobilizazio orokorrarekin eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute.

Goizeko 11.00ak aldera abiatu dira Seaskak Baionan duen lizeoko ikasleak. Ikastetxea eta Suprefetura artean ehunka ikaslek martxa egin dute, azterketak euskaraz letra larriz aldarrikatzen zuen banderolaren atzean.

«Aski da errateko tenorea da, herri bat aitzinean dutela erakutsi behar diegu», adierazi dute Baxoa eta Brebet azterketen atarian antolatu duten mobilizazio orokor egunaren hasieran.

Kazeta.eus atariak jasotako kontakizunaren arabera, «hemen gaude euskararen alde» eta «Azterketak Euskaraz» oihu artean zeharkatu dituzte Bernat Etxepareko ikasleek Baiona Ttipiko karrikak.

Suprefeturan zuen helmuga ekimena. Bertan kantuz haizeratu dute aldarrikapena.

«Herri bakoitza bere buruaz jabe, askatasuna ukatzen daukute [...] Zahar, gazteak, lotu lortu arte!» entzunarazi dute ozenki euskaraz ikasten duten ikasleen eskubideak aitortzeko ikasgaia oraindik ere gainditu ez duen Estatua ordezkatzen duen erakundeak Baionan duen egoitzaren aurrean.

«Azterketak Euskaraz» entzun da ozen, txistu artean, frantziar Gobernuaren egoitzaren ataria  komuneko paperarekin estali bitartean.

Egunean zehar lurraldez lurralde beste hainbat ikastetxetako ikasleek mota ezberdinetako ekimenak antolatu dituzte. Hala nola, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan, Oztibarren.

Ikasketak euskaraz egin arren aurten ere Baxoa azterketa frantsesez idatzi beharko duten Ipar Euskal Herriko ikasleen sostenguz mobilizazoak izanen dira Hego Euskal Herrian ere.

Pausu bat aurrera, beste bat atzera

Frantziar Hezkuntza Ministerioak joan zen hilabetean eman zuen aitzinurratsa Brebet azterketari dagokionez. Finean, azterketa osorik egin ahal izango dute aurten kolegioaren etapari amaiera emanen dion azterketa pasatu behar duten ikasleek.

Hala, 2019 arte indarrean izan zen egoerara itzuli dira. Iaz azterketa euskaraz egin ondoren, Hezkuntza ministerioak atzerapausua eman zuen, azterketen azalpenak frantsesez jasoko zutela aurten iragarri zuenean. Finean, Parisek gibelera egin du.

Izan ere, Baxoari dagokionez egoera oso eskasa da oraindik ere.

Hizkuntza berezitasuna hautatu duten ikasleek aukera izanen dute Ahozko Handiaren atal bat euskaraz egiteko. Gainerakoek frantsesez osatu beharko dute haien mintzaldia.

Idatziko frogak frantsesez idatzi beharko dituzte baita ere lizeoa amaitu eta heldu den urtean goi ikasketak hasiko dituzten gazteek.

Seaskak behin baino gehiagotan salatu duenez, desabantaila dute euskaraz ikasten duten ikasleek. Urte osoan zehar euskaraz ikasi ondoren frantsesez behar dutelako azterketa pasatu.

Hala eta guztiz ere baxoa azterketari dagokionez Hexagono mailan nota hoberenak ateratzen dituzten lizeoen artean kokatzen da Bernat Etxepare lizeoa.