NAIZ

Erabateko jarraipena izan du Legutioko Sidenor lantegiko grebak

ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta Legutioko Sidenorren lantegian egiten ari diren grebak erabateko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Lehen lanuztea izan da gaurkoa, bigarrena ostegunerako daukate deituta, eta goizean jakitera eman dute goizeko txandara ez dela beharginik sartu.

Sidenorren lantokia, gaur goizean.
Sidenorren lantokia, gaur goizean. (LAB)

Sidenorrek Legution, Araban, duen lantegiko langile guztiek bat egin dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek astearte honetarako deitutako grebarekin. Goiaingo industrialdean daukate lantegia eta 52 behargin dabiltza bertan lanean. Sindikatuen arabera, ekoizpena «erabat geldirik» geratzea lortu dute. Gaur goizean goiz izan dira grebalariak piketeetan eta LABek sare sozialen bidez jakitera eman duenez, ez da langilerik sartu goizeko txandan.

ELAk, LABek eta ESK-k bi greba egun deitu dituzte, lehena gaur eta hurrengoa datorren ostegunerako. Lanuzteekin hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea galdegin nahi dute. Izan ere, enpresa batzordeak negoziazioan eskatu du malgutasun neurriak negoziazio horretatik kanpo utzi ditzaten, beharginen erosteko ahalmena bermatu dezatela eta soldata igoerak Kontsumorako Prezioen Indizearen araberakoak izan daitezela.

ELAk joan den asteko ohar batean jakitera eman zuenez, maiatzaren 7an enpresa batzordeak proposamena aurkeztu zuen. Enpresak ez zuen erantzun eta hilaren 9an izan zuten bileran negoziazioa blokeatu zutela salatu du sindikatuak. Izan ere, batzordeari eskatu zioten malgutasuna mahai gainean jartzea eta ELAren ustez, negoziazioarekin jarraitzearen truke langileen baldintzak okertzeko saiakera bat da.

Azaldu zuten enpresa batzordeak ez duela onartzen negoziazioaren abiapuntua «eskubideak galtzeko exijentzia» izatea, are gutxiago kontuan hartuta Sidenor kateak joan den ekitaldian lortutako etekinak kontuan hartuz gero. Hori dela eta, batzordeak bi marra gorri dauzka ezarrita negoziazioaren hasieratik: Eskubiderik ez galtzea eta erosahalmena ez galtzea.