NAIZ

Fentaniloa daramaten hainbat botika desagertu dira Urdulizko ospitaletik

Maiatzaren hasieran fentaniloa daramaten botiken hainbat dosi desagertu ziren Urdulizko ospitaletik. Ertzaintza eta Osakidetza lapurreta bezala ari dira afera ikertzen, baztertu baitute dosiok ustekabean galdu izanaren hipotesia.

Urdulizko Ospitaletik desagertu dira dosiak.
Urdulizko Ospitaletik desagertu dira dosiak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urdulizko Ospitaletik fentaniloa daramaten hainbat botika falta direla hauteman dute, ‘El Correo’ egunkariak eta EiTB-k jakitera eman dutenez. Maiatzaren hasieran ohartu ziren dosiak eraman zituztela eta ikerketa abiatu du Ertzaintzak. Lehen zantzuen arabera, ez dirudi ustekabean desagertu direnik eta lapurreta bezala ari dira afera ikertzen.

Langile batek hauteman zuen fentaniloa daramaten hainbat dosi desagertu zirela hilaren hasieran, «ohiko kontrol batean», aipatu egunkariaren arabera. Botika horiek farmaziako biltegiko segurtasun kutxa batean dauzkate eta baimendutako langileek baino ez daukate bertara sartzeko baimenik. Txartela erabili behar dute horretarako eta kamera bidez zainduta dagoen tokia da.

Horrelakoetan aktibatu beharreko protokoloa martxan jarri eta Ertzaintza jakinaren gainean jarri zuten, dosiak falta zirela ikusi bezain laster. Orain, bideoak aztertzen ari dira, nork eraman dituen jakin ahal izateko. Izan ere, desagertu den kopurua dela eta, ez dute aukeratzat jotzen ustekabean dosiak galdu izana, berrogei inguru baitira.

Osasungintza arloan anestesiko bezala erabiltzen duten opioidea da fentaniloa, baina oso arriskutsua da kontrol profesionalik gabe hori hartzea, heriotza eragin dezakeelako, baita dosi txikietan kontsumituta ere.

Ameriketako Estatu Batuetan fentaniloaren epidemia kontrolatu ezinda daude, eta azken urtean 70.000 lagunen heriotza eragin du. Europan ez dago horren zabaldua baina agintarien kezka sortu du. Lakuako Gobernuak duela gutxi argitaratutako Adikzioei Buruzko Inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dute fentaniloaren trafikorik atzeman.