Gipuzkoa Basketek ACB Ligara igotzeko oso gutxi falta izan zuen iaz. Final-laurdenetako kanporaketak jokatu zituen Leyma Coruña talde galiziarraren aurka, eta ezustean 1-3 nagusitu ziren donostiarrak. Ondorioz, Burgosen jokatu zen igoerako Lauko finala jokatu ahal izan zuten, nahiz eta bidean Justin Jaworski eskolta estatubatuarra galdu, kontratu arazoak tarteko. Final-erdietan gauzak oso latz jarri zizkien San Pablo Burgos etxeko taldeari, baina hantxe, epaileen zenbait erabaki oker tarteko, amaitu zen Gipuzkoa Basketen bidea.
Iaztik hona hainbeste aldaketa egin eta gero, berdin jokalarien artean zein entrenatzailea ere, Gipuzkoa Basket iazko bidea errepikatzen ari da. Fase Erregular hobea egin du behintzat aurten, adibidez. Iaz 19-15 balantzearekin, zortzigarren amaitu zuten donostiarrek; aurten, adituen arabera «aspaldiko LEB Ligarik gogorrena» den honetan, 23-11 balantzeaz, bosgarren amaitu du Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak.
Alabaina, iaz bezala aurten ere, kantxa faktorea kontra dutela jokatzen ari dira donostiarrak final-laurdenetan. Iaz ACB Ligara igotzeko faborito zen Leyma Coruñaren urduritasuna baliatu zuten neurri handi baten ezustekoa eman eta talde galiziarra bidean lagatzeko: A Coruñako partida biak irabazi zituzten donostiarrek eta Illunben hirugarrena galdu arren, laugarrenean egin zituzten galiziarrekikoak.
Aurten, berriz, Urrezko LEB Ligako talderik gazteenetakoa den Tizona Burgos da gipuzkoarren arerioa. Diego Ocampo entrenatzaile galiziarraren aginduetara, LEB Ligako talderik erasokorrena eta azkarrena. Aurreneko dema ez zen ondo joan gipuzkoarrentzat, 108-90 galdu baitzuten. Bigarrena, ordea, beste kontu bat izan zen: 90-92 donostiarren alde. Kasualitatez zein ez, Gipuzkoa Basket izan da final-laurdenetan orain arte etxetik kanpo partidarik irabazi duen talde bakarra. Estudiantes, San Pablo Burgos eta Lleida, guztiak 2-0 ari dira irabazten.
Ondorioz, Illunben –Angulas Aginaga Arena pabiloian– bi aukera izango ditu talde donostiarrak iazko moduan Lauko Finalera iristeko. Ostiral gauean 20.30etan jokatuko da serieko hirugarrena eta igande arratsaldeko 17.00etan, berriz, laugarrena. Gipuzkoa Basket partida bietan nagusituko balitz, Lauko Finalerako sailkatuko litzateke. Esan gabe doa, bietan galduko balu, Tizona Burgosek emango luke lau hoberenen artean sartzeko urratsa. Aldiz, talde bakoitzak neurketa bana eramango balu, hilaren 31an Burgosen, el Plantio Udal Kiroldegian jokatuko litzateke kitarakoa.
Lauko Finala ekainaren 8 eta 9an jokatuko da. Oraindik lekua zehazteke badago ere, Madrilek dagoeneko eskatu du bertan antolatzea azken txanpa, WIZink Center pabiloian 12.000 ikusle sartzeko itxaropenaz.
«Lan onaren fruitua da honaino iritsi izana. Taldea ez da orain arte egindakorekin konfirmatzen, baina lan on horri esker gaudelako hemen, datorrenari aurre egiteko konfiantzaz betetzen gaitu», adierazi du Xabi Oroz eskolta azpeitiarrak asteazkenean Gipuzkoa Basketek hedabideentzat ireki duen «Media Day» delakoan.
Erritmo kontua
Pentsa liteke, emaitzak ikusita, donostiarrek defentsa eskasa egin zutela kanporaketa honetako aurreneko bi partidetan. Ez da hainbesterako ordea. Tizona Burgosek ia 70 jabetza izaten ditu partida bakoitzeko eta eraso azkar mordo bat egin ohi ditu. Batez beste, Gipuzkoa basketek baino sei jabetza gehiago eta bi jaurtiketa libre gehiago pilatzen ditu partidako. Aurreneko neurketan 68 jabetza eta 20 jaurtiketa libre izan zituzten etxekoek eta %54an asmatu zuten; donostiarrek lau jabetza gutxiago eta jaurtiketa libre bat gehiago, eta %50 asmatu zuten. Bigarren deman, Tizonak 66 jabetza izan zituen eta 59 GBCk, baina Burgosek 14 jaurtiketa libre izan bazituen, 29 bota zituen talde donostiarrak, eta handik pilatu zituen garaipena eskuratzeko puntuak.
«Inork baino jabetza gehiagotara jokatzen dute, eta hargatik, bizpahiru bakoi gehiago galtzea ez zaie hainbeste axola, erritmo biziaren alde apustu egiten dutelako», ohartarazi du Orozek Tizona Burgos taldeari buruz. «Guk baino biziago jokatzen dutela esateak ez du esan nahi guk oinez jokatzen dugunik. Guri ere ez zaigu azkar jokatzea ardura, baina gure erritmoa ez da beraiena bezain bizia, eta geurera eramaten saiatu behar dugu», gaineratu du.
Hari beretik tiraka jarraitzen du Manex Ansorregi hegaleko azkoitiarrak ere. «Tizona Burgosi asko gustatzen zaio jabetzaren aurreneko segundoetan jaurtiketa edo barneraldia bilatzea. Kontua da segundo horietan defentsa artean lekua hartzeke dagoela eta desoreka erraz bilatzen dutela», nabarmendu du.
Horrez gain, Ansorregiren iritziz, «aurreneko partidan ez ginen beren maila fisikoan jarri. Bigarrenean, bai, berdindu genuen beren joko fisikoa, eta orduan ere, aurreneko partidan bezala, zortzi bat puntu arretik hasi baziren ere, buelta emateko gai izan ginen». Xabi Orozek antzerako iruzkina egiten du. «Aurreneko partidako sentsazioak baino hobeak izan ziren bigarrenekoak, nahiz eta atzetik hasi. Jokoa geurera ekartzen saiatu ginen eta nolabait, lortu genuen».
40 minutu luzeko partidak
Kantxa faktorea bere egin du Gipuzkoa basketek Burgosen bigarren partida irabazi ostean. Hala ere, ez Orozek ezta Ansorregik ere ez dute beren burua faboritotzat jo nahi.
«Etxean kanporaketa amaitzeko aukera hor dago, baina nik ez nuke nire burua faboritotzat joko. Besterik gabe, esango nuke kanporaketa hau aurrera ateratzen duenak ez duela suertez egingo, edo faboritoa delako, gauzak oso berdinduta ikusten ditudalako», aipatu du eskolta azpeitiarrak.
«Burgos bezalako taldeen aurka 40 minutuko partida luze eta estuak espero behar dira», dio, bestalde, Manex Ansorregik. «Deskuidatuz gero, bizpahiru hiruko segidan sartzen dituzte eta hamar puntuko aldea hartzen dute, baina guk geuk, igandean bezala, atzetik aurrera egitea lortzen dugu. Talde biak gara oso lehiakorrak eta hargatik, inork ere ez du amorerik emango, eta berdin dio une baten zein doan aurretik edo kanporaketa nola doan, gaineratu du.
Erreferentziatzat hartzerik balego, esan behar Fase Erregularreko bigarren jardunaldian 76-74 nagusitu zirela Donostiarrak Illunben, baina egia da talde bietan jokalari berriak eta dinamika berriak daudela ordutik hona. Beraz, zaila dirudi, jokalarien aburuz, orduko hura baleko aurrekaria izango ote den pentsatzea.
«Play-offak gauza oso ezberdina dira. Taldeak askoz hobeto prestatuta eta motibatuta daude eta hargatik, Fase Erregularreko partida hura baino garrantzitsuagoak izango direla hurrengoak eta ez dutela zerikusi handirik izango», iritzi dio Ansorregik.
«Jokalari berriak daude talde bietan eta, bai entrenatzaileak berberak dira, baian ez du ematen antz handirik izango dutenik. Gu nahiko erregularrak izan gara eta maila onean iristen gara; Burgos, berriz, talde oso gaztea izatera, asko hobetu den taldea da eta honaino iritsi izana hobekuntza horren ondorio dela esango nuke», gaineratu du Orozek.
Bukatzeko, Illunbek ere izango du zeresanik. Urtean zehar 3.000 zaletik gora nahiko «leial» mantendu dira harmailetan, baina ostiral eta igandera begira, gauzak ondo, 5.000tik ikusletik hurbilago egotea espero da 3.000tik baino. «Zaleen laguntza asko eskertzen da, batez ere partida bero jartzen denean, eta hasieratik indar hori ematen badigute, ongi-etorria izango da», amaitu du Xabi Orozek.