Dublineko hirian festa giroa da nabarmen egun hauetan. Gaur gauean Europa Ligako finala jokatu da bertan, Bayer Leverkusen eta Atalantaren artean (21.00etan). Argi dago zale gehienak, bertakoak izatez gain, alemaniarrak eta italiarrak izango direla. Baina bertan bada Donostiatik iritsitako –eta iristeko dagoen– futbolzale taldea ere, denak modan dagoen Xabi Alonso entrenatzailearen ondoan beste titulu bat ospatu nahi dutenak.
Prestatzaile tolosarrak «neverkusen» goitizenetik askatu du Bayer, eta historia egiten jarraitu nahi du. Duela aste batzuk Bundesliga irabazi zuen eta denboraldia partida bakar bat ere galdu gabe amaitu du. Orain, beste bi titulu gehiago nahi ditu: Europa Liga eta Alemaniako Kopa. Horregatik, askok ez dute aukera hau galdu nahi gertu-gertutik ikusteko. Horietako bi dira Maria Estevez eta Jon Albeniz, eta bertan bizitzen ari diren esperientzia kontatu diote NAIZi.
Astelehenean abiatu ziren Irlandako Errepublikako hiriburura, bertan turismo pixka bat egiteko aprobetxatzeko, giroaz gozatzeko eta ondoren finala bertatik bertara zelaian ikusteko. Hori gutxi balitz, ondoren, larunbatean, Alemaniako Kopako finala Berlingo Olympiastadion zelaian bertan ikusiko dute.
Astearte gauean nabarmentzen hasi ziren zaleen algarak eta oihuak Dublinen. Esaterako, The Temple Bar izena duen taberna famatuan Bayer Leverkusenen zaleekin topo egin zuen bikoteak. Egia esaterako, Alemaniako taldea animatzera joan dira beraiek ere, Xabi Alonso Jonen laguna baita.
Parrandak berandu arte iraun zuen, baina hurrengo egunean, asteazken honetan alegia, turismo gehiago egiteko aukera izan dute donostiarrek. Kaleetan Atalantako zaleren bat do beste ikusteko aukera izan dute, baina argi utzi dute «Leverkunseekoak gehiago direla». Hala, EPIC The Irish Emigration Museum bisitatzeko aukera izan dute.
Hala ere, finalaren inguruan pentsatzen hasteko tokirik aproposenera abiatu dira ondoren, eguerdian, Dublingo gazteluan kokaturik dagoen dagoen «fanzone»ra. Bertan, Atalanta eta Leverkusenen kamiseta erraldoiekin topo egiteko aukera izan dute turistek barrura sartu aurretik. «Bertara sartzeko paseak eta sarrerak behar dira», adierazi du Maria Estevezek.
Barruan, bi taldeko jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute. Noski, ez ziren benetakoak, poster handi bat baizik. Bertan ekimen gehiago zeuden abian: janaria dastatzeko tokia, baloi batekin akrobaziak egin zitezkeen edota infantilen futbol partidak ikus zitezkeen. Eszenatoki eta pantaila erraldoi bat ere bazeuden, zelaira sartu ezinik geratzen diren pertsonek finala bertan ikusteko.
Irlandako Gogarty's Puben bazkaldu, Guinnes garagardo beltz batzuk hartu eta bertako giroaz gozatu ondoren, arratsaldean berrio ere «funzone»ra abiatu dira, Bayer Leverkusenen autobusa Dublin Arenara bola iristen zen ikusteko esperantzarekin. Zelaiko ateak 17.00etatik aurrera ireki dituzte. Eta dena oso kontrolatuta dutela ziurtatu dute donostiarrek: «17.00etan sarrerako QRak aktibatuko zaizkigu. Segurtasun ugari dago birsalmenta eta estilo bereko gauzak ekiditeko. UEFAko aplikazioa eta guzti jaitsi behar izan dut mugikorrean», onartu du Estevezek.
Behin barruan, bikotea Leverkuseneko staffetik oso gertu egoteko aukera izango duela adierazi du. Baina nola da posible zelaitik hain gertu egotea ez badira Bayer ezta Atalantako jokalarien senideak? Erantzuna oso erraza da. Jon Albeniz Donostiako Antiguan kokaturik dagoen Antzara tabernako jabea da eta honek Xabi Alonso ezagutzen du.
Anekdota bat ere kontatu dute: «Duela hilabete batzuk Alemaniako telebista tabernan egon ziren grabatzen eta Jon elkarrizketatzen. Xabi Alonsok Donostian bisitatzen dituen tokietan grabatzen aritu ziren, eta horietako bat da taberna eta baita Antigua ere».
Nola ez, Xabi Alonso eta Bayer Leverkusenen garaipena nahi dute. Hala ere, galduko balu, oraindik ere beste aukera bat edukiko lukete garaikurraz gozatu ahal izateko, larunbatean Berlinen jokatuko den Alemaniako Kopan. Bertan izango da bikote donostiarra, finalaz disfrutatzen... eta turismoa egiten.