NAIZ

Arkaitz Rodriguez: «EH Bildurena boto nazionala da, zazpi herrialdeak ordezkatzen dituena»

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur eguerdian, Zarauzko Malekoian. Bertan hitza hartu dute Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako bozeramaileak. EH Bildurena «zazpi herrialdeak ordezkatuko dituen boto nazionala» dela nabarmendu du Rodriguezek.

Arkaitz Rodiguez, hizketan EH Bilduk Zarautzen egin duen mitinean.
Arkaitz Rodiguez, hizketan EH Bilduk Zarautzen egin duen mitinean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«EH Bilduren botoak balio erantsiak ditu, besteez dituztenak. Boto-paper nazionala da, herri honetako zazpi herrialdeak ordezkatzen dituena; paper antifaxista da, eskubideak murriztu eta erreakzio-bideak zabaltzeko asmoa dutenak geldituko dituena; Gernikako seme-alaba gisa aldarrikatzen gaituen papera da, beraz, bakearen eta gerraren aurkako botoa da. Eta boto katalana, galegoa eta euskalduna da, eta, jakina, errepublikazalea», nabarmendu du Arkaitz Rodriguezek Zarautzen EH Bilduk egin duen mitinean.

«Zer lotura izan dezake Europak eta Zarautzek, adibidez? Lehen pentsamendua lotura zuzen baten pentsatzea datorkigu, baina Zarautzek badauka, esaterako, hondartza eder honetan usadioz eta generazioz generazio surfa egiten duten herritarrak. Surfarekin munduan barrena, eta nola ez Europan, Euskal Herria herri gisa aurkezten dutenak. Europara ere bagoaz Surfeko leihaketetan Euskal Herriko Surf Selekzio propio gisa aurkezteko eskumena lortzera, eta kirol diziplina guztietan ere selekzio propioak izateko eskubidea egikaritzera. Europatik eta Europan ere Euskal Herriaren eraikuntzan sakondu eta indartzeko bideak izan baititugu», adierazi du bere partetik Maddalen Iriartek.