«Eskerrik asko, Algorta, eskerrik asko, Getxo!», horrela adierazi nahi izan dute antolatzaileek beraien eskertza. «San Nikolas ikastolako komunitatea eta Ibilaldia Kultur Elkartea oso pozik gaude herritarrek eman duten erantzunarekin –aipatu dute–. Eguna biribil irten da, eta eskerrak eman nahi dizkiegu San Nikolas ikastolako komunitateari, haiekin batean auzolanean ibili diren Getxoko herritar eta elkarteei, eta Bizkaiko ikastoletatik etorri diren boluntarioei. Guztion artean egun gogoangarria antolatu eta aurrera eraman dugu».
Aparteko arazorik gabe joan den eguna. «Eguna biribila izateko osagai ugari izan ditu: egitarau zabala (ikuskizunak, tailerrak, artistak…); Ikastolen Erronka eta Topaketeta (1.000 ikasletik gora hartu dute parte guztira); hasiera ekitaldian izan den giro ona, eta 1963tik hona igaro diren belaunaldiak bertan presente egotea (lehendakari eta zuzendari ohiek ordezkatu dituzte)», antolatzaileen esanetan.
«San Nikolas ikastolako Haur Hezkuntzarako eraikin berria egiteko erabiliko dugu Ibilaldian
bildutako dirua –gogorarazi dute–. Une honetan ezin dugu aurreratu gure helburuetara iritsi garen edo ez. Baina herritarrek eman duten erantzuna itzela izan da, eta uneotan horrekin geratzen gara, getxoztarrek eta Euskal Herritik etorritako herritarrek txonbo egin dutela ikastolan, euskaran eta euskal kulturan».
Euskal giroan bustitzeko gonbitea
Goizeko eguraldi lainotsua, eguerdian barruraino bustitzen zuen zirimiri bilakatu da Getxon. Baina, nahiz eta tarteka euriak pixka bat busti, giro epela lagun izan du jaiak. Egia esan, egun osoan giro ezin hobea izan da Bizkaiko ikastolen festan; giro euskaltzalea, pozgarria, herritarra.
Uretan bezala, euskaran ere ‘Txonbo!’ egitera deitu zuen Algortako San Nikolas ikastolako komunitateak eta egiazki, igande honetan, euskaran eta euskal kulturaren adierazpen askotarikoan murgildu dira getxoztarrak bezala, Euskal Herriko lurralde desberdinetatik bertara gerturatu diren herritarrak.
Goizean goizetik, jendea gerturatzen hasi da Algortara. Metroan, batez ere familiak eta gaztetxoak. Herrian, dantzariak, jolasak, musika nonahi... Giro ezin hobea sortu da, herritarra oso, koloretsua. Bart izandako gazte baten hilketa, halere, solasaldi guztietan protagonista bihurtu da, kezka handia sortu baitu herritarrengan.
«1978. urtean egin zen lehen Ibilaldian gu egon ginen, gogoan dut ondo nola izan zen. Bai, Algortan egin zen Bizkaiko ikastolen lehen festa. Gogoan dut ere nola gurutzatu ginen Telesforo Monzonekin», aipatu digu herriko emakume batek. Atondu diren lau guneetako lehenera gerturatu gara: ikastola.
Adin guztientzako prestatutako lehenbiziko ikuskizun eta jolasetan bildutakoak oso ongi pasa dute bertan. «Normaltasuna da nagusi alor horretan; ikastolen jai guztietan nahi dugun berri ona da hori», antolatzaileen esanetan.
Euri-lanparra Algorta. San Nicolas plazan, buruhandiak, dantzak, bermuta y jendetza. @Ibilaldia @naiz_info pic.twitter.com/zUtCtERkxR
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) May 26, 2024
Lau gune
Goizeko hamarretan eman zaio hasiera Ibilaldiari. Hasiera ekitaldian San Nikolas ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek eta Getxoko Udaleko, Hezkuntza Saileko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek hartu dute hitza. Ongietorria ematearekin batera, San Nikolas ikastolako lehendakari Unai Arzubiaga proiektuaren lau oinarriak aipatu ditu: bihotza (ikastola), herria, tradizioa eta berrikuntza.
Ikastolaren ibilbidea azaldu du; 1963an bederatzi familiak sortu zuten, eta egun 1.100 ikasletik gora, 700 familia aktibo eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea. Euskararen transmisioa eta biziberritzea ere izan ditu hizpide ikastolako lehendakariak.
Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, euskararen ezagutzan eta erabileran eman diren aurrerapausoak nabarmendu ditu, eta hori, hein handi batean, ikastolei esker izan dela azpimarratu du, Euskal Herri osoan ari baitira ikastolak umeak, nerabeak eta gazteak hezten. Ikastolen xedea zein den gogorarazi du: «Ikastoletan gazte euskaldun konprometituak nahi ditugu, eraldatzaileak, ekintzaileak, arduratsuak, bihotz onekoak eta zoriontsuak. Gizarte hobea dugu jomuga eta hori lortzen ahalegintzen gara egunero».
Ikastolen Zazpigarren Batzarra ere ekarri du Bañalesek bere hitzaldira: «Milaka guraso, irakasle, langile, ikasle eta herritar ari gara buru-belarri lanean biharko hezkuntzari, ikastolei eta Euskal Herriari ekarpena egiteko. Ekainaren 22an izango da egun nagusia eta azken hilabeteetako lan
guztiaren emaitzak ikusi ahalko ditugu Iruñean».
Arratsaldeko azken orduetara bitarteko egitaraua dauka Ibilaldiak, horretarako prestatu dituen lau guneetan. Jendea gogotsu ikusten da jaia ospatzen. Eguerdirako, jai honetarako prestaturiko materiala –kamisetak, motxilak etabar– ia agortuta zegoen.
Euria iritsi da. Txonbo! @Ibilaldia @naiz_info pic.twitter.com/Qr8Sd8Tnh2
— Amaia Ereñaga (@GARA_aerenaga) May 26, 2024
San Nikolas plaza eta inguruetan, poteoa, musika eta giro herritarra; portu zaharrean, Algortako jaietan ikusi daitekeen giroaren antzekoa –bizia, alaia, gaztea eta kontzertuez betea–; eta laugarren gunean, Ereaga hondartzan, Goazen! eta erromeria.
Oraindik ordu batzuk geratzen dira aurtengo ekitaldia amaitzeko, baina dagoeneko erreleboa hartu du Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako komunitateak, bihartik ekingo baitio heldu den urteko Ibilaldia antolatzeari. Goizean jaso dute lekukoa, San Nikolas ikastolaren eta Ibilaldia Kultur Elkartearen eskuetatik. Eguzkibegi ikastolako kideek ilusio handiz hartu dute 2025ean Ibilaldia Galdakaora eramateko eginkizuna.