NAIZ

150 kulturgile jai batzordeen «betoen» aurka eta konponbide eske agertu dira

Euskal Herriko 150 kulturgile inguruk idatzi bat sinatu dute Bilboko eta Gasteizko jai batzordeek GKSri sartzen ez uzteko hartutako erabakiaren aurka. Konponbide bat eskatu dute «elkarbizitza arauak errespetatuz laguntzeko prest dagoen edozein erakunderen» parte-hartzea bermatzeko.

Agiria sinatu duten kulturgileetako batzuen agerraldia, astearte honetan Bilbon.
Agiria sinatu duten kulturgileetako batzuen agerraldia, astearte honetan Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herriko 150 bat kulturgilek ‘Artistok denontzako jai herrikoien alde!’ lelopeko idatzia sinatu dute GKSri eta mugimendu sozialistaren Etxebizitza Sindikatuari Gasteizen eta Luberri konpartsari Bilbon txosnetan jarri zaien «betoaren» aurka eta egoerak konponbide bat behar duela adierazteko.

«Jai herrikoiak ondasun kultural bat dira, ibilbide anitzeko pertsona eta talde ugariren lanari esker. Izan ere, aniztasunarekiko errespetuz, beren desadostasun ideologikoen gainetik, jai giro alaia, parte-hartzailea eta inklusiboa eraikitzen saiatzen dira. Herri jaietako parte izateak eskubide unibertsala izan behar du; horregatik, ulertezina egiten zaigu ezarritako betoa. Nork bere izaera eta aldarriekin, jaiak gozatzeko eta ospatzeko espazioa izan behar luke, elkarrenarekiko tolerantziaz», adierazi dute Josu Zabalak eta Hedoi Etxartek sinatzaileen izenean astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan.

Sinatzaileen arabera, «elkarbizitza arauak errespetatuz laguntzeko prest dagoen edozein erakundek» izan behar du jai batzordeetan parte hartzeko aukera. Horregatik, gaurdanik bideak ireki daitezela eskatu dute, «zentzurik gabeko gatazka bakarrik ekar dezakeen betoa gainditzeko».

Agerraldira bakarrik hamabi kulturgile joan diren arren, sinatzaileen zerrendan beste izen batzuk agertzen dira, hala nola Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia idazleak; Amets Arzalluz, Julio Soto eta Aroa Arrizubieta bertsolariak; Itziar Ituño, Antton Telleria, Karra Elejalde eta Jone Laspiur antzezleak; eta Fermin Muguruza, J Martina, Merina Gris, Kiliki Frexko, El Drogas, Gari, Niko Etxart eta Rodeo musikariak, besteak beste.

Jai batzordeen erabakien nondik norakoak

Arazoaren iturburua hobeto ulertzeko Gasteiz zein Bilboko jai batzordeen erabakietara jo beharra dago. Gasteizko Txosna Batzordeak iazko ekainaren 27an zabaldu zuen oharrean nabarmentzen zen ez dela beto politikorik izan, «elkarbizitzarako trabak» baizik: «Izan ere, Gasteizko Txosnak osatzen dugun kolektibo askok, bi kolektibo hauekin [GKS zein Etxebizitza Sindikatua] Gasteizko Herri Mugimenduan izandako esperientzia ezberdinek elkarlanerako borondate eza erakutsi izan ohi dute, horrek momentu eta esparru ezberdinetan gatazka ugari sortu dituelarik».

Gatazka horiek bideratu ez eta «Txosna Batzordearen kontrako kanpaina» abiatzea leporatu zien koordinakundeak bi kolektibo horiei, «intoxikazio mediatikoa» barne. Eta etorkizunari begira jarrita honako hau erantsi zuen: «Txosna Batzordera proiektua elikatu nahi duen eragile oro ongi etorria izango da, betiere mahaia osatzen duten kolektiboen jarduna errespetatuz eta elkarlanerako prestutasuna erakutsiz».

Antzeko bidetik joan dira Bilboko konpartsen hausnarketak azken bi urte hauetan. Goitik behera ukatzen dute beto politikoa dagoenik eta elkarri ezin ulertuek eta arau orokorrekiko errespetu faltak sustatu dute txosnagunetik kanpo uzteko hautua, haien esanetan.

Bi kasuetan barne prozesu eta bozketa baten bitartez hartu zen erabakia.