NAIZ

Martutenen 77 urteko gizon batek jasandako erasoa salatzeko elkarreratzea deitu dute

Martutenen 77 urteko gizon batek jasandako erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du ostegunerako Sarroeta Auzo Elkarteak. Poliziaren esku-hartzeaz harago doazen neurriak eskatzen dituzte, prebentzioa eta gizarte zerbitzuak indartuz.

Martuteneko zubia.
Martuteneko zubia. (URA | EUROPA PRESS)

Joan den asteazkenean Okendotegin 77 urteko gizon batek jasandako erasoa salatzeko Sarroeta Auzo Elkarteak elkarretaratzea deitu du Martuteneko parkean ostegunerako, 19.00etan. Ospitalean lau egun izan ondoren gaur itzuli da etxera erasotutako gizona.

Lapurreta bat egiten ari zitzaizkionean eraso egin zioten gizonari. Izan ere, Sarroetak azaldu duenez, hilaren 15etik lapurretak ugaritu egin dira Okendotegi bidean. «Bizilagunek Poliziari salatu dizkiote lapurreta horiek, eta auzo elkartea bizilagunekin, Ertzaintzarekin eta Udalarekin harremanetan egon da gaueko polizia zaintza indartzeko», azaldu du.

«Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari erantzunkizunak eta inplikazio zuzena eskatzen dizkiegu. Donostiak konponbide integrala behar du duela hilabete askotatik salatzen ari garen arazoarentzat. Poliziaren esku-hartzea eta urgentziazko protokoloak epe laburrean lagun dezaketen neurriak dira, bai, baina badakigu ez dela epe luzerako konponbide integrala gure hirian aspalditik bizi dugun arazoarentzat», gaineratu dute.

«Konponbide integrala»

Gauzak horrela, «konponbide integrala» aldarrikatu dute, prebentzioan, esku-hartzean eta gizarte zerbitzuetan inbertitzea eskatu dutelarik.

«Martutenen hainbat urtetako politika zentralisten ondorioak pairatzen ari gara, periferiaren beharrak, azpiegiturak eta zerbitzuak ‘bertan behera’ uzten dituztenak, eta horrek herritarrok egunero jasaten ditugun ondorioak ditu», salatu dute.

Udalaren partetik larrialdietarako polizia-protokolo bat martxan jarri dela eta gaiaren gainean daudela erantzun diete. «Hori oso ondo dago, baina berriro diogu hau epe laburrerako petatxo bai baino ez dela. Laster, egiten diren lana eta hartuko dituzten neurrien berri emango digutela uste dugu», esan dute.