NAIZ
Donostia

Zubietako erraustegiaren eraginaren inguruko ikerketak aintzat hartzea eskatu du EH Bilduk

Toxico Watch Fundazioak Zubietako erraustegiaren inguruan egin duen txostena aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk eta PSEk zalantzan jarri zuten eta EH Bilduk, aldiz, bere balioa azpimarratu du. «Giltzarria da ikerketa eta emaitza gehiago izatea, eta datu ezberdinak monitorizatzea»

Toxico Watcheko Kirsten Bouman eta Abel Arkenbout, Zubieta inguruko laginen azterketen emaitzak eta beren jarduera azaltzen.
Toxico Watcheko Kirsten Bouman eta Abel Arkenbout, Zubieta inguruko laginen azterketen emaitzak eta beren jarduera azaltzen. (Batzar Nagusiak Gipuzkoa)

Toxico Watch Fundazioko ordezkariek agerraldia egin zuten astelehen honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, non Zubietako erraustegiaren inguruan egin duten txostena aurkeztu zuten. «Errauskailuak izan dituen arazoak kontuan hartuta, haren inguruko azterketen eta datuen jarraipen zorrotza egiten segituko du EH Bilduk», adierazi du koalizioak ohar baten bidez.

Izan ere, azken bost urteetan erraustegiaren inguruetan toxikoen kontzentrazio maila «nabarmen» handitu dela dio aipaturiko ikerketak. Oilo arrautzetan, goroldioetan, landareetan eta uretan hartu dituzte laginak. Besteak beste, dioxina kopuruak eta antzeko PCB elementuenak nabarmen handitu dira arrautzetan. Era berean, dioxinen eta antzekoen gorakada ere aipagarria izan da inguruko goroldio laginetan, fundazio horren arabera.

Horren aurrean, EH Bilduk neurriak hartzeko beharra azpimarratu du. «Argi dugu gure egitekoa dela herritarren osasunerako kaltegarria izan daitekeen edozein aldagai, arazorik balego, bere onera ekartzea», adierazi du Jon Altolagirre batzarkideak. 

Koalizioak gogora ekarri duenez, Zubietako erraustegiak, martxan jarri zenetik (2020), arazo ugari izan ditu: gelditzeko automatismoarekin arazoak, lixibiatuen filtrazioak, amoniakoaren isuriaren ondorioz Arkaitzerreka kutsatzea; lehen transformadoreak emandako arazoak eta dioxina isuriak, besteak beste. Hori dela-eta, azterketen eta datuen «jarraipen zorrotza» egiten segitu du EH Bilduk, nabarmendu dutenez.

EH Bilduk uste du zientzian oinarritutako ikerlari talde batek egindako lanari «errespetua eta begirunea» zor zaiola. Izan ere, atzoko Batzar Nagusietan EAJk eta PSEk zalantzan jarri zuten txostenaren balioa. «Erakunde honek Europako hainbat erakunderekin lan egin du, errauskailuen inpaktua neurtzeko. Interesgarria iruditzen zaigu gobernuek edo administrazioek azpiegiturak martxan jartzen dituztenean ikerlari independenteen lana eta aholkularitza kontuan hartzea, horiek sor ditzaketen arazoak mahaigaineratzeko», adierazi du koalizioak.

Batzarkidearen esanetan, kontua ez da ikerketa hau orain dela bi aste BioGipuzkoak aurkeztu zuenarekin alderatzea. «Gure ustez, ikerketa guztiek dute zer erakutsia, eta batez ere, zein elementutan jarri behar dugun arreta», gehitu du. «Giltzarria da horrelako ikerketa eta emaitza gehiago izatea, eta horietatik ateratzen diren datu ezberdinak monitorizatzea».

Koalizioaren ustetan, ikerketa horiek «momentuko argazkia» erakusten dute. «Argi dago osasunean duten inpaktua ikusteko denboran zehar ikusi behar dela», gehitu dute. Eta beraz, konpromisoa hartu du «jarraipena» egiteko. «EH Bilduk, herrialdeko lehen indar politikoa den heinean, arduraz jokatuko du, datuak sakon aztertuz eta bilakaerei tentuz erreparatuz, bestelako ikerketa eta adituen ahotsa ere kontuan izanik».

EAJ: «Nahikoa dugu ‘ezetzaren politikatik’»

EAJk, ordea, ez dut gauzak berdin ikusten. Xabier Otxoak, Jasangarritasun batzordeko bozeramaile jeltzaleak, «helburu politiko jakina daukan oposizioa egiten» ari direla salatu du, «Zubietako plantari ezezkoa ematen setatua dagoena».

Otxoaren arabera, Toxico Watch fundazioko adituek «aitortu dute ezin dutela esan beraiek lortutako datuak errausketak eraginak direnik eta, aldi berean, galdera asko utzi dituztela erantzun gabe».

Batzarkide jeltzaleak azpimarratu duenez «batzuek, dena den, ez dute erreparorik Zubietan osasunari kalte egiten dioten isuriak izaten direla frogatzen ez duten balizko azterketei haizea emateko, iritzi publikoa kutsatu besterik egiten ez duten azterketei». «Ezetzaren politikan jarraitzen dute, beren oposizio toxikoarekin, gizartea larritu eta Zubietako gunearen aurka jartzeko, eta hori errealitatearen aurka talka egiten duen ikuspegi sektarioa da», nabarmendu du.

«Gertatzen dena da argi geratzen ari dela asmatu egin dugula balorizazio energetikoaren konponbidea erabakitzean, eta beharrezkoa dela Gipuzkoarako. EAJren izenean dei egiten dut berriro gure erakundeetan konfiantza izan dezagun eta gipuzkoarrei esaten diegu egoteko lasai», gaineratu du Otxoak.