NAIZ
Donostia

Adegiren aurreikuspenen arabera, 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortuko dira aurten Gipuzkoan

Jose Miguel Ayerza zuzendariak Adegik egin duen egoera ekonomikoa eta honen bilakaerari buruzko analisia aurkeztu du, aurten Gipuzkoan 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortuko direla aurreratuz.

Adegik enpresen koiuntura inkesta eta egoera ekonomikoaren inguruko nalisia aurkeztu du.
Adegik enpresen koiuntura inkesta eta egoera ekonomikoaren inguruko nalisia aurkeztu du. (FOKU)

Adegik 2024ko aurreikuspenei eusten die. Modu honetan, aurten enpleguak Gipuzkoan «portaera sendoa» izango duela iritzi du eta osotara 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortuko direla adierazi du. Modu berean, Barne Produktu Gordina %1 eta %2 artean haziko dela aurreratu du.

Urteko batzarraren atarian, enpresei egin dieten koiunturari buruzko inkesta aurkeztu du Donostian Jose Miguel Ayerza zuzendariak, egoera ekonomikoa eta honen bilakaerari buruzko analisia helaraziz. «Enplegua sortzeko aurreikuspen hori itxaropen mezu bat da, eta aukera bat gure gazteentzat», baieztatu du.

Txostenaren arabera, Gipuzkoako enpresen %80k «zailtasunak» ditu behar dituen lanbide profilak topatzeko. «Paradoxa bat dugu. Enpresek behar dituzten profil profesionalak ez datoz beti bat gazte askok aukeratzen dituzten ikasketekin». Eta gazteengan jarri du ardura patronalaren zuzendariak. «Zer ikasiko duzuen aukeratzerakoan, ahal den neurrian, enpresek zer eskatzen duten kontuan har ezazue».

Gazteekin jarraituz, etxebizitza lortzeko arazoa ere izan du mintzagai. «Eskaintzaren eskasia dela-eta, prezioaren maila altua da eta ondorioz gazteek ezin dituzte erosi». Honi aurre egitea «administrazio, enpresa, kreditu erakunde eta hezkuntza ekosistema guztien baterako zeregina» dela adierazi du.

«Lanean jarraitu beharko dugu enpresak tamainan, produktibitatean eta lehiakortasunean haz daitezen. Lan egin beharko dugu konpainien lehiakortasuna hobetuta soldata hobeak ordain daitezen. Gazeek lan baldintza hobeak eskaintzen dituzten enpleguak lortzeko aukera ematen dieten titulazioak ikastea aukera dezaten», insistitu du.

Gipuzkoako lan baldintzak «Estatuko onenen artean» daudela nabarmendu du, onartuz, soldatan adibidez, «alde handiak» daudela sektore batzuen eta besteen artean. 

Kezka soldaten igoerarekin

Enpresei egindako inkestari dagokionez, aldiz, fakturazioa, batez beste, %1,6 hazi dela nabarmendu du Adegik eta eskaera maila, bestetik, %0,7 jaitsi dela. Zenbaki hauekin, hamar enpresatik zortzik uste dute haien merkatuak «normaltasuna edo berraktibazio egoeran» daudela.

Enpleguari begira, %88ak uste du plantilla «eutsi edo handitu» ahal izango dutela. Aldiz, kezka nagusiak «lan kostu handiak eta soldata igoerak» dira. Hauen atzetik datoz «langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak, nazioarteko ekonomiaren ahultasuna, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta absentismoa».