OPA Herri Plataforma osasungitza publikoaren aldeko herri plataformen koordinakundeak oharra igorri du soldatapeko langile eta behargin autonomoen osasun eskumenak laneko mutualitateetara eramateko proiektuaren aurkako iritzia plazaratzeko. Hala, hainbat gizarte erakundek egindako salaketekin bat egin du, bere ustez «osasungintza publikoaren kalterako» izango litzatekeelako transferentzia hori.
«Helburu hori izango lukeen Eusko Jaurlaritzaren eta lan mutualitateen arteko balizko akordio batek soldatapeko eta langile autonomoen osasun arreta mutualitateen esku uztea ekarriko luke, osasun sistema publikotik kanpo utziz», ohartarazi du bere oharrean OPAk.
Horrela, OPA Herri Plataformaren arabera, funts publikoekin ordainduko litzaieke mutualitateei osasun laguntza horren kostua, eta horrek «baliabide ekonomiko gutxiago utziko lituzke sistema publikoak haurrak, jubilatuak eta langabeak artatu ahal izateko».
Ekimenak ostegunetik aurrera
«Mehatxu larri horren aurrean», herri plataformen koordinakundeak jakinarazi du ekimenak antolatuko dituela hainbat herritan ostegun honetatik, maiatzaren 30etik aurrera, «osasun publikoa merkantilizatu eta desegiteko saiaketa onartezin horren berri emateko».