«Melwin Pantzar ACB Ligako talde askok nahi zuten, baina guk hasieratik nahi genuen gurekin eta hargatik beste inor baino arinago mugitu ginen bere atzetik», bota zuen Jaume Ponsarnau Bilbao Basketeko entrenatzaileak 2023/24 denboraldia hasteko aurreneko entrenamenduaren ostean. «Ziur gaude Melwinek asko emango digula», gaineratu zuen Tarregako entrenatzaileak.
Antolatzaile suediarra Urrezko LEB Ligan Valladoliden lan bikaina egin berritan, ACB Ligan aurreneko urrats sendoak eman ditu 2023/24 denboraldian Melwin Pantzarrek Bilbon. Maila honetara «gosez» zetorrela onartu zuen denboraldia hasi bezperetan. Beltzezko gizonek 2025era arte fitxatu zuten hasiera baten jokalaria, baina asteazken honetan bertan eman du jakitera beste urtebeterako luzatu diotela lotura. Alegia, Melwin Pantzarrek 2026ra arte jantziko duela gutxienez Bilbao Basketen elastikoarekin. Hala ez balitz, etete klausula ordaindu beharko du eraman nahiko lukeen taldeak.
Izan ere, Alex Renfroerekin batera lan txukuna burutu du Real Madrilen harrobian hazitako antolatzaileak. Batez beste 8,7 puntu, 3,1 errebote eta 2,5 asistentzia pilatu ditu ACB Ligan, 12,1eko balorazioarekin. FIBA Europe Cupean, berriz, 9,6 puntu, 4 errebote eta 2,6 asistentzia lortu ditu batez beste, neurri handi baten Ponsarnauk Renfroe beteranoari atseden minutu gehiago eman dizkiolako Europako lehiaketan Pantzarri baino. Hala, bere batez besteko balorazioa 12,4koa izan da.
Nolanahi, orain arteko bere partidarik onena ACB Ligako 12. jardunaldian, abenduaren 3an, izan zuen. Surne Bilbao Basketek Valentzia Basketen kantxan 79-85 irabazi zuen eta antolatzaile suediarra jardunaldiko Jokalari Baliotsuena, MVP delakoa, izendatu zuen ACB Ligak: 23 puntu, 2 errebote, 3 asistentzia eta 32ko balorazioa lortu zuen egun hartan.
Alex Renfroek jarraituko ote duen jakiteke, 2024/25 denboraldiari begira rol are eta garrantzitsuagoa hartu beharko luke Melwin Pantzarrek, mailari ongi egokitu dela erakutsi eta gero.