Xabier Izaga
Gasteiz

Edu Zelaieta: Argiago begiratzen laguntzeko, begiaren akatsetik idatzita

«Presbiziak lagundu omen digu» poesia liburua argitaratu du Edu Zelaieta Antak, mende erdiaren bueltan gorputzaren eta gogoaren bilakaera pertsonaletik abiatuta, kolektiboaren beharra nabarmenduz, besteen gorputz zimelduekiko elkarrizketara joz.

Edu Zelaieta eta Itziar Rekalde Gasteizko Mendia optikaren parean, irakurketa «optiko-poetikoan»
Edu Zelaieta eta Itziar Rekalde Gasteizko Mendia optikaren parean, irakurketa «optiko-poetikoan» (Raul BOGAJO)

“Presbiziak lagundu omen digu” (Pamiela, 2024) liburua argitaratu berri du Edu Zelaieta Antak. Bere bosgarren poema bilduma. Epilogoan dioenez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan ba omen dira 2.000 milioi presbiziadun, uste izatekoa denez guztiek euskaraz jakin ez eta poesia gogoko ez duten arren; hala ere, horietako batzuk –baita miopiak presbizia atzeratu dien nahiz haren zantzurik ez duten beste zenbait ere– Gasteizko Mendia optikaren parera bildu ziren joan den astean liburuaren aurkezpen batera. Euripean.

Zelaietaren aitortza eta begiratuaren nondik norakoaren berri jakiteko, baina, epilogora itzuli beharra dago, poeta besoak luzatzen hasi zeneko egunetara, hain zuzen. Hori egin beharra sumatu zuen pandemia garaian, eskuan zuena hobeto ikustearren. «Bizitzarako egokitzapen berriaz» jabetu eta antiojoak erosi zituen. Aldez aurretik ohartarazten du: «begiaren akatsetik» idatzia. Gorputz eta gogo endekapenen gaineko kontzientziatik.

Presbiziaren definizioaren bila, antiojoen genealogia topatu zuen. XIII. mendean asmatu ziren, hain zuzen ere presbizia zuzentzeko. Hiztegiz hiztegi, zehazpen bat topatu zuen, presbizia berrogeita hamartsu urtetik aurrera garatzen dela dioena. Adin horretatik eta gertuko gauzak garbi ikusteko zailtasun horretatik, bere egoeraz idazten hasi zen. Gordin, zintzo, atsegin, jantzi baina apal, batzuetan ironiaz, bestetzuetan jostari.

Berrogeita hamar urtetsurekin egin zitzaion bere egoeraz idazteko gogoa, gertuko gauzak garbi ikusteko zailtasuna hasten denean, eta poema bilduma hau dakar orain opari. Gordin, zintzo, atsegin, jantzi baina apal, batzuetan ironiaz, bestetzuetan jostari.

Liburuari balio erantsia ematen dion “Higatze eta urratze ertainak” testuan, Iratxe Retolaza idazle eta literatura kritikariak poemategiaren gakoak azaltzen ditu: «Ezagutza kokatuaren aitortzatik abiatzen da poema-bilduma, gorputz higatuaren aitortzatik: presbiziatik eta presbiziaz dihardute lehen ale poetikoek. Ikusmena endekatzeak munduan egoteko eta munduari begiratzeko moduetan dakartzan aldaketak ditu poesia-gai, gorputzaren gramatika berri bihurturikoak: antiojo-dantzetan gorpuzturiko keinuak, fokatze ariketa etengabeetan zimurturikoak, eta abar. Besteen begiraden moldea ere eraldatzen dituzten gorputz-kokatze berriak».

Singularretik pluralera

Beregandik, hasi zen, beraz, baina laster «gugana» egiteko. Hartara, “Presbiziak lagundu omen digu” argitaratu baino lehen, izenburu bereko poema musikatu zuen Mugaldekoak taldeak, Zelaieta bera kide duenak, liburuan dagoen QR kodea eskaneatuz entzungai dagoena. Gero, Mendia optikak Gasteilzen dituen bi dendetan esku-hartze poetikoa egin zuen erakusleihoetan poema bana idatziz. Ondoren, Pamielako lagunekin, liburua aurkeztu zuen Donostian, eta joan den astean, Andre Maria plazako Mendia optikaren parean, Itziar Rekalde antzerkilari eta ipuin kontalariarekin batera, poesia emanaldia egin zuen, publikoarekin poetaren begiaren akatsa eta pluralerako arreta partekatuz.

Horiek eta liburuan hizpidera dakartzan guztiak dira Zelaietaren plurala. «Inoiz baino behar handiagoa sentitu dut kolektiboa jasotzeko», dio. Poemek aipu bana daukate, «ahots collage bat egiteko» moduan; «bakarkako irakurketetan bakarrik ez nagoela sentiarazi nauten» hainbat egileren aipuak dira.

Hiru atal ditu poema bildumak. “Presbiziak lagundu omen digu” da lehena, esan bezala gorputzetik abiatua eta zahartzeaz, «ertaina» izateaz, «lasterkraziaren» aurka egin beharraz, baztertutako ametsez eta, «batez ere», amets egin beharraz diharduena.

Bigarren atala, “Singularraren pluralak”, «nigandik gugana», aurrekoen eta ondokoen zaintza lanak edo ospitaleetako orduak ditu hizpide. Hala dio Iratxe Retolazak :«Ni poetikoak bere gorputz-keinu azal berrituak irudikatzeaz gain, maite dituen pertsonen gorputz-gramatika berriak ditu aipagai, fokatze-mugimenduak eginez, singularretik pluralera eta pluraletik singularrera. Subjektu gorpuztu poetikoak badu kezkarik besteen gorpuztasun berriekiko, maite diten pertsonengan (...) gorputz-higatzeek eragindako aldaketekiko. Subjektu gorpuztu endekatuok elkar ulertzeko, elkar zaintzeko, elkar begiratzeko hitzarmen berrietan arakatu beharra iradokitzen du, gorputz-gramatika partekatu batzuen xerka».

Hirugarrena, “Estrabonen denboran”, orainaren irakurketa poetiko eta kritikoa da, «parodikoa» Zelaietaren hitzez. Gaur egungo gai etsigarriak, betiko gai eta kontu etsigarriak.

Poemok irakurritakoan, erraz egingo du norberak Retolazaren hitzekin bat: «'Presbiziak lagundu omen digu' bilduma ispilu poetiko eraginkor egin zait neuri, ikusmen higatzeetan eta gorputz urratzeetan arakatzeko, beste gorputz endekatuekiko elkarrizketak sortzeko, begi nekatuen mugez eta ahalez pentsatzeko, geurre 'ertainkeriek' sorturiko angelu-itsuez pentsatzeko. Lagundu omen digute poemok begi-ertzak lainotzean ahots lagunak gorpuzten, eta galdera partekatuetarantz urratsak egiten».