«Nire ustez, ondoen egin dudana da nire gorputza asko zaintzen ikasi dudala»
Kantxan sarri sumendi bat dirudien arren, Unai gazte urduriaren atzean lan eta gogoeta handia ere badagoela erakutsi digu elkarrizketa honetan. Bere ibilbide laburrean bi etenaldi luze izan ditu, azkena aldakako ebakuntza baten ondorioz, baina pilotaren puntaren puntara itzultzea lortu du.
Esaten da akabatzen ez zaituenak indartsuagoa egiten zaituela. Zure kasuan behintzat betetzen den zerbait da?
Bai, lan oso ona egin dut ebakuntzaren ondoren. Azkenean hau da lan horren saria. Beti aurrera pentsatzen dut. Egia da zalantzak izan ditudala, momentu oso txarrak, baina beti aurrera begira nago, irribarre bat ahoan eta aurrera.
Lehen ere pasatu zenuen geldialdi luze bat, eta indartsuago itzuli zinen. Orain ere jokoan hobera egin duzula ematen du.
Bueno, dena oso desberdina da. Uste dut orain oso ondo nagoela. Aldaka asko hobetu dut eta hori buruarentzat oso garrantzitsua izan da. Txapelketa honetan aldaka oso ondo izan dut, baina oraindik errehabilitazioa egiten dut, astean zehar bi aldiz egoten naiz fisioekin. Egia da oso ondo doala, baina oraindik ez nago %100ean, marjina dut gorputzez hobeto egoteko.
Non ikusten duzu hobekuntza aukera hori?
Oso ondo nago, baina batez ere errekuperazioan. Partidan zehar azkenean ez dut aldakan pentsatzen, baina hurrengo egunean asko nabaritzen dut. Oraindik lana dago, baina horretan ari gara.
Patxada gehiagorekin itzuli zara? Itxura hori hartu dizut Buruz Buruko honetan.
Hori lan mentala da. Helburua da partida guztietan %100 ematen saiatzea, eta nik uste eman dudala. Lan asko dago atzetik, fisikoa eta mentala, ordu asko psikologoekin, prestatzaile fisikoarekin eta enpresako kideekin.
Sakea egiteko orduan beste tenple batekin ikusi zaitut, lasaiago bezala, zer egin nahi duzun pentsatuz.
Bai. Azkenean, lana eginez hobekuntza dator. Elkarrizketetan ere bai, hasieran, 19 urterekin elkarrizketa txarrak egiten nituen, euskaraz aritzeko urduriago –beti egin nahi izan ditu euskaraz–, eta hori hobetu dut urtetik urtera. Jokatzeko orduan berdin, urteak pasatu ahala hobetu nahi duzuna hobetzen zoaz. Baina bai, egia da sakea asko entrenatu dudala, eta lasaiago joaten naiz, pentsatuz tantoa egiten saiatu behar dudala. Eta lehen, agian, gehiago joaten nintzen pilota jokoan jartzera. Orain arma oso ona daukat hor.
Psikologoarena aipatu duzu. Zer da, lesioaren ondorioa, edo lehendik datorrena?
Ez, ez, aspalditik. 19 urte nituenean edo hasiko nintzen. Lehen bakarrik egiten nuen Bilboko psikologo batekin. Konfiantza handia dut berarekin, urte asko dira elkarrekin eta lan asko egin dugu. Oraindik berarekin jarraitzen dut. Eta orain, duela bi edo hiru urte, Iruñean ere beste batekin hasi nintzen, eta oso gustura. Beti sinistu izan dut honetan eta, egia esan, asko lagundu dit. Ni oso mutil urduria naiz eta emozioak ondo kudeatzeko oso ondo etortzen zait. Bizitzan orokorrean, eta gero partidetan ere ikusten da hobeto kudeatzen ditudala tentsio momentu horiek.
«Beti sinistu dut psikologoaren lanean eta asko lagundu dit. Mutiko oso urduria naiz eta emozioak kudeatzeko oso ondo etortzen zait»
Aipatu duzu oso urduria zarela. Geldirik egon behar izan duzun 6 hilabete horietan etxean egotea zuretzat tortura bat izango zen, ala?
Niretzat zailena beti izan da geldirik egotea. Pazientzia asko landu dut. Oraindik asko dago lantzeko eta, esan bezala, urtetik urtera hobetuz noa. Nire ustez, ondoen egin dudana da nire gorputza asko zaintzen ikasi dudala. Lehen igual ez nuen gorputza hainbeste zaintzen. Gauza espezifiko asko egiten ditut orain. Eguneroko ohiturak hartu eta nik uste horretan aldatu naizela gehien.
Adibideren bat ematerik?
Ba ez dakit. Egunero, esnatu eta mugikortasun ariketak egin... Gauza txikiak aldatuta, hobekuntza handiak egin ditut. Esaterako, egunero gauza berak egin, nahiz eta asteburura izan, nahiz eta gaizki esnatu... Errutina bat jarri eta bete. Lehen ez nuen hainbeste zaintzen nire gorputza. Agian entrenatu eta gero ez nituen egiten luzapenak, izotza jarri.... Orain gehiago lantzen ditut gauza txiki horiek, eta partidetan nabaritzen da.
Azkenean burua momentuan izan behar duzu. Ni orain ez naiz finaleko egunean pentsatzen ari. Orain elkarrizketa hau egin behar dugula pentsatzen dut, gero arratsaldean entrenatuko dudala, pausoz pauso eguna osatu arte.
Nolakoa izan da errekuperazioa?
Autoan ordu asko. Fisioekin, Txusekin, Leirerekin, Patrirekin eta fisio askorekin ordu pila bat. Zaila da. Makuluekin hasiera gogorra izan zen, bereziki lehen bi hilabeteak. Baina, bueno, ni mutil ausarta naiz, eta, ebakuntza eta bi egunetara kalera irten nintekeela esan zidatenan, poliki-poliki, makuluekin irteten hasi nintzen eta gauza txiki horiek ere asko lagundu zidaten.
Kapitulu bat itxi duzu, finalera iritsita?
Ahaztuta ez daukat. Oraindik lan asko dut aldaka eta gorputza hobetzeko, eta horregatik joaten naiz astero bitan fisioetara. Oraindik marjina handia dut aldakarekin.
Urte gogorrari amaiera ona, hori izan da txapelketa?
Bai. Saria esaten dut, baina urte osoko lanaren ordaina da. Lan asko egin dut. Denontzat da ordaina, ez bakarrik niretzat, fisioentzat, prestatzaile fisikoarentzat, familiarentzat, momentu txarretan aguantatu nauten guztientzat eta hor egon den jende guztiarentzat... Saria beraientzat ere bada.
«Saria esaten dut, baina hau urte osoko lanaren ordaina da, eta ez bakarrik niretzat. Fisioentzat, Egoitzentzat, familiarentzat... saria beraientzat ere bada»
Binakakoan ernegatuta ibili zinen, zure maila eman ezin eta emaitza onegirik gabe. Baina azkenerako errodaje ona izan da?
Nire %100 ematera irten nintzen, baina oraindik prozesu handia zegoen aldaka hobetzeko, eta asko lagundu dit horretan. Berriz ere burua partidetan enfokatzeak, partida handi batean egotea zer zen berriz sentitzeak lagundu dit. Prozesu bat izan da. Ni saiatu nintzen dena ematen, baina ikusten zen oraindik hobetzeko asko nuela.
Banekien zaila izango zela. Lehen partidak oso txarto jokatu nituen, baina banekien zer zegoen. Haserretzen nintzen partidetan ez nuelako nire %100 eman. Baina azkenean normala zen, ezin nuen irten %100 ematera, eta pausoz pauso heldu naiz momentu on batera. Ni entrenatzen ere oso lehiakorra naiz, eguneroko gauzetan ere bai. Kartetan jokatzen edo edozer gauzetan, beti irabazi nahi dut, edo behintzat dena eman.
Berriro Jokinen aurka.
Bai, hori da. Denok bagenekien hortxe egongo zela. Egia esan, aurreneko partidan ez zuen bere joko puntu hori atera, baina finalerdietan edo partida nagusietan garrantzitsuena izaten da emozioak ondo kudeatzea, eta berak hori oso ondo egiten du hori. Horregatik dago beti hortxe. Laugarren finala du jarraian, eta hori ez da kasualitatea.
Bilboko ligaxkako partida horrek zuri konfiantza handiagoa ematen dizu edo bera are arriskutsuagoa egiten du?
Partida horrek ez du ezer esan nahi. Partida bakoitza desberdina da. Orain beste bat jokatu behar dugu. Gure arteko partidak ikusten badituzu, denetarik izan da. Ni zentratuko naiz nire joko patroi horretan, eta egiten badut, aukera handiak izango ditut irabazteko.
Partida oso bereziak dira beti, desberdinak, baina nire ustez gehienetan partida onak irteten dira. Norberaren bertsiorik onena ematera ateratzen gara. Partida oso berezia da, eta ilusio handiz nago.
Altuna horren ezinean izan zenuela ikusteak zuretzat handia behar zuen.
Hori ahaztuta dago. Partida oso ona izan zen. Balio dezake nire joko hori atera behar dudala ikusteko, baina badakit berak berea aterako duela, eta horrekin ere jokatu behar da.
Finalerdia amaitu eta Altunak azkar asko esan zuen zu zinela faboritoa. Finala jokatzen hasita zaudete jada?
Badakigu hori nola izaten den. Joko hori dago beti. Nolanahi dela, denok badakigu Jokin izango dela faboritoa. Izan ere, laugarren finala du jarraian, eta hori ez da kasualitatea.