Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Jagoba Arrasateren tanta

Tanta txiki bat itsasoan. Hori da Jagoba Arrasate -eta beste batzuk- eliteko futbolaren itsaso zalapartatsu horretan. Euskaratik eta euskaraz aritzen den entrenatzailea, ospatzeko bertsotan egiten duena. Eta horrela ematen dio, natural, euskarari hauspoa. Gure jendartean futbola den zera erraldoi horretan, poz kolektibo baten zurrunbiloan, jo eta tipoa euskaraz eta bertsotan. Ez da ausarta edo militantea, euskalduna da.

Akaso batzuei kosta egiten zaie hori ulertzea. Agian euskara hizkuntza ederra iruditzen zaie, preziatua, babestu beharrekoa, bitxi bat, okasio berezietarako janzten den perlatxo hori. Beste batzuei ez zaie hizkuntza serioa iruditzen, gauza serioetarako hizkuntza -eta futbola gauza oso serioa da, noski-. Traba egiten ez dien bitartean, toleratu egiten dute, baina ez dute asko behar euskararekin gogaitzeko.

Batzuei zein besteei kostatu egiten zaie ulertzea euskarak balio duela haserretzeko, gezurra esateko, barrez lehertzeko, hasperen egiteko, pozez zoratzeko, kexatzeko eta baita eliteko futbolerako ere.

Badakit tantatxo bat dela itsasoan, ez naiz hain inozoa. Baina Arrasatek euskalduna dela garbi uzten duen bakoitzean, parean dituen milaka eta milaka pertsonak -ez diote euskaragatik begiratzen, futbolagatik baizik- tokiz mugitzen dira pixka bat. Batzuei euskara piztuko die agian. Beste batzuei, euskara ikusteko duten modua aldatuko die. Hain entrenatzaile ona eta jatorra bada eta euskara hainbeste maite badu, akaso ez da hain txarra izango hizkuntza txiki malapartatu hori...

Entrenatzaile edo jokalari batek jendaurrean eta eliteko futbolaren anfiteatroan euskaraz egiten duen bakoitzean, begi pare bat piztu egiten da. Norbait poztu egiten da, harrotu, hunkitu, kontzientziatu, konbentzitu, animatu, lotsatu, zalantzan jarri...

Iruñetik urrutixeago joan da Jagoba Arrasate eta pena hartu du euskarak, badakielako isilxeago ibiliko dela aurrerantzean. Asier Villalibrek esan zien milaka futbolzaleri, «zein ederra den zuek euskaraz entzutea». Bada, ispilu-mispilu, «zein ederra den zuek euskaraz entzutea». Eta zein garrantzitsua. •