«Zainduko duen Bilbo» aldarrikatuko dute urriaren 5ean Bilbon. ‘Zaintzaren Herria’ imajinatzeko eta eraikitzeko topagunea antolatu du Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak. Agerraldia egin dute gaur Bilbon deialdiaren berri emateko.
Egun osoko egitaraua prestatzen ari direla jakinarazi dute, «zaintzaren inguruan eztabaidatzeko, sistema publiko-komunitarioa definitzeko, zaintzaren kulturara hurbiltzeko, gure mugimendua indartzen jarraitzeko eta ondo pasatzeko». Antolakuntza prozesuan zein eguneko egitarauan parte hartzeko deia zabaldu diete herritarrei, denek batera Bilboko erdigunea hartzeko.
Azaldu dute mugimendu feministak hamarkadak daramatzala zaintzari buruz hitz egiten, «zaintza lana politizatzen; bizitza zein jarduera ekonomikoa iraunarazteko beharrezkoak direla aldarrikatzen; argitara ateratzen eta banatzen saiatzen; familiarizatuta, feminizatuta, arrazializatuta eta prekarizatuta daudela salatzen». Aldarrikapen horien bideak kokatu dute azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra, zaintza sistema publiko-komunitarioa eraikitzeko beharra aldarrikatzeko balio izan zuena.
Interpelazio zuzena egin zieten agintariei eta salatu dute urte erdi igaro bada ere Hego Euskal Herriko gobernuek ez dietela erantzun, nahiz eta zaintzari buruz hitz egin duten. «Kontzeptu eta aldarrikapen feministak edukiz hustu dituzte, eta beren asmoekin segitu dute, zaintza lanak negozio bihurtzen eta zaintza zerbitzuak pribatizatzen, ondo zaindua izateko eskubidea pribilejio bihurtzeraino», gaitzetsi dute.
Jarrera horren aurrean lanean jarraitzeko hautua egin dute Bilboko feministek era pausu bat gehiago ematea erabaki dute orain. «Zaintzaren Herria imajinatzera eta eraikitzera goaz», azaldu dute, instituzioen eta zaintzaren patronalen «Negozioen Hiriaren» aurrean.