Maite Ubiria

Elkarretaratzea deitu dute Atharratzen pintada homofoboak agertu ostean

Atharratzeko Le Trinket ostatuan pintada homofoboak agertu ostean elkarretaratzea deitu dute, astelehen arratsalderako, Zuberoko herrian. LGTBQ+ kolektiboaren aurkako diskriminazioak gainditzeko lan egiten duen Prefosta elkarteak animatzen du aipaturiko lokala.

Atharratzeko Le Trinket ostatuan agertuturiko pintadak.
Atharratzeko Le Trinket ostatuan agertuturiko pintadak. (@prefostaelkartea)

Prefosta elkarteak bere sare sozialen bidez jakitera eman du Atharratzen gertatu den ekintza homofoboaren berri. Larunbat eta igande arteko gauean pintada homofoboak egin zituzten Le Trinket ostatuaren fazadan. Ezagunek 'PD' idatzi zuten ostatuaren lehio-ateetan.

Elkarteak ironiaz beteriko mezu baten bidez salatu du gertatutakoa. Bere Facebook sareko kontuan hauxe idatzi du: «Jintxoria! Pistolet Debrü batek kontrabentak arratintatü deizkü! Kolorez tronpatü beita...».

Bide batez, astelehenean, 19.00tan Prefostan elkartzeko deia zabaldu du ekarteak.

Erasoa jomugan hartzen du beste hainbat ekintza bultzatzeaz gain aurten bigarren aldiz Bekat'Uros ekimena antolatu duen elkartea.

LGTBQ+ kolektiboko kideei ikusgarritasuna emateaz gain gizarte mailan sexu askatasuna sustatzeko asmoa du Prefostak iragan apirilean antolatu zuen jardunaldiak.

Bekat'Uros ekimenaren bigarren edizio arrakastatsua

Kazeta-eus atariak egun horri buruz plazaraturiko kronikan nabarmendu zuenez «eguzkiak, irriek eta koloreek bete zuten apirilaren 20ko eguna Atharratzen».

Prefosta elkartearen eta Altxalili kolektiboaren gidaritzapean, jende andana hurbildu zen Ipar Euskal Herriko barnealdean «aniztasun sexuala ospatzera».

 

Bekat'Uros ekimena ospatu zuten apirilaren 20an Atharratzen. (Guillaume FAUVEAU)
Bekat'Uros ekimena ospatu zuten apirilaren 20an Atharratzen. (Guillaume FAUVEAU)

Aurten lehenengoz egin den Harrotasun Martxari esker, Atharratzeko karrikak jendez eta ortzadarrez bete ziren. «Aitzinapausu ttipi bat, heteroarautik geroz eta gehiago ateratzen ari baita landa eremuan» ekimenaren sustatzaileen ustez.

Ekimen horren izpirituaren kontra doa, hain zuzen, asteburuan gertaturiko erasoa. Horrendako, astelehen arratsaldean Le Trinket ostatuan bilduz horrelako ekintzak ez dituztela onartzen adierazteko deia egin diete herritarrei.

Nafarroaren Egunean izan zen aurrekaria

Joan zen apirilaren 29an  Nafarroaren Egunaren karietara beste eraso homofobo bat gertatu zen Baigorrin.

Bestaren antolatzaile den Basaizea Kultur Elkarteak plazaraturiko ohar baten bidez jakitera eman duenez, LGBTQ+ ikurra hondatua agertu zen Nafarroaren Egunaren biharamunean.

«Eraso homofoborik» ez zutela onartuko adierazi ondoren, astelehen iluntzean, 50 bat lagun elkartu ziren Nafarroa Behereko herrian.

«Bandera horrek besta gune aske eta segururat harrera egin zigun» azaldu du ohar horretan elkarteak. Era berean, «sinbolo azkarreko ikur hau maitatua eta baloratua izan dela egun osoan zehar» adierazi zuen ohar baten bidez Nafarroaren Eguna antolatu zuen elkarteak.

«Horrelako eraso bortitzak ez ditugu onartzen ez hemen ezta nihun ere» agerian jarri zuen gertakari hori «pena eta herra handiz» hartu zuen Basaizea Kultur Elkarteak.

«LGTBQ+ eta aliatu guziak maitasunez batzen gira homofobiaren kontra» gaineratu zuen erasoa salatu eta sinbolo horren defentsa hartu zuen elkarte baigorriarrak.