M.A.

«Munduketariak», kultura aniztasunean eta inklusioan oinarritutako ipuin liburua

Euskal Eskola Publikoaren jaiaren antolatzaileak, Ordiziako Urdaneta eskolak, 50 urte betetzen dituela baliatuz, «Munduketariak» ipuin liburua argitaratu dute. Patxi Zubizarreta ordiziarra arduratu da istorioa idazteaz, eta Jokin Mitxelena marrazkilariak sortu ditu irudiak.

Ezkerretik eskuinera, Aitziber Arrugaeta, Jokin Mitxelena, Patxi Zubizarreta eta Lurdes Imaz.
Ezkerretik eskuinera, Aitziber Arrugaeta, Jokin Mitxelena, Patxi Zubizarreta eta Lurdes Imaz. (URDANETA ESKOLA)

Jatorri ezberdinetako ikasleek izandako bizipen eta gogoetak hartzen ditu ardatz kontakizunak eta Ordiziako Urdaneta eskolan kokatzen da istorioa. Joan den martxoaren 20an Donostian egin zuten liburuaren aurkezpen ekitaldian Patxi Zubizarreta egileak adierazi zuenez, ipuina sortzeko inspirazioa bere jaioterriko errealitateari so egitean aurkitu zuen: «Ederra izan da deskubritzea badirela 30 jatorri baino gehiago Ordizian, eta hogeitik gora hizkuntzatan egiten dela».

Ildo horretatik, Zubizarretaren arabera, gaur egungo eskolak «Babelgo dorrearen alderdirik baikorrena aldarrikatu eta aberastasun hori bideratu egin behar du». Helburu hori irudikatzen ahalegintzeko sortu omen du “gelazkina”; gelako haurrak munduko lurraldeak ezagutzera eramango dituen tramankulua, hain zuzen. Idazleak azaldu zuenez, liburuak «izpiritu konprometitua» dauka, eta «ez handi bat esaten dio mundu honi, baina ezetz bizipozez; ez esatea eta baietza bilatzea posible delako».

Irudien boterea
Hala, ipuinak mundua aldatzeko hautua egiten duten ikasleen bizipenak eta gorabeherak kontatzen ditu, gaur egungo gizartea ulertzeko garrantzitsuak diren hainbat eduki eta jakintza landuz; besteak beste, aniztasun kulturala, emigrazioa, identitatea, munduaren ezagutza, Euskal Herria, geografia, kolonialismoa eta etorkizuna eraldatu beharra.

Errefrauak dio, bestalde, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, eta kasu honetan zentzu osoa hartzen du esaldiak. Nerabeei zuzendutako lana izaki, “Munduketariak” liburuak protagonismo berezia ematen die marrazkiei. Eta zailena jatorri ezberdinetako haurrak ahalik eta modu zintzoenean islatzea izan omen dela onartu du Jokin Mitxelena marrazkigileak: «Klixeak batzuetan oso praktikoak dira, lana murrizten dizute, ez duzu azalpen handirik eman behar, baina abusatu gabe egin behar da: Afrikako neska beltza da, Ukrainakoa ere ilehoria egin dut; guztiak ez dira horrelakoak izango, noski».

Irekia, plurala, inklusiboa
Aipatzekoa da, gainera, Euskal Eskola Publikoaren jaiaren testuinguruan sortutako lehen liburua dela “Munduketariak”, eta helburua izan da publikotasuna, euskara, aniztasuna eta inklusioa aldarrikatzea. Ildo horretan, Aitziber Arrugaeta Urdaneta eskolako irakasle eta gurasoak aurkezpen ekitaldian honakoa azaldu zuen: «Ipuinak herriaren errealitatea islatzen du; jatorri askotariko familiak ditugu, hizkuntza asko, eta egoera sozioekonomiko, hezkuntza behar eta euskalduntzeko premia ezberdinak». Eskola publikoak behar horiei guztiei erantzun behar diela ere aldarrikatu zuen, guztiei lekua eginez eta bakoitzaren nortasun, sinesmen eta pentsaerak onartuz.

Liburua ez ezik, bertan azaltzen diren edukietan oinarritutako unitate didaktikoa ere sortu dute, LH-ko hirugarren zikloan landu ahal izateko. Liburuan azaltzen diren pasarteak abiapuntutzat hartuta, ikastetxe bakoitzak aukera izango du egoera horiek lekuan lekuko errealitatera egokitzeko, eta mundua alda daitekeela ikusi eta ikasteko.