Baso bat hazi da Bermeoko frantziskotarren klaustroan
1357. urtean sortua, Bermeoko Frantziskotarren fraide-etxea Bizkaiko komenturik zaharrena da. Dotorea eraikina; klaustroa, aho zabalik uzten zaituen horietakoa. Jose Angel Lasak, Bermeon finkatutako eskultore legorretarrak, ‘n, -z, -tik, -rantz’ erakusketa zabaldu berri du klaustroan.
Zer izan zen lehena: tokiaren aukeraketa edo erakusketa egiteko asmoa?, galdetu diogu Jose Angel Lasari, Bermeoko frantziskotarren klaustrora sartu garenean. Galeria eder hauek historiaz eta istorioz bustita daude. Kartzela, merkatu eta batek daki zein erabilpen izan dituen gune honek mendeotan guztiotan.
Atea zabaltzean, eta gaur erakusketa itxita dagoen arren –astelehenez egin dugu hitzordua, eta ostiral, larunbat eta igandeetan baino ez dago zabalik bisitarientzat–, gure atzetik bi turista bikote sartu dira.
Unea probestu dute. Inork igerri gabe, barrura. Berehala, mugikorra atera eta Lasaren lanei argazkiak ateratzen hasi dira: arku bati ‘josi’ egin dizkion urdin koloreko egur enborrak, txalupa moztuak, ‘baso’ bat..
Jose Angel Lasak 50 eskultura baino gehiago sartu ditu klaustro eder honetan. Tamaina desberdinetakoak eta garai desberdinetakoak dira eta ‘-n, -z, -tik, -rantz’ izena jarri dio laginari, euskararen atzizkiekin lotura bilatuta. Urrira arte dago ikusgai.
«Erakusketa egiteko gogoa nuen –adierazi du Jose Angel Lasak–. Eta Bermeon ez dago horretarako lekurik: hauek [besoak luzatu ditu, klaustroan sakabanatuta dauden piezak bere gain hartuko balitu bezala] ezin nituen inon erakutsi. Ni sarri etortzen naiz klaustrora, eta opari moduko bat izan da niretzat frantziskotarren buruaren jarrera. Hemen denak Arantzazukoak baitira, umetan han ikasi dute, hau Arantzazuko fraideen probintzia delako».
Arantzazutarren aipamenak badu bere ‘zera’, hango fraideek gure kulturaren sustapenean izandako eragina nabarmendu nahi izan baitigu Lasak. Arantzazun ezarri baitzituzten, hainbat buruko minen ostean, beraien apostolu ikoniko eta apurtzaileak Nestor Basterretxeak eta Jorge Oteizak... Eta aurten bermeotar handiaren mendeurrena ospatzen ari garenean, hain zuzen, haren sorterriko klaustro honetan Basterretxearen ‘Hilarriak’ seriea dagoela ohartu gara, bat batean. Leku honetan denborak, artea eta sortzaileak elkar gurutzatuko balira bezala. Hala ere, Jose Angel Lasak landutako enbor hauek ikusten ez diren sustrai anitz dituzte. Sendoenak, Remigio Mendibururen lanean sustraituta.
Arte Ederretako doktorea, urte luzez Leioako unibertsitatean irakasle, Jose Angel Lasaren lanak Bilboko Arte Ederretako Museoan, Artiumen, gune publikoetan eta bilduma pribatuetan aurkitu daitezke. Bermeon bizi da, Arane auzoan, naturan bilatzen dituenak berrerabiltzen, eskultura bihurtuta. «Nik egiten dudana naturaren manipulazio kulturala da», irakurri diogu noizbait.
Klaustroan 50 eskultura baino gehiago jarri ditu, hainbat tamainatakoak eta garaitakoak; horietako asko, sekula erakutsi ez dituenak. Buztinezko lanak ere badira, han hemen.
Lehen begiradan, baso baten barnean egotearen sentsazioa. Baso bizia, koloretsua: sustraiak hankaz gora eta urdinez margotuak; enborrak elkarrekin kiribilduta, urdin koloreko adarrak paretari lotuta –«arkitekto teknikoa etorri zen txosten teknikoa egitera eta agindu nion bakar-bakarrik zulatuko nuela zuria, ondarea delako hau»–, klaustroak hain adierazgarriak dituen puntadun arkuetatik gora bide antzeko bat marrazten...
Hemen Valentzian jasotako laranjondoak, Solluben aurkitutako hurritzak, Almeriako Cabreras mendilerroan izandako suteetatik erreskatatutako isats erreak, Atapuerca ondoko makal luzeak, otea, eukaliptoak...
Zurezko mundua da Lasarena: «Nik beti erreibindikatu dut Remigio Mendiburu (1931 - 1990), bere obra inportantea delako, nortasun handikoa. Basoan ibiltzen zenean, zuhaitzekin zuen erlazio hura maite dut. Basoak bota egiten zituztenean, pagoak esaterako, berak pagoen hondakinekin egiten zuen lan. Hondarribian aireportua egin zutenean han zegoen akazia baten sustraiak erabili zituen. Ni hondakinak jasotzen ibiltzen naizen bezala, Mendiburuk gauza bera egiten zuen. Ondoan badaukazu, zertarako ibili behar duzu Brasilgo egur zoragarri bat ekartzen?».
Atzizkien mundu bat
Baina goazen hastapenera: ‘-n, -z, -tik, -rantz’ izena jarri dio urrira arte zabalik egongo den erakusketa honi. Euskal atzizkiak, arteari lotuta? «XX. mendean, eskulturan ari ginenok galdetu egiten genuen: zer arraio da eskultura edo zer arraio da artea? XIX. mendearen bukaera arte eskulturak aurpegiak, gorputzak, animaliak edo egoera erlijiosoak irudikatu zituen. Horixe egin zuen. XX. mendearen hasieran, aldiz, dena hankaz gora jarri zenean, artearen munduan proposamen berriak sortu ziren. Eta gehienok hortik edaten dugu gaur egun, eskulturek ez dutelako ez idulkirik, ez aldarerik, ez plazarik behar, edonon koka daitezkeelako: lurrean, zintzilikatuta... Eta, ildo horretatik, euskararen atzizkiak bezalakoak dira. Euskarazko atzizkiak magikoak dira, bat batean zerbait martxan jartzen dutelako. Zer egiten du atzizki batek? Morfemari ñabardura bat eransten dio. Beraz, zergatik izan behar du arteak erdigunerik? XX. mendean, artearen zentralizazio horrek ez zuen zentzurik, zeren eskultura ez baita zentrala, erdigunean dagoena errealitatea da-eta!», azaldu du Lasak.
Naturaren errealitatea, agian: «Naturatik jaso eta garbitu ondoren egiten dut konposizioa. Zuhaitzek, bai sustraietan, bai adarretan, logika propioa dute. Ni logika horren barnean mantentzen naiz», dio.
Auskalo Lasa honekin ados dagoen ala ez, baina bere unibertsoa basoarekin eta lurrarekin erabat lotuta dagoen arren, itsasoaren ondoan bizi izandako urteen poderioz, ura ‘infiltratu’ egin zaio eskulturan. Sarreraren albo batean, hain zuzen, txalupa batzuk daude, eskultura bihurtuta. «Bermeoko ontziolan eginak daude, bertakoen laguntzarekin, 1987-88 urteetan –dio–. Hau bihurritzeko barku lana egin genuen, egosi egin behar baita egurra horretarako. Ontziolan Muruagatarrekin ikasi nuen, Julio eta Jesusekin, eta hantxe irakatsi zidaten egurra egosten eta bihurritzen».
Klaustrotik atera eta ondoko elizara eraman gaitu. XVI. mendeko nabe gotiko honen albo batean dagoen kapera batean kalbario zahar bat dago. «Zer egin dut nik?», bota du galdera. Aurreko kapera batera salto egin eta, «Sollubeko hurritza-enborrez eginiko gurutzeak. Jesukristo hil zutenean, bi pertsona hil zituzten harekin. Eta zer pasatu da? Kristautasunak gurutze bakarra mantendu duela, Jesusena; besteak ahanzturan gelditu dira. Eta hauek lapurren zuhaitzak dira», dio Jose Angel Lasak irribarre maltzur batez. Lan hori ez dago erakusketan; elizan ausartzen denarentzako ‘oparia’ da.
«Une bat baduzu?», galdera. Lamera parkea zeharkatu, Basterretxearen ‘Cosmogónica’ –Bermeo da atari zabalean dagoen Basterretxearen galeriarik ederrena, egilearen lanez zipriztinduta baitago–, eta Artza frontoira iritsi gara. Ezkerparetaren atzeko aldean gabonetan ezarritako eskultura bat dago. Lasarena da. «Zer dira? Hitzak? Esaldiak?», galdera. Ukrainatik Bermeoko portura iritsitako burdin alanbreak dira, denborak eta bidaiak bihurritako alanbreak, gerraren metafora gisa.