NAIZ

Europako Batzordeak Aztiren udako ikastaroak saritu ditu jasangarritasuna sustatzeagatik

Azti zentro teknologikoak ozeanoen garrantziaz kontzientziatzeko eta herritarren ulermena hobetzeko helburu duten udako ikastaroek Europako Bazordearen MakeEUBlue saria jaso dute. Ekainaren 11tik 13ra bitartean izango dira ikastaroak Donostiako Aquariumean.

Europako Batzordearen saria jaso dute Aztiren udako ikastaroek.
Europako Batzordearen saria jaso dute Aztiren udako ikastaroek. (AZTI)

Itsas jasangarritasuna sustatzeko konpromisoagatik eta itsasoan eta kostaldean kalitatezko hezkuntza emateagatik Azti zentro teknologikoaren udako ikastaroei eman die Europako Batzordeak MakeEUBlue izeneko saria.

Europako Batzordeko EU4Ocean Coalition erakundeak ematen duen sari hau, Aztik ohar batean adierazi duenez, «Hezkuntza-programaren ikuspegi berritzaileari eta ikasleak eta profesionalak inspiratzeko gaitasunari esker lortu ahal izan da, itsas zientzian eta politikan liderren belaunaldi berri bat sustatuz».

«Sari haur urteetan zehar Aztiren udako ikastaroak itsas ikerketan eta kostaldeko kudeaketan etorkizuneko liderrak prestatzeko ingurune paregabe bihurtu duten pertsona guztientzat da», nabarmendu du Angel Borja zientzia guneko itsaso eta kostaldeetako ingurumen-kudeaetan adituak eta duela 20 urte sortu zirenetik udako ikastaroen zuzendaria denak.

Aurten, 11tik 13ra

Aztiren udako ikastaroak ekainaren 11tik 13ra bitarte izango dira aurten, Donostiako Aquariumean, anzioarteko hainbat hizlariren parte hartzearekin. Besteak beste zientzia komunikazio eraginkorra, ikerketaren integrazioa erabaki politikoak hartzerakoan eta itsas baliabideen kudeaketa iraunkorraren sustapena jorratuko dituzte.

‘Itsas zientziaren eta politikaren arteko arrakala ixtea: gizartearentzat komunikatzea eta erabaki informatuak hartzea’ izenburupean, ikastaroaren helburu nagusia da ideiak hobeto transmititzeko hainbat tresna eta metodo aurkeztea, bai teorian eta baita praktikan ere, zientzia eta politika modu eranginkorrean lotuz.

Ekitaldiak plataforma bat eskainiko du zientzialariek, komunikatzaileek, kudeatzaileek eta arduradun politikoek ezagutzak eta esperientziak partekatzeko, eta elkarrekin lan egiteko eta «elkarrekin gure ozeanoarentzako etorkizun iraunkorrago baterantz lan egiteko».