«Memoria demokratikoa, justizia soziala, aukera-berdintasuna eta zuzenbidezko estatua bultzatuz edozein motatako totalitarismoari aurre egiteko konpromisoa» adierazi du EAJko Europako hauteskundeetarako hautagaiak, Oihane Agirregoitiak, gaurko kanpaina-ekitaldi nagusian.
Gernikako Arbolaren azpian, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eta Agirregoitiak adierazpen bana irakurri dute asteazken honetan, alderdiko 150 barne ordezkari eta ordezkari publikoren aurrean.
EAJ «faxismoaren kontra, eta muturreko mugimenduen kontra, eskuin zein ezkerrekoak» dagoela adierazi du hautagaiak. Horretarako, «elkarrizketak eta politikak autoritarismoaren tentazioari aurre» egiteko beharra azpimarratu du.
Ildo horretatik, hauteskundeei begira aukera «egonkortasuna eta ongizatea» eta «populismoak eta muturreko ideien» artean dagoela esan du.
Halaber, mundu mailan gatazken ugaritzea dela eta, Europar Batasunaren zeregina indartzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela esan du Agirregoitiak, Europak «bidegurutze bat» bizitzen ari delako. «Europan erreferenteak gara mundu osoko eskubideen eta askatasunen defentsan».
Ukraina eta Gaza
Andoni Ortuzarrek, bestalde, «gatazka beliko ankerren lekuko izatea egokitu zaigu», adierazi du, «Ukrainako inbasioa» eta «Hamasen ekintza terroristen ondoren Gazan gertatzen ari den sarraski bidegabea» aipatu ditu adibide gisa.
«Une honetan premiazko dugu gure indar guztiak batzea Europan segurtasuna bermatzen lagunduko digun defentsa propioa eraikitzeko, Batasunaren ahotsa ozen eta sendo entzun dadin nazioarte osoan, armak isildu daitezen eta bakezko denbora has dadin denontzat. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu Batasunaren baitan adierazpen politiko batzuk erradikalizatzen ari direla ikusita», adierazi du Ortuzarrek.
Europar Batasunaren, herrien arteko berdintasunaren, Giza Eskubideak nagusi izatearen eta berdintasunaren alde egin ondoren, Europan «Euskadiren ahotsa» izateko konpromisoa aldarrikatu du: «muturreko posizioei eta populismoei, demagogiari eta epelaburkeriari bidea mozteko harresia»