M.A.

Ulysses egitasmo zientifikoak itsasoko zaborra monitorizatuko du

Euskal itsas-ingurunearen osasuna hobetzeko xedez, AZTI ikerketa zentroak eta Elecnor Deimos enpresak abiarazitako proiektuak datu zehatzak bilduko ditu ekosistemak babesteko neurri eraginkorrak hartzea ahalbidetzeko.

Ulysses Data For Science proiektuak 1.000 gailu barreiatuko ditu Bizkaiko Golkoan.
Ulysses Data For Science proiektuak 1.000 gailu barreiatuko ditu Bizkaiko Golkoan. (AZTI)

Ozeanoetara iristen diren plastikoak eta haien eragin kaltegarria gelditzeko asmoz, AZTI ikerketa zentroak eta Elecnor Deimos enpresa aeroespazialak Ulysses Data For Science egitasmoa sortu zuten 2020 urtean. Abiapuntua zientziaren bidez itsas zaborraren kontaminazioari epe ertain edo luzera irtenbideak bilatzea zen; urtebeteko garapenaren ondoren, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendaritzari aurkeztu zioten, eta elkarlanean, gizartearen partaidetza ahalbidetuko zuen dibulgazio jarduerekin aberastu zuten.

Martxoan fase berri bati ekin zioten eta datozen hiru urteetan Data For Science Fundazio irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak aurrera eramango du. Horretarako, euskal estuarioetako eta itsasoko zabor kutsadurari buruzko datuak bilduko dituzte, haien etorrerari eta banaketari buruzko ezagutzan sakonduz, egoera arintzeko estrategiak prestatu ahal izateko. Hala, tokiko politikak finkatzen laguntzeko jarraibideak emango dituzte eta itsasoko zabor flotatzailearen bilketa optimizatzen lagunduko duten tresna adimendunak garatzea ahalbidetu.

Ulysses Data For Science proiektuak 1.000 gailu barreiatuko ditu Bizkaiko Golkoan itsasoko zaborraren bilakaera monitorizatzeko eta euskal kostaldearen osasuna hobetzeko. Batetik, biometria kamerak erabiliko dituzte hondakin flotatzaileak monitorizatzeko Deba, Nerbioi eta Zadorra ibaien tarteetan. Bestetik, hiru ontzi mota baliatuko dituzte: Ranger, sentsore aurreratuz hornitua, Traveller, GPSdun gailu modular txikiak dituzte itsas eta ibai korronteen garraioaren analisirako, eta Woorden, sentsore gabeko itsasontzi txikiak. Azken horiek izango dira gehienak. Horiez gain, Wavy Ocean eta Littoral plataformak erabiliko dituzte, Meloa proiektu europarrak aurrez garatuak.

BOST EKIMEN, HELBURU BAKARRA

Ulysses Data For Science elkarri lotutako bost ekimenek osatzen dute, helburu komuna lortzeko erabakigarriak denak. Ulysses Sea-k teknologikoki hornitutako flotaren bidez, itsas plastikoak Bizkaiko Golkoan dituen ibilbideak marraztuko dituzte eta metaketan satelite bidez geolokalizatu. Lortutako datuekin jito-mapak egingo dituzte ondoren zaborra jaso ahal izateko.

Ulysses Rivers-ek, berriz, ibaitik itsasora bidean plastikoen fluxuak ulertzea du helburu, horiek metatzen diren puntu kritikoak atzemanez. Ulysses School-ek eta Ulysses Experience-k hezkuntza jarduera eta erakusketa elkarreragileen bidez, ingurumenarekiko kontzientzia eta hura babesteko konpromisoa sustatzen dute. Azkenik, Ulysses Circle-k ekonomia zirkularra sustatzen du murriztu, berrerabili, birziklatu eta berreskuratu premisetatik abiatuta.

AZTIk urteak daramatza itsas ekosistemen dinamika, jasaten duen giza eragina, eta itsasoren onura baliotsuei buruzko ezagutza publikoa bultzatzen. Ulysses proiektuaren bidez, beste funtsezko zutabe bat gehitu du: itsas alfabetatzea. Ekimen honek zientzia ozeanikoak ekonomia eta politika jasangarri baten garapenean duen garrantzia nabarmentzen du, balio partekatuak ezarriz. Bestalde, Elecnor Deimos-ek AZTIk aurrera daraman lana osatzen du, satelite bidez itsasoko gailuen jarraipena eginez eta denbora errealean mapak sortuz, flota bistaratzeko eta itsasoko zaborraren lekualdatze ereduak sortzeko.