Iraitz Mateo

Gernika-Palestina eta Yala Nafarroaren mobilizatzeko deia «Europa konplizea izan ez dadin»

Momentu honetan Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak Palestinara bidaltzeko 71.136 euro dituztela jakinarazi dute, abenduan abiatu zuten elkartasun kanpainari esker. Bide batez, larunbat honetan Bilbon eta Iruñean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Agerraldia egin dute Yala Nafarroak eta Gernika-Palestinak.
Agerraldia egin dute Yala Nafarroak eta Gernika-Palestinak. (Gorka Rubio | FOKU)

Gernika-Palestina deialdi herritarrak eta Yala Nafarroak agerraldia egin dute ostegun goiz honetan Donostian. Bertan, abenduan abiatutako elkartasun kanpainan bildutako dirua nora bideratu duten eta oraindik 71.126 euro banatzeko dituztela azaltzeaz gain, larunbateko mobilizazioetarako dei egin dute, «Europa konplizea izan ez dadin oihukatu behar dugu».

Nekane Balluerkak arlo juridikoaren inguruko zenbait zehaztapen eman ditu hasteko. Israelgo presidente den Benjamin Netanyahuren aurkako prozesu guztiak zabalik daudela jakinarazi du, eta Palestinatik bertatik bultzatzen ari den kereila bultzatzen ari direla azaldu du, «arlo horretan ez dago nobedaderik, baina begi onez ikusten ditugu Nazioarteko Gorte Penalak emandako urrats guztiak».

Bestetik, urrian arlo juridikoaren inguruko jardunaldi batzuk egiteko asmoa dutela adierazi du. Eta «kezka handiz» ikusten dutela UNRWAren egoera, «gure babesa adierazi nahi diegu bertan dauden elkarte humanitario guztiei». Gaineratu du UNRWA bere «gaitasunen mugan» dagoela, jasotzen ari den erasoen eraginez. «Ahalegin guztiak gutxi dira eta nazioarteko presioa mobilizazioan oinarritzen da, horregatik garrantzi handikoak dira ekainaren 8an Bilbon eta Iruñean egingo diren mobilizazioak» esanez amaitu du.

Mundu Bat elkarteko Jone Bilbaok ‘Elkartasun Aktiboa’ kanpainaren bidez orain arte bildutako ekarpenen berri eman du. Apirilean azaldu zuten orotara 156.000 euro bildu zituztela, eta apirilean 35.000 euroko eta maiatzean beste 35.000 euroko bidalketak egin ostean, egun 71.136 euro dituztela banatzeke azaldu du: «Momentu honetan 23.569,16 euroko funtsa dugu Gernika-Palestinaren bizum kontuaren bidez helarazitakoak, eta 47.566,93 euro Yala Nadarroaren bidez».

Euskal Herriko 16 udaletxek jada ekarpena egin dutela esan dute, eta gainontzeok tokiko gobernuak palestinar herriaren aldeko «defentsa aktiboa» egiteko «eredu» izan daitezkeela nabrmendu dute.

Bideratutako dirua, goseteari aurre egiteko

Bilbaok azaldu du lehenengo 35.000 euroko bidalketa Union of Agricultural Work Committees UAWC elkarteari eta Union of Palestinian Woman Commitees, UPWCri egin zitzaiola. Eta maiatzean, beste 35.000 euroko bidalketa UAWC nekazal erakundeari zuzendu zitzaiola.

UAWCek Gernika-Palestinari igorritako zenbait datuen berri ere eman dute agerraldian: «Momentu honetan 40.000 pertsonatik gora hil edota desagarrarazi ditu Israeleko Estatu Sionista genozidak. Zaurituak, 70.000tik gora. Gazako azpiegiturak erabat suntsituak izaten ari dira, UAWCren bulegoa eta sukurtsalak barne».

Eta gaineratu dute oraintxe bertan arazo larrienetarikoa gosearena dela, «nazioarteko alarmak piztu behar dira», salatu dute. Izan ere, Gazako biztanleak dira egun munduan dagoen gosete handienari aurre egin behar diotenak Bilbaoren arabera.

Bestalde, UAWC elkarteak bideratutako dirua zertan darabilen argitu dute: ur edangarriaren 500 metro kubiko banatu dira, elikagai lehorren 400 paketa banatu dira eta barazkien 400 saski.

Amaitzeko, mobilizaziora deitzeko baliatu du unea Bilbaok ere: «Europar Hauteskundeen bezperako egunean, Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugu. Euskal Herriko herritarrei esaktzen diegu bertaratu daitezen, Bilbora eta Iruñara, denok batera Europari eska diezaiogun Israel genozidio amaitzera bultzatzeko betebeharra duela, bere esku dauden hartu beharreko neurri ekonomiko eta komertzial guztiak hartuz. Bakea eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea bermatu daitezen».