Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Goi mailako kirolarien lesiorik gogorrena: buru osasuna

Buru osasuna eta goi mailako kirola solasaren bidez elkartzea izan zuten helburu asteazken arratsaldean goi mailan ibilitako hiru kirolarik. Hitz egitearen garrantzia azpimarratu zuten, laguntza eskatzearena, eta goi mailako kirola ez dela sufrimenduaren sinonimo aldarrikatu.

Muñoz, Suarez,  Alberdi eta Otxoa moderatzailea, hitzaldian.
Muñoz, Suarez, Alberdi eta Otxoa moderatzailea, hitzaldian. (Jon Urbe | FOKU)

Kirolean gorputzari jarri izan zaio arreta guztia urteetan zehar, baina ikuspegia aldatzen ari da, eta gero eta arreta gehiago jartzen zaio buruari. Hori izan zuten asteazken arratsaldean hizpide Korner kultura eta futbol festibalaren barnean ‘(Des)equilibrio en la cima’ hitzaldian. Beldurra eta presioa behin baino gehiagotan aipatu ziren solasaldian zehar, eta baita zer gertatzen zitzaien ez ulertzearen eta aurrera egin beharraren ideia ere.

Uxue Otxoa psikologoaren eta gaien adituaren galderei erantzuten aritu ziren Aihen Muñoz (Etxauri, 1997), Carla Suarez (Kanaria Handia, 1988)  eta Markel Alberdi (Eibar, 1991) beraien istoria pertsonaletik, burua eta gorputza lotzeak duen garrantziaren inguruan. Eta batez ere, hitz egitearen ezinbestekotasunaz; izan ere, oraindik laguntza eskatu egin behar dela ohartarazi zuten, «eta laguntza eskatzeko, gaizki zaudela jakin behar duzu».

Muñoz Errealeko jokalaria da, bigarrenez belauneko lesio baten ondorioz geldirik dago, baina belaunak huts egin aurretik buruak egin zion huts, ez zuen disfrutatzen jada, beldurra zuen, baina eliteko kirolaria izateko pasa beharreko «bidesari» bat zela pentsatzen zuen; Imanol Ibarrondok, orduko Errealeko coachak ez zela horrela ohartarazi zion arte. Suarez tenislari profesional ohia da, tenisak ez zuen zoriontsu egiten, eta uzteko erabakia hartu zuen, 2020a azken urtea izango zuela iragarri zuen, baina lehendabizi pandemiak eta ondoren Hodgkin linfomak galerazi zioten azken agurra. Alberdi, goi mailako igeriketan ibiltzen zen, baina «buruak esan zion gelditzeko», antsietatea, lo egin ezina… goia jo zuen urteetako presioa tapatu eta aurrera jarraitzearen eraginez.

Pertsonalki buru osasuna lantzen hasi ziren arte ez zuten harreman handirik osasun menatalarekin, osasun fisikoak eragiten zituen haien eguneroko kezkak, Alberdik argi erantzun zuen, «niretzat osasun mentala ez zen existitzen». Behin burua landuta «disfrutatzearen eta sufritzearen arteko oreka» topatu daitekeela kontatu zuen Suarezek, eta Muñozek gehitu zuen norberaren barne ezagutzarako ere bide interesgarria dela, «pertsona hobea bihurtu zaitezke zentzu guztietan».

Barne ta kanpo presioak

Presioa, hori izaten da goi mailako kirolarien artean gehien sufritu behar izaten duten sintoma. Bakoitzak oso modu ezberdinean bizi izan zuen presioa, eta ondorio ezberdinak eragin zizkien. Barne eta kanpo presioak azaldu zituzten batik bat, eta presio horri nola kudeatzen den giltzarria da Muñozen ustez, «presioak min handia egin diezazuke, baina zuk nahi duzuna lortzera ere bultza zaitzake», azaldu zuen. Suarezek berehala heldu zion hari muturrari, eta helburuak ongi zehaztearen garrantzia azpimarratu zuen: «Helburu faltsu bat jartzen baduzu, hor bertan hasten zara zure burua zigortzen. Helburu errealak jarri behar dizkiozu zure buruari, bestela etengabe eroriko zara autosabotajeetan eta lortzen ez duzunaren minean».

Alberdik kontatu zuen berak presioa kudeatu beharrean isildu egin zuela, «eta hori ez da emozioak kudeatzea, hori karga bat gehiago jartzea da zure buruari, presio bat gehiago». Muñozek ere aitortu zuen bere buruari jarritako presioek egin ziotela kalte gehien: «Nik batetik afizioaren presioa nuen, eta bestetik nik nire buruari jartzen niona, zaleen zoriontasunaren ardura hartzen nuen nire gain, eta jendea zoriontsu egitea ez da hain erraza. Ez bagenuen irabazten, ez banuen golik sartzen, pentsatzen nuen gure zaleak ez zirela pozik egongo, eta hori ardura handia zen. Gero ikasi nuen gauza txikiak baloratzen eta erronka txikiagoak jartzen, pase on bat egitea edota taldekideekin hitz egitea».

 

Suarez: «Helburu errealak jarri behar dizkiozu zure buruari, bestela etengabe eroriko zara autosabotajeetan eta lortzen ez duzunaren minean»



Taldeko kirolean edota bakarkakoan arituta ezberdin kudeatu daitezke presio horiek. Hiru hizlarien iritziz «sintomak oso pertsonalak dira» hala ere. Taldeak partekatzeko aukera ematen dizu, baina aldi berean ardura bat ere bai Muñozen iritziz, «talde bat duzu eta horri ezin diozu huts egin». Suarezen ustez, kirol bakoitzaren zalegoan ere sumatzen da presioa egiteko joera handiagoa edo txikiagoa: «Futbolean adibidez taldea duzu, baina zelaira doan zalegoa oso adierazkorra da, oso erraz hitz egiten du eta oso erraz joko dizu txistu, ez dut uste igerileku batean edo tenis kantxa batean txistuka hasiko direnik».

Horri guztiari hedabide eta sare sozialen presioa gehitu behar zaie. Suarezek ez du sare sozialik erabili izan, eta komunikabideengandik «maitasun asko» gogoratzen du, kritikak ere izan zituen, baina azaldu zuen berak ere bazekiela zein partidutan jokatu zuen gaizki egunkaririk irakurri gabe, eta beraz ez ziotela min ematen. Alberdik aitortu zuen, igeriketari ez zaiola ez hedabideetan ez sare sozialetan gehiegi begiratzen eta ondorioz ez ziola bereziki eragiten horrek. Bai ordea Muñozi: «Partidu bakoitzaren ostean, nahiz eta partidua ez jokatu, Twitterreko bilatzailean Aihen Muñoz idazten nuen. Beti ikusi behar nuen jendeak zer esaten zuen nitaz, gaizki nengoen eta behar nuen irakurri besteen ustez ere txarra nintzela, asko eragiten zidan, baina partidu oste guztia pasatzen nuen Twitter eguneratzen zer jartzen zuten ikusteko; eta berdin zitzaidan lau anonimoren iritzia bazen ere, jakin behar nuen».

Beldurra, emozio blokeatzailea

Otxoa moderatzaileak beraien ibilbidean gehien sentitu duten emozioaren inguruan galdetu zien, modu batera edo bestera hirurek sumatutako sentimendua beldurrarena zela ondorioztatu zuten. Alberdi: «Nire kasuan hasieran motibazioa zen nagusia, baina gero eta gehiago obsesionatu hobetzearekin beldurra agertzen joan zen. Hala ere beldurra ez nuen ikusi nahi, ez nekien zer egin beldur horrekin, eta beldurrari irabazi nahi nion, baina ez beldur hori kudeatuz, baizik eta tapatuz. Eta hori ez da ona».

Muñozek ezegonkortasuna oroitzen du sentsazio gisa eta beldurrarekin lotu ondoren: «Beti izango da ezberdina partida bakoitza, hamaika hamaikaren aurka da beti, bai, baina zelaira ateratzen zaren bakoitzean ezberdina da. Ez dakizu zer pasatuko den, eta momentuan egin behar diozu aurre». Aitortu du «irabazteko errazak» ziren partiduetan pasatzen zuela okerren, orduan jartzen zela urdurien, «nola ez dut golik sartuko ba? zer pentsatuko dute nitaz?», pentsatzen zuela eta orduan blokeatzen zela.

 

Muñoz: «Partidu bakoitzaren ostean, Twitterreko bilatzailean Aihen Muñoz idazten nuen. Etengabe jakin behar nuen jendeak zer esaten zuen nitaz»


Suarezek oraindik gainditu ez duen arlo baten berri eman zuen, urduritasunarena. Horri aurre egiteko taldeari adieraztea oso garrantzitsua iruditzen zaio, beti ez zegoela urduri, baina jartzen zenean oso zaila egiten ziola bere burua kontrolatu eta zentratzea aitortu zuen. Alberdik kontatu zuen berak inoizko denborarik onena inporta ez zitzaion leihaketa batean lortu zuela, urduritasunik ez zuelako.

Desirarekin konektatzea

Otxoa psikologoaren ustez, garrantzitsua da goi mailako kirolarien artean, zergatik hasi ziren kirol horretan gogoratzea, beraien barruarekin konektatzea eta tarteka galderak pausatzea: Nola aldatu da maitemindu nintzen kirolarekin dudan harremana? Hasierako disfrutea non dago?

Hizlari bakoitzak berak nola bizi izan duen bizitzan zehar konexio hori kontatu zuen. «Niri igeriketa gustatzen zitzaidan, baina batez ere nire burua gainditzea gustatzen zitzaidan, horrek lotu ninduen. Gehiago eta gehiago eta gehiago, eta horrela asko disfrutatu dut, fruituak ere iritsi zitzaizkididan, baina gehiago eta gehiago horrek muga bat du; ni exijenteegia nintzen», azaldu zuen Alberdik.

Alberdi: «Niri igeriketa gustatzen zitzaidan, baina batez ere nire burua gainditzea gustatzen zitzaidan, horrek lotu ninduen»


Muñozek zelain disfrutatzen du gehien, baina ongi ez zegoenean gorputzak «bizirauteko» alde bati bakarrik begiratzen ziola kontatu zuen, «ikusten nuen bakarra zen kritikatzen nindutela, entrenatzaileak ez zidala ateratzen…». Lanketa baten ostean, alderdi horiei aurre egiten eta berriro ere «umetako sentsazioarekin konektatzen» ikasi du. Suarezek disfrutatzen jarraitzeko erronka txikien garrantzia azpimarratu zuen: «Ni telebista ikusiz maitemindu nintzen tenisarekin. Goi mailara iristeko ametsa nuen, eta edozertarako prest nintzen ametsa bete zedin. Baina behin lortuta erronka txikiak jarri behar dituzu difrutatzen jarraitzeko, bestela erori egongo zara edo zure hurrengo helburuak handiegiak izango dira».

Sufrimenduak gain hartuz gero, zerbait gaizki dagoela ohartarazi zuten aho batez. Eta beraz, laguntza eskatzeko aldarria egin zuten, «eskatu dezagun laguntza, eta batez ere hitz egin dezagun lasai eta zabal buru osasunaz».