Maite Ubiria
Entrevue
Jean Tellechea
'Ekologia Baikorra eta Lurraldeak' zerrendaren hautagaia

«Ekologia zaintzea ezinbestekoa da; zentzurik ez duten arauekin jendea itotzea, ordea, ez»

Hirugarren aldia da Jean Tellechea europar hautagai dela. Lehenengo bietan EAJ-PNBren izenean lehiatu zen, oraingoan «lurralde eta zerumuga ezberdinetatik» heldutako eragileen eskutik eratutako 'Ekologia Baikorra eta Lurraldeak' hautagaitzak hirugarren postuan kokatu du hautetsi urruñarra.

Jean Tellechea, 'Ekologia Baikorra eta Lurraldeak' zerrendaren hautagaia
Jean Tellechea, 'Ekologia Baikorra eta Lurraldeak' zerrendaren hautagaia (Guillaume FAUVEAU)

Ile-de-France eskualdeko presidente-ordea eta trantsizio ekologikorako arduradun den Yann Wehrling buru duen 'Ekologia Baikorra eta Lurraldeak' ('Ecologie Positive et territoires,', frantsesez) hautagaitzarekin parte hartuko du ekainaren 9ko bozetan EAJ-PNBk.

Orotara zortzi bat ordezkari jeltzale barne izanen ditu Herri Batuen Federakuntzaren baitan jarduten duten Okzitania Bastir, Alderdi Bretoia, Lorreineko Alderdia, Okzitania Aberriaren Alderdia eta Prouvènço Nacioun alderdien babesa ere jaso duen aipaturiko hautagaitzak.

«Programa denon artean eratu dugu, eta hauteskundeak igarota ere sinistuta nago elkarlanak jarraituko duela», azaldu du Jean Tellecheak NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan.

Nola heldu da EAJ-PNB Ile-de-France eskualdeko ordezkari bat buru duen hautagaitzaren parte izatera?

Bi urte baino gehiago dira gure bidaia hasi zenetik. Estrasburgen, Lyonen, Marseilan, Parisen... Itzulia egin genuen, entzuteko, esperientziak trukatzeko, eta horren emaitza da hautagaitza.

Regions et Peuples Solidaires (RPS) federazioaren eremutik zeharo aldendu zarete.

Aspalditik ez ginen eroso sentitzen. Alde batetik, RPSk ekologistekin errepikatu dituelako akordioak eta, argi mintzatuz, inoiz ez dugulako sentitu Europe Ecologie-Les Verts gurekin batera zerbait berria sortzeko interesa zutenik. Oso paristarrak dira berdeak! Horretaz gain, gero eta ezkerrerago jo du federazioak. Pentsa, PRG (Parti Radical de Gauche) alderdiarekin lotu dira orain.

«RPS federazioan aspalditik ez ginen eroso sentitzen. Oso paristarrak dira berdeak! Eta gero eta ezkerrerago jo du federazioak»

 

Pariseko Ile-de-Franceko eskualdean bere ibilbidea egin duen Yann Wehrling izanen da, ordea, zuen hautagaitza berriaren burua.

Alsaziarra da, zentrista, eta ekologia baikorraren sustatzailea da.

Ekologia baikorra aldarrikaturik beste ekologia mota bat dagoela, agian ahalegin handiagoak galdetzen dituelako ezeroso bilakatu dena, aditzera eman nahi duzue?

Kanpaina honetan txirrindula bira egin dugu Larrainetik hasi eta Iruneraino. Jende askorekin, hautetsiekin, ekoizleekin, langileekin hitz egiteko parada ukan dugu. Europako erronkak aipatu eta horietako askok hauxe erran digute: «Nik lasai nahi dut lan egin, hainbeste papera bete behar izan gabe». Ekologia ezin da alderdi edo ideologia zehatz batekin lotu. Zeharkako afera bat da, denok badugu zer egin erronka klimatikoari aurre egiteko. Baina arauak konpartitu behar dira.

Burujabetza energetikoa aldarri, frantziar eredu nuklearraren berpiztea xerkatzen du Emmanuel Macronek. Energia atomikoa bateragarria da ekologia baikorrarekin?

Estatu frantsesak kanpotik ekartzen ditu mahaigainean emana duzun zure ordenagailu portatil hori eta biok piztuta ditugun telefonoak. Bederen haien osagaiak, bai. Alta, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketaren bilakaera neurtzeko orduan ez da produktu horiek ekoiztu dituen herrialdearen jarduera aintzat hartzen. Horrek ahalbideratzen du estatistiken hobekuntza bat irudikatzea. Baina errealitatea da behar dugula ekoizteko gaitasuna, gure jarduera industria, berreskuratu. Gure energia kontsumoari begiratuta, galdera da: Nola egingo dugu hori? Energia kontsumoa murriztea eta energia berriztagarriak bultzatzea ongi da, horren aldekoak gara, baina isurketak benetan murrizteko nuklearra ezin da baztertu.

Erreaktore nuklear txikiekin nahi du berritu Macronek oso zaharkituta dagoen frantziar parke atomikoa. Egitasmoa balekoa da zuretzat?

Zalantzak ditut. Ez dakit zenbakiek emanen dituzten.

Segurtasunaren ikuspuntua alboratu gabe, energia atomikoa oso garestia da.

Frantziak duen eskarmentua begiratuta, eredu nuklear tradizionalak bere emaitzak erakutsi dituela esango nuke. Irtenbideetako bat da. Edozein bidea hautatuko dela epeak eta gainditu beharreko oztopoak ez dira txikiak izanen. Europa mailako plan batean aztertu beharko zen gaia. Burujabetza energetikoari buruzko erronka maila horretan behar delako hausnartu.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko gune hidroelektrikoen kudeatzaileak ez dira kontent.

Bankan ginela ez hankarik ez bururik ez duen zentral hidroelektrikoei ezarritako arautegiak sortzen duen arazoa bertatik bertara ezagutzeko parada ukan dugu. Klimaren zaintza hartzea ezinbestekoa da, baina zentzurik ez duten arauekin jendea itotzea ez da onargarria.

Zure hitzek bat egiten dute muga moztu duten laborarien arrangurekin. Tonuan behintzat.

Ez guztiz. Arriskutsua da erantzukizunak eskatzeko orduan behar ez den tokira begiratzea. Osasuna eta lurra zaintzeko arauak beharrezkoak dira. Ezin da dena zalantzan eman. Beste kontua da justizia: ezin da onartu kanpotik heldutako mozkinak gure ekoizleenak baino kontrol lausoagoak izatea. Horretan sakoneko arazoa dago.

A63aren bidez garraiatzen den merkantzia kopuru andanari loturiko kutsadura maila handia pairatzen duen herrian, Biriarun, abian eman zenuten hauteskunde kanpaina. Burdinbidearen 'Marshall Plan' moduko bat aldarrikatu duzue zuen programan.

Etorkizuna hori da. Ez dago besterik. Baiona eta Donibane Garazi artean dagoen tren zerbitzua ez da nahikoa biztanleriaren beharrak betetzeko. AHTri dagokionez, zer esan...

Ahal da esan, adibidez, merkantziak garraiatzeko ez lukeela balio Ipar Euskal Herria zeharkatuz Irunera abiatuko litzatekeen AHT linea berriak.

Aita gaixorik zela, AHTren linea berria gure etxe paretik pasarazi nahi zutela jakin zuenean haserre bizia agertu zitzaidan: 'Gure etxeak defendatu ere ez dakizue!', bota zidan. Kexu zen hautetsiekin. A63 autopistan errailak gehitu ondoren AHT linea berria ere pasarazi nahi dute Urruñatik. Gehiegikeria. Gauzak ondo gogoetatu behar dira. Trena da etorkizuna baina behar dira gauzak pentsatu. Horregatik, Europa mailan, burdinbidearen aldeko egitasmoa galdetzen dugu.

«AHTren linea berria gure etxe paretik pasarazi nahi zutela jakin zuenean haserre bizia agertu zitzaidan: 'Gure etxeak defendatu ere ez dakizue!', bota zidan. Kexu zen hautetsiekin»

 

Defizit demokratikoa duen Europar Batasunari nola egin ahal zaio konfidantza?

Alde batetik, bai, nahi genuke euskal herritarrak Europarekin berriro ere adiskidetu. Badakigu ez dela erreza, baina horretarako behar da demokrazia sustatu eta behar da, nola ez, lurralde eta herrien neurrira europar egitasmoak garatu. Europar Batasuneko goi funtzionarioekin hitz eginez hauxe galdetu diegu: ameslariak gara Europako Konstituzio bat aldarrikatzeagatik? Denboraren kontua dela erantzun digute, EBren baitan aldaketek luze jotzen dutelako. Izan ere, benetako europear demokrazia ahalbideratuko lukeen Konstituzioa premiazkoa dela aitortu ziguten. Beraz, igandeko bozak igarota ere, jarraituko dugu horren alde lan egiten. Baita amets egiten ere.