NAIZ

Erlaitzeko errepidea berriz irekia, hiru asteko itxiera esperimentalari buruzko bilanaren zain

Gaur eguerditik aitzin irekia izanen da Hendaia eta Zokoa arteko erlaitzeko errepidea. Hiru astez hetsi dute, kostako higadurari buruz azterketak egin eta bidearen balizko behin-betiko desagertzeak eskualdeko mugikortasunean sortuko lituzkeen ondorioak neurtzeko.

Kostako higadurak, hala nola mugikortasunean izan ditzakeen ondorioak neurtzeko baliatu dute erlaitzeko errepidearen behin-behineko itxiera.
Kostako higadurak, hala nola mugikortasunean izan ditzakeen ondorioak neurtzeko baliatu dute erlaitzeko errepidearen behin-behineko itxiera. (Patxi BELTZAIZ)

Joan zen maiatzaren 21ean itxi zuten Hendaia eta Ziburu artean igarotzen den RD912 errepidea. Hiru astez, autozaleek bide alternatiboak xerkatu behar izan dituzte, edota garraio publikoaren aukerak jorratu, eguneroko mugikortasun ohiturak aldatuz. Ostiral honetan, eguerditik goiti, batez beste 9.000 eta 16.000 auto egunero hartzen duen erlaitzeko errepidea berriz ere irekia izanen da.

Biriatu, Ziburu, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohizuneko udaletako ordezkariek parte hartu zuten Estatuaren, Pirinio Atlantikoko Departamenduaren, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Mugikortasun Sindikatuaren arduradunekin batera kostako bidean itxiera esperimentala plantan emateko erabakia hartu zen bileran.

Behin egitasmoa bukatuta, haien esku izanen da bilana aurkeztea. Dagoeneko lehenengo oharrak heldu dira. Hala, Hendaiako Herriko Etxeak baieztatu du 200 bat kexa jaso dituela. Itxiera erabaki zenetik herritarrei aukera eman zitzaielako haien oharrak helarazteko.

Era berean, hondartza auzoko dendarien esanetan haien salmentak %30 gutxitu direla kostako errepidea itxita izan den denboran mahaigainean jarri du Kotte Ezenarro auzapez sozialista buru duen erakundeak 'France Bleu Euskal Herri' irratiak jaso duen albistearen arabera.

Erlaitzeko errepidearen inguruan bizi diren herritarrek kezkaz hartu dute eguneroko joan-jinetan eragin handia izanen duen errepidearen itxierak eta beldur dira ea ez duten betirako bidea itxiko.

Herritarrek nola jokatu dute bidea itxita izan den bitartean? Behin-behineko bilanek diotenez, D810 errepide departamentalean trafiko hazkunde handia izan da.

Baieztapen ofizialaren zain, batez beste %30-40 emendatu dela bide nagusi horretan trafikoa aitortu dute departamendu aeduradunek. Horrek zeharo astunagoa bilakatu du trafikoa, tarteka auto pilaketa luzeak eraginez, bereziki Urruña parean.

Bide txikietan, delako Glaziarraren errepidean zein Gandorren Bidean, ohi baino auto gehiago ibili direlako kexu azaldu dira auzo horietan bizi diren lagunak.

Norberaren perzepzioaren haragi, kostako errepidea haien eguneroko joan-jinetan baliatzen duten herritarrek nola egokitu diren itxierari aztertzeko hamarnaka zenbaketa pundu eman dituzte inguruko errepideetan.

Bildutako datu horien azterketak informazio zehatzagoa emanen du ondoko asteotan.

Errepidea aisialdirako eremua bilakaturik

Itxierak iraundu duen denboran beste fenomenoa gertatu da. Itsas gaineko panorama ederra eskaintzen duen errepidea hutsik zela probestuta, txirrindulaz, oinez, zaldiaz edo lasterkaz egiteko eremu bilakatu dute errepidea hainbat herritarrek.

Egoera horretan, itxieraren lehenengo astea bete ondoren, erakundeek oharra plazaratu zuten Erlaitzeko bidea baliatzeko debekua ez zituela autozaleak bakarrik hunkitzen oroitarazteko. Baita debekua errespetatzen ez zuen orok isuna jaso zezakeela jakinarazteko.