Ekainaren 9ko hauteskunde egunaren eta gauaren jarraipen berezia egingo du NAIZek igande honetan. Hauteslekuak ireki orduko –goizeko 8.00etan Ipar Euskal Herrian eta 9.00etan Hego Euskal Herrian– hasiko dugu zuzeneko kontakizuna, gurean nahiz beste herrialdeetan egunak ematen duena, parte-hartze datuak eta bestelako gorabeherak laburbilduz.
Hautetsontziak 18.00etan itxiko dira Bidasoaren iparraldean eta 20.00etan hegoaldean. Ordutik aurrera kontaketa luzea espero da eta emaitzak beste hauteskunde batzuetan baino beranduago jakinaraziko dituzte, 23.00etatik aurrera, hori bai, ordurako portzentaia oso altuan espero dira. NAIZek webgune berezia prestatu du emaitza guztiekin eta publiko egin ahala denbora errealean kontsutatu ahal izango dira.
Euskal Herri osoko emaitzak ez ezik, espainiar eta frantziar estatuetakoak ere jasoko ditugu, eta Europako Batasuneko panorama orokorraren berri ere emango dugu.
Gureari begiratuta, alderdi nagusien erreakzioak ere jarraituko ditugu. EH Bilduk Iruñeko Catedral hotelean igaroko du hauteskunde gaua, eta EAJk, aldiz, Sabin Etxean, Bilbon.
GARAk ere hauteskunde egunaren eta emaitzen informazio zabala jasoko du astelehenean, papereko edizioan.
NAIZ Irratian saio berezia, 20.00etatik aurrera
NAIZ Irratian, berriz, saio berezia egingo dute arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Emaitzak atera ahala haiek baloratuz ariko dira Oinatz Aizpuruk eta Oihana Azkuek gidatuko duten saioan Eguzki Urteaga soziologoa, Maider Galardi eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak.
Europako hauteskunde hauek dituzten gako guztiak landuko dituzte: naziorik gabeko estatuen protagonismoa, euskal alderdien aliantzak, ultraeskuinaren agenda, Europaren gaur egungo testuingurua... Hauek aztertzeko analisi mahaira batuko dira NAIZeko Iker Bizkarguenaga, Beñat Zaldua eta Ibai Azparren.
‘Mediabask’-etik Ipar Euskal Herriko eta frantziar Estatuko egoera lantzeko Goizeder Taberna izango da. Bestalde, Kataluniako hauteskundeak pasa berritan, Ander Errasti Bartzelonako Unibertsitateko etika, filosofia eta politikan doktore denak lagunduko die agertokia ulertzen. Alderdi politikoetako ordezkariak ere irratian sartzen joango dira saioak aurrera egin ahala.
Hau guztia FM bidez, Interneteko streamingetik edota youtubeko plataformatik zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da NAIZ Irratian.