NAIZ
Bilbo

Osakidetzako emaginen egoera salatu eta zerbitzuan dituen ondorioez ohartarazi dute sindikatuek

Osakidetzako emaginen lan baldintzek okerrera egin dutela salatu dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAE sindikatuek, eta horrek emakumeei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean dituen ondorioez ohartarazi dute. Elkarretaratzea egin dute Bilbon, Osasun Sailaren aurrean.

Emaginen egoera salatzeko Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten sindikatuek.
Emaginen egoera salatzeko Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten sindikatuek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAE sindikatuek elkarretaratzea egin zuten ostegun arratsaldean Bilbon, Lakuako Gobernuaren Osasun Sailak duen egoitzaren aurrean, Osakidetzako emaginen lan baldintza prekarioez ohartarazi eta, bereziki, Barrualde-Galdakao ESIko osasun zentroetan bizi duten egoera salatzeko.

Azaldu zutenez, Osakidetzako emaginen egoerak «urtez urte okerrera egin du, plantillan egiturazko hutsuena baitago Osakidetzak eskaintzen dituen lan baldintza eskasen ondorioz». Hori horrela, «hutsuneak ez dira betetzen eta egoera are gehiago okertzen du horrek».

Sindikatuen arabera, ekainaren 3ko mahai sektorialean «agerian geratu zen Osakidetzak planteatzen duen irtenbide bakarra dela ordutegiak murriztea eta osasun zentroak ixtea, egiturazko gabezien eta plangintza faltaren aurrean».

Hala, Osakidetzak «ez du bermatzen Lehen Arretako zentroak ekipo osoekin irekiko direnik, eta emaginen falta oso adibide argia da». Horrek, ohartarazi dute, «arrisku larrian jartzen ditu bai langileak, bai emakume erabiltzaileak».

Are gehiago, sindikatuen arabera emaginen faltaren arazoa «larriagotu egin daiteke Osakidetzak une honetan irekita dituen prozesuekin, beste ESI batzuetara lekualdatu daitezkeelako eta plaza huts gehiago gera daitezkeelako».

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAEk diotenez, Barrualde-Galdakao ESIko emaginen plantillak lan baldintzen prekarizazioa nabarmendu eta horrek langileen arrisku psikosozialetan duen «eragin negatiboa» azpimarratu du, «baita emakume erabiltzaileen eskubideetan ere».

«Ez dira langileak ordezkatzen, emaginen agendak ixten dira eta ondorioz, hainbat eginkizun egin gabe geratzen dira edo atzeratu egin behar dira: ama hezkuntzako taldeak, zoru pelbikoa, zerbixaren baheketa, menopausia kontsultak, familia plangintza eta kontrazepzioa bezalako probak...».

Horregatik guztiagatik, sindikatuek Osakidetzari eta Barrualde-Galdakao ESIari eskatu diote emaginen lan baldintzak hobetu ditzatela eta «une honetan dauden absentzia guztiak bete» ditzatela.

«Bakarrik horrela bermatu ahal izango da emakume erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua ematen zaiela», nabarmendu dute. Egoera konpondu ezean, mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute.