Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Armen erakusketa Guardia Zibilaren kuartelean, «normalizazio demokratiko eta zibikoaren isla»?

Ate irekien jardunaldia izan da larunbat honetan Guardia Zibilak Gasteizko Sansomendi auzoan duen kuartelean. Armak ikusi eta ukitu ahal izan dituzte herritarrek. Marisol Garmendiaren esanetan, «normalizazio demokratiko eta zibikoa islatzen du» gaurko ekimena.

Sansomendin egindako jardunaldiaren argazkia.
Sansomendin egindako jardunaldiaren argazkia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Larunbat honetan ate irekien jardunaldia izan da Guardia Zibilak Gasteizko Sansomendi auzoan duen kuartelean. Bertara hurbildu direnek ikusi eta ukitu ahal izan dituzte agenteek erabilitako armak, eta hainbat erakustaldi izan dira.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariaren esanetan, «mugarri historikoa» da gaurkoa. Haren ustez, «bizi dugun normalizazio demokratiko eta zibikoa islatzen du, eta normaltasun osoz hartu behar da».

Baina, zer da «normalizazio demokratiko eta zibikoa isla»? Armen erakusketa? Iraganeko argazkiak jasotzen dituen kartel erraldoia? Euskal Herrian ezagunak diren Ekintza Azkarreko Taldeko (GAR) agenteen parte hartzea?

Aste honetan, ate irekien jardunaldia aurkezteko egindako agerraldian, Garmendiak «hezkuntza-esperientzia ludiko» bat zela esan zuen, eta goraipatu zuen Guardia Zibilaren lana, euskal gizartean «zeregin nabarmena» betetzen dutela adieraziz.

Ez zituen aipatu ordea Guardia Zibilari leporatutako torturak, 1.792 kasu EAEko KREIren lehen txostenean arabera eta 300 baino gehiago Nafarroan. Larunbat honetan Altsasun izan den ‘Arg(h)itzen’ dokumentalaren aurkezpenean bildu direnek ez dituzte datu horiek ahaztuko.