NAIZ

Mirian Arraiza eta Enara Gaminde dira Nafarroako Foru Torneoaren txapeldunak

Leporaino bete den Iruñeko Labrit pilotalekuan 10-22 menderatu dituzte Leire Garai eta Itxaso Erasun. Aurrelari arabarrak belaunean hartutako kolpeak baldintzatu du finala, nahiz eta benetako aldea atzean egon den. Ados Pilotaren Udaberri Torneoan, berriz, Kukuprakak taldea nagusitu da.

Arraiza-Gaminde txapeldunak, garaipena ospatzen.
Arraiza-Gaminde txapeldunak, garaipena ospatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Mirian Arraiza eta Enara Gaminde dira Nafarroako Foru Komunitate Torneoaren txapeldun berriak, finalean Leire Garai eta Itxaso Erasun 10-22 menderatu ostean. Laugarren edizioa izan da aurtengoa eta Iruñeko Labrit pilotalekua txiki geratu da finalak bertatik bertara ikusi nahi zuen pilotazale kopuru handiarentzat.

Pilota mistoko maila nagusian, Arraizak eta Gamindek faboritotzat jotzen zituzten pronostikoak bete dituzte. Hori bai, finala Leire Garai aurrelari arabarrak belaunean hartu duen kolpe batek baldintzatu du. Zabalera joan behar izan duen jokaldi batean hartu du kolpea, eta une horretatik aurrera ezin izan du bere mailarik onena eman. Pena handia izan da, Garai sasoi ezin hobean iristen baitzen final honetara.

Hala ere, onartu behar da partida batez ere atzean hautsi dela, Enara Gamindek erakutsitako sendotasun eta seriotasunagatik. Beste behin, bizkaitarrak egungo atzelaririk boteretsuena dela berretsi du. Itxaso Erasun saiatu da Laukizkoaren joari aurre egiten, baina Gaminde askoz gehiago izan da atzeko koadroetan. Mirian Arraizak dena alde zuela jokatu ahal izan du beraz, eta asko luzitu du aurreko jokoan bere atzelariak irekitako zuloei esker.

Finalista guztiak ateratako familia argazkia (Idoia ZABALETA / FOKU)

Beste mailetako finaletan, hauexek izan dira emaitzak: Lide Muruak eta Amaia Arrastiak 5-18 menderatu dituzte June Urrutikoetxea eta Amaia Zarrabeitia pilota mistoko promesa mailan; Alize Sagarduik eta Uxue Gomezek 8-18 irabazi dute Onintza Galdos eta Naia Zelaiaren aurka pilota mistoko gazte mailan; eta Ariztimuño-Saenz bikotea 6-18 gailendu da Zumeta-Martinezen kontra pilota goxoko finalean.

Behin esku-huskako txapelketa amaituta, paletako pilotarien txanda iritsiko da.

Udaberri Torneoaren finala Azpeitian

Kukuprakak taldea izan da Ados Pilotaren Udaberri Torneoaren irabazlea. Larunbatean Azpeitiako frontoi txikian jokatutako finalean Mitxoletak taldea menderatu zuen, jokatutako bi partidak irabazita, gainera.

Finala ireki zuen Lau eta Erdiko finalean, Ainhoa Ruiz de Infante 12-18 nagusitu zen Olatz Ruiz de Larramendiren kontra. Asko nabaritu zen aurrelariaren eta atzelariaren arteko aldea kaiola barruan jokatzeko garaian, eta Ruiz de Infantek zukua atera zion errematerako duen trebetasunari.

Ainhoa Ruiz de Infante, kaiolako deman pilota astintzen (Andoni CANELLADA / FOKU)

Emaitza horren ostean, Mitxoleten taldeko Iturriagak eta Mendiburuk 16 tantoan utzi behar zituzten Etxekolonea eta Mujika txapelak jantzi ahal izateko. Gogotik saiatu ziren gorriak, eta binakako partida ederra atera zen, baina azkenean 20-22 galdu eta amore eman behar izan zuten.

Horrenbestez, Ainhoa Ruiz de Infantek, Naroa Elizalde Etxekoloneak eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikak osatutako Kukuprakak taldea izan da bigarrenez irabazle, Sebastian Lizaso bertsolaria lagun izan dutela.