Astindu galanta jaso zuen atzo Emmanuel Macron presidente frantsesak. Rassemblement National (RN) eskuin muturreko alderdiak aurreikuspenak bete eta inoiz eskuratutako garaipenik argiena lortu zuen, aurkarien botoak aise bikoiztuz. %90,5 zenbatuta zegoela, zazpi milioi bototik gora eta hautesleen %33,6ren babesa jaso zuen Marine Le Penen alderdiak. 30 eurodiputatu inguru. Alemaniako CDUrekin batera, Europako Parlamentuan eserleku gehien ukanen dituen alderdia izanen da.
Pedro Sanchezek iaz udal hauteskundeak galdu eta gero egin zuen mugimendua gogoan hartuta, agian, Macronek eman zuen gaueko lehenengo albistea: Asanblea Nazionala desegin eta hauteskunde legegileetara deitu zuen. Ekainaren 30ean eginen dute lehenengo itzulia, eta uztailaren 7an, bigarrena. «Zuen mezua entzun dut, zuen kezkak, eta ez ditut erantzunik gabe utziko», esan zuen presidenteak.
Izan ere, urrun, oso urrun, geratu zen Macronen hautagaia, Valerie Hayer. Hiru miloi boto inguru (%14,2) eta 14 parlamentari, gaur egun baino bederatzi gutxiago. Renew talde liberalari, EAJren taldeari, motorra matxuratu zaio.
Presidentearen porrot zuzena da emaitza, pertsonalki inplikatu baita kanpainan, neutraltasun instituzionala alboratuta. Normandiako lehorreratzearen urteurrena ekitaldi politiko bilakatu zuen, eta azken asteetan nazioarteko agenda zabala izan du: Alemaniara estatu bidaia egin du eta Xi Jinping eta Joe Biden Txina eta AEBetako presidenteen bisita jaso du. Alferrik.
Lehenengo inkesten berri izan bezain laster, Marine Le Pen harro agertu zen hedabideen aurrean: «Boterea jasotzeko prest gaude». Bere hautagai Jordan Bardellak -lehen ministro bezala nahiko luke RNek- azken hamarkadetako garaipen zabalena erdietsi zuen, gainerako aurkarien botoak bikoiztuz.
SOZIALISTAK, HURBIL; BERDEAK, DESAGERTUTA
Hirugarren tokian Parti Socialiste buru duen Réveiller L’Europe hautagaitza geratu zen, 2019ko botoak bikoiztuz. Botoen %13 eta 13 eserleku erdietsi zituen Raphaël Glucksmann buru zuen zerrendak. 2019an baino zazpi parlamentari gehiago.
Jean Luc Melenchonen La France Insoumisek laugarren postura jauzi egin zuen, aurrekoetatik urrun, edonola. Botoen %8 eta zortzi parlamentari, orain baino bi gehiago.
François-Bellamyk gidatzen zuen France Entièrek (Les Republicains eskuin tradizionala barne hartzen duenak) botoen %6,9 eta sei eserleku lortu zituen atzo, aurreko legealdian baino bi gutxiago.
Berdeek emaitza kaskarrak erdietsi zituzten. 2019an hirugarren indarra izan ziren, botoen %13,5arekin eta 13 eurodiputaturekin. Atzo, aldiz, %4,9 eta 5 eserleku baino ez zituzten eskuratu -13 zituen-.
Berdeen aurretik geratu zen eskuin muturreko Reconquête ere, botoen %5,3rekin eta beste 5 eserlekurekin.