NAIZ

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Lakuako Gobernuak

Lakuako Gobernuak bertsolaritza babes bereziko ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du astearte honetan izan den Gobernu Kontseiluan. 2018an Nafarroan eta 2022an Ipar Euskal herrian ere izendatu ostean, Euskal Herri osoan du aitortua izaera hori.

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.
2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bertsolaritzak babes bereziko kultur ondasun immaterial izendapena izango du aurrerantzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Lakuako Gobernuak astearte honetan egindako Gobernu Kontseiluan onartu duen dekretuaren bidez.

Honekin, Euskal Herri osoan izango du izendapen berezi hau bertsolaritzak, 2018an Nafarroan izaera hori aitortu zitzaiolako eta 2022an Ipar Euskal Herrian. Lakuak babes bereziko ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza eta izendapen ofiziala gutxi barru egingo dute.

Bertsozale Elkarteak ohar batean adierazi duenez, Lakuak emandako urrats hau «komunitate oso baten lanari esker lortu da eta horren errekonozimendua da izendapena».

Halaber, «balio handiko ondare» dela nabarmendu dute, «belaunaldiz belaunaldi helarazia, komunitateei identitate sentimendua ematen diena, eta kultura aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen duena».

Izendapenaz gain, babesteko neurriak ere aitortzen zaizkio bertsolaritzari; besteak beste, komunikazio eta publizitate kanpainak, prestakuntza programak edota beste administrazio batzuekiko hitzarmenak. Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoarekin akordioak ere aipatzen dira.

2020tik

Unescoren Kultura Ondare Immateriala babesteko 2023ko Konbentzioarekin, kultur ondare immaterialarekin inbentarioa egiteko eta jendearen esku jartzeko prozesua gomendatzen da. Konbentzio horretan oinarrituta, administrazio bakoitzak bere legeria garatu du, eta horren baitan egin du eskaera Bertsozale Elkarteak eta eskuratu du izendapena.

Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduradunaren esanetan, 2020an egin zioten orain onartu duen eskaera Lakuari. Gaineratu duenez, «bertsolaritza arte diziplina bezala ez da jendearengaindik eta mugimenduarengandik isolatuta dagoen gauza bat, horri lotuta garatu da eta garatzen jarraitzen du».

Ainhoa Urien Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidearen hitzetan, ez da «besterik gabe datorren izendapen bat» eta lanaren aitorpena eta balidazioa dela uste du. «Ondare hori immateriala bai baina mugiezina ez dadin izan mugimendu oso bati egindako aitortza da eta ondarea bera ere mugimenduan» egongo dela gaineratu du.

Aurrera begira ere elkarteari suposatuko diona da bertsolaritzaren mugimendu guztiari leial izaten jarraitzea eta elkarteak egin ditzakeen ekarpenak administrazioekin, eragileekin eta bestelakoekin harremanak izatea. «Espero dugu izendapen honek harreman horiek erraztuko dituela eta baliabide sorta gehiago ere ekarriko dizkigula», adierazi du Urienek, «oso egoera larrian» dagoen hizkuntza batean egiten den jarduera dela gogoraraziz.