Graduondokoen eskaintzan euskara indartzea, hizkuntzaren erabilera soziala eta digitalizazioa dira astearte honetatik 2027ra arte EHUn indarrean egongo den Euskararen laugarren Plan Gidariaren helburu nagusiak.
Eva Ferreira errektorearen hitzetan, «euskal unibertsitate publikoak berebiziko lana egin du euskarak bere lekua izan dezan zientzian, teknologian, osasun zientzietan edo gizarte zientzietan». Plan berri honen bidez, zeregin hori indartu ez ezik, helburuak ere zabaldu nahi dituztela esan du, eta beren ekarpena egin euskaren normalizazioari, lan munduan, aisialdian eta hedabideetan.
Prestakuntzaren ardatzean, «lehentasun gisa» ezarri dute euskarazko graduak bermatzea, bereziki azpimarratuz hautazko irakasgaien eskaintza zabaltzeko beharra. Medikuntzako graduak «jarraipen berezia» izango du. Graduondokoetan eta etengabeko prestakuntzan, master lanbideratzaileei erreparatuko diete, euskaraz egindako master amaierako lanak bultzatzen jarraituko dute, eta «neurri zehatzak» hartuko dituzte Esperientzia Geletan, gero eta handiagoa delako euskaraz ikasteko eskaria.
Doktore tesien erdia baino gehiago, nazioartekoak
Ikerketan eta Transferentzian, «euskal unibertsitate publikoaren lidergoa handitzea» dute helburu, «bai euskararen erabileraren normalizazioan, bai Euskal Herriaren garapen soziokulturalean». Beraz, euskaraz eginiko doktorego tesiak sustatzen jarraituko dute, «baina kontuan edukita gaur egun eleanitzak direla goi-mailako ikerketa eta ezagutza sorkuntza, ingelesa izanik nagusi. Horregatik, nazioarteko aipamena duten euskarazko doktorego tesiei bultzada emango zaie, atzerrian haien zabalkundea errazteko».
EHUn azken lau ikasturteetan euskaraz aurkeztu diren 256 doktorego tesietatik erdiak baino gehiago nazioartekoak izan dira.
«Zerbitzu hizkuntza unibertsitate jarduera osoan»
Kulturaren eta gizartearen ildoan, unibertsitateak erreferente izaten segitu nahi du materialgintzan eta euskarazko terminologiaren estandarizazioan. Jarduera akademikotik haratago, euskarazko kultur eduki oparoa eskaini eta, batez ere, euskararen erabilera bermatu nahi du zerbitzu hizkuntza gisa unibertsitate jarduera osoan. Erantsi dutenez, ahalegin berezia egingo dute tresna digitalen bidez euskarazko lana sustatzeko.
Azkenik, pertsonen ardatzean, EHUk «ahaleginak biderkatuko ditu bere langileak eta laguntzaileak euskalduntzeko eta hizkuntza maila hobetzen laguntzeko». Une honetan, %82,29koa da TEKAZEL (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) lanpostuen hizkuntza eskakizunen betetze maila. Irakasle-ikertzaileei dagokienez, %69,5 dira euskaraz irakasteko gai.
Iragarri dutenez, plan berriak «hainbat egitasmo» jarriko ditu martxan euskararen ezagutza hobetzeko hizkuntza eskakizunik gabeko irakasle-ikertzaileen artean. TEKAZEL langileei dagokienez, lanpostu ugari derrigortasun datak abian dauden hautaketa-prozesuak ebazteke daudenez, hizkuntza eskakizunak Enplegu Publikoaren Eskaintza amaitu ondoren egokituko dira.
Gaur egun, euskaraz ematen dira gradu eskaintzaren nahitaezko irakasgaien %96,5. Lanaldi osoko irakasleen plazen %70 elebidunak dira, eta irakasle elebidunen ehunekoa %66 da guztizkoari dagokionez.
LAB: «Plan hau ez da ez EHUk ez euskarak behar dutena»
LABen EHUko sail sindikala oso kezkatuta agertu da plan honen aurrean. «Guztiz eskasa, zehaztasun eta anbiziorik gabea» iritzi dio. LABek ez du aurrerapen esanguratsurik espero. Are gehiago, alderdi batzuetan egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du.
Planaren testua definitzeko prozesua «motela eta traketsa» izan dela azaldu du. «Sindikatuek egindako ekarpen gehienak ez dira kontuan hartu, ezta EHUko beste langile batzuenak ere», salatu du.
Euskalduntzeari lotuta, EHUk egun dauzkan arazo eta egoera batzuek «neurri ausartak, argiak eta eraginkorrak» eskatzen dituztela uste du. «Lau urteko ganorazko plan batek helburu bakoitzerako azpi-helburuak, ekintzak, egutegia, beharrezko baliabideak, hartzaileak, ardurak, aurrekontua... definituta izan beharko lituzke. Ordea, onartutako planak ez ditu baldintza horiek betetzen».
Adibidez, planak ez du neurririk zehazten euskaldundu gabe dauden graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskalduntzeko. Gauza bera hautazko irakasgaiekin.
Masterren kasuan, euskararen presentzia daukatenak martxan jarriko den planaren eraginkortasuna neurtzeko adierazle moduan erabiltzeko egindako eskaera atzera bota diote LABi. «Kontuan hartu behar da gaitze-masterretan (zenbait lanbidetarako sarbidea ahalbidetzen dutenetan) metatzen dela masterren euskarazko irakaskuntza gehiena. Beraz, EHUko master gehienek euskaren presentzia izan gabe jarraituko dute», gaineratu du.
Ingelesaren goraldia
Ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak ere kezka sortzen dio LABi. «Euskalduntzearen aldeko baliabideak nabarmen handitu eta irizpideak argi finkatu ezean, euskara galtzaile aterako da».
Bestalde, sindikatuaren ustez, euskara planak ez du bermatzen sortuko diren irakasle-laguntzaile, doktore zein agregatu eta titular plaza berrietarako C1 euskara eskakizuna behar izango denik, eta gero eta gehiago dira euskararik gabe onartzen direnak.
«Lanpostu elebidunetarako lehiaketetan probaren bat euskaraz egin behar izateko eskaera ez da onartua izan, ezta irakasle euskaldunen hizkuntza maila detektatzeko eta hobetzeko proposatutako beste neurri batzuk ere».
«Kanpoko enpresek campusetan ematen dituzten zerbitzuetan euskarazko arreta ziurtatzeko klausulak ez betetzekotan (kasu askotan gertatzen den moduan), neurriak hartzeari uko egin zaio plan berrian. Campusetan euskaraz aritu ohi direnak gaztelaniara pasatzera behartuta jarraituko dute maiz zerbitzu horiek erabiltzean», gaitzesi du LABek.
Honengatik guztiagatik, sortu zenetik 44 urtera «oraindik ere euskararen normalizaziotik urrun» ikusten du unibertsitate hau.