NAIZ
Iruñea

Nafarroako itunpeko ikastetxe eta ikastoletako langileek «negoziazio eraginkorra» eskatu dute

SEPNA-FSIE, UGT, LAB eta ELA sindikatuek deituta, Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileek manifestazioa egin dute Iruñean, Nafarroako Hezkuntza Sailari galdegiteko bildu dadila langileen ordezkariekin akordio berriaren gaineko negoziazioak abiatu ahal izateko.

Gaztelu Plazan bukatu dute manifestazioa itunpeko ikastetxe eta ikastoletako ordezkariek.
Gaztelu Plazan bukatu dute manifestazioa itunpeko ikastetxe eta ikastoletako ordezkariek. (Iñigo URIZ | FOKU)

Manifestazioa egin dute Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileek Iruñean, Nafarroako Hezkuntza Sailari negoziazioa abiatu dezala eskatzeko, «benetako negoziazio eraginkorra lortzeko».

SEPNA-FSIE, UGT, LAB eta ELA sindikatuek deitu dute mobilizazioa eta salatu dute Nafarroako hezkuntza ituna duten ikastetxeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa iraungitzear dagoen honetan, «aurrerapausorik eman gabe» jarraitzen dutela akordioa berritzeko beharrezko negoziazioan.

Maiatzaren 24an abiatu zituzten mobilizazioak, elkarretaratze batekin eta, ondoren, egunero egin dituzte elkarretaratzeak Nafarroako Hezkuntza Sailaren eta patronalen aurrean, baita ikastetxeen aurrean ere, asteazken eta ostegunetan. «Nazkatuta» daudela argi utzi nahi izan dute langileek.

«Akordioa hobetzeko aurrekonturik gabe eta benetako negoziazio esparrurik gabe» daudela azaldu dute, «nahiz eta sektoreko patronalekin banan-banan bildu eta Hezkuntza kontseilariarekin eta Nafarroako lehendakariarekin saiatu», ez dutelako bilerarik lortu. Gaurko mobilizazioan «langileen lana duintzeko hobekuntzak» aldarrikatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Adierazi dute Hezkuntza Sailaren, patronalaren eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio eraginkorra dutela helburu eta posible ez balitz, Hezkuntza sailaren eta langileen ordezkarien arteko negoziazioa. Halaber, ziurtatu dute aurrera pausorik gertatu ezean «ekintza sendoagoekin» mobilizatzen jarraituko dutela.