Maite Ubiria

Zentro-eskuinaren puzzlean piezak ahokatzen hasi dira Ipar Euskal Herrian

Pariseko zalapartatik aldenduz, LR alderdiak Pirinio Atlantikoetan izanen dituen hautagaien izenak plazaratu ditu. Bestalde, Modemeko Vincent Bru ez dela berriro aurkeztuko iragarri ondoren, Christian Devezen izena bolo-bolo dabil. Finean, EAJ-PNB hiru euskal hausteskunde barrutietan lehiatuko da.

Vincent Bru (MoDem) 2022ko hauteskunde legegiletan garaipena ospatzen. Ez da berriro aurkeztuko.
Vincent Bru (MoDem) 2022ko hauteskunde legegiletan garaipena ospatzen. Ez da berriro aurkeztuko. (Guillaume FAUVEAU)

Eskuin errepublikarrean ez da giro. Eric Ciottik Batasun Nazionalarekin (RN) akordioa egiteko asmoa iragarri ostean lehendakaria alderditik kanpo utzi zuen, atzo, alderdiko kontseilu politikoak.

Izan ere, gaur goizean, bulegoan azaldu da Ciotti, alderdiaren lemari eusten jarraitzen duela aditzera emateko.

Bigarren bilera batean baieztatu behar luke aurki alderdiaren behin-behineko zuzendaritzak Nizako agintaria alderditik kanpo uzteko harturiko deliberoa.

«Ez Le Peni, ez Melenchoni» esaldiak laburbiltzen duen posizioari heldu diote, azken orduetan, LRko hainbat ordezkarik. Hala egin du gaur gaurkoz eskuineko alderdiak frantziar erakundeetan duen goi kargu esanguratsuenak, Gerard Larcher Senatuko lehendakariak.

Buruzagi beteranoak gainetik kendu du horrela hauteskunde legegileetan indarturik atera daitezkeen bi eremu ideologikoen artean hautua zehaztu dezan kazetariek luzaturiko galdera.

Izan ere, belaunaldi berriak ordezkatzen duen François-Xavier Bellamyk balizko neutraltasuna hautsi egin du.

Europar bozetan Errepublikanoen zerrendaburu izan zen Bellamy. Bozen %7,5 eskuratu zuen Errepublikanoen hautagaitzak, bosgarren indarra bilakatuz.

Bellamyk argi adierazi du uztailaren 7an jokatuko den bozen bigarren itzulian ezkerreko Herri Fronteko ordezkaria eta eskuin muturraren hautagaiaren artean hautatu behar bada berak bigarrenari emango diola bere botoa.

Lehen izenak ezagutzera eman dituzte alderdiek

Parisko zurrunbilotik urrun, Pirinio Atlantikoen Departamenduan Errepublikanoen burua den Max Brissonek ez du zalantzarako tarterik utzi.

Alderdiak hautagaiak aurkeztuko dituela sei hauteskunde barrutietan baieztatu zuen astelehenean bertan.

Ipar Euskal Herrian, Beñat Cachenaut Iholdiko auzapeza izanen da hautagai laugarren hauteskunde barrutian; bosgarrenean Valerie Castrec herri kontseilari angeluarrak ordezkatuko du bor-bor den alderdia.

Finean, seigarren bauteskunde barrutian, hain zuzen ezkerrari gelditzeko RNri botoa emateko prest litzatekeen Bellamy hautagaiaren prentsa arduradun bezala jardun duen Emmanuel Brisson izanen da hautagai.

Emmanuel Macron buru duen gehiengo presidentzialaren partaide gisa aritu den Vincet Bru diputatuak iragarri du ez dela bere eserlekua berritzeko lehian aurkeztuko.

2022an bi eserleku lortu zituen Macronen aldeko gehiengoak Ipar Euskal Herrian, Vincent Bru kanboarra eta Florence Lasserre angeluarra.

Oraingoz Renaissancek ez ditu ofizialki zehaztu zeintzuk izanen diren bere hautagaiak Ipar Euskal Herrian.

Izan ere, ‘Mediabask’ hedabideak gaur arratsaldean argitaratu duen albistearen arabera aukera handiak leudeke Kanboko auzapez den Christian Devezek herri bereko alkate izan zen Bruren segida hartzeko. Bru garaile atera zen seigarren hauteskunde barrutian aurkeztuko litzateke Modemeko ordezkaria. Bestalde, baieztatzeke dago Florence Lasserrek bosgarren hauteskunde barrutian errepikatuko duen.

Zentro-eskuinaren eremuak hauteskunde legegileetan izanen duen eskaintza osatzera dator EAJ-PNB. Alderdi jeltzaleak baieztatu duenez, bakarrik aurkezteko asmoa du.

Europar hauteskundeetan bere hautagai izan zen Jean Tellechea urruñarrak –jeltzaleek babesturiko Ekologia Baikorra eta Lurraldeak koalizioak 1.380 boto bildu zituen joan zen igandean Ipar Euskal Herrian– ordezkatuko du EAJ-PNB seigarren hauteskunde barrutian.

Jean-Marie Erramuzpe enpresaburua izanen da alderdi jeltzalearen zerrendaburu bosgarrenean eta Gracianne Mirande, finean, laugarren hauteskunde barrutian lehiatuko da.