NAIZ

Otxandianoren hautagaitza erregistratu dute, «eraldaketa nazional berri bati ekiteko»

Ostiral honetan lehen orduan erregistratu du EH Bilduk Pello Otxandianoren hautagaitza, lehendakari hautatzeko osteguneko saioari begira. Otxandianok berak adierazi duenez, «eraldaketa nazional berri bati ekiteko» beharra dago eta horretarako «metatutako jakintza eta esperientzia» ere badira.

Pello Otxandiano, Gasteizko Legebiltzarrean.
Pello Otxandiano, Gasteizko Legebiltzarrean. (Endika Portillo | Foku)

Asteartean iragarri bezala, Pello Otxandianok ere lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu du, hurrengo osteguneko Gasteizko Legebiltzarrerako inbestidura saioari begira, Imanol Pradalesen aurrean alternatiba gisa. Ostiral honetan erregistratu du EH Bilduk, eta honen zergatiak azaldu ditu hautagaiak berak, idatzi baten bidez. «Eraldaketa nazional berri baten» beharra da mezu honen ardatza.

Testinguruari erreparatuz abiatzen da Otxandianoren hausnarketa: «Garai nahasietan, aro-aldaketa betean bizi gara. Europar hauteskundeetan ikusi den eskuin muturraren igoera urte luzeetako politika neoliberalek sortutako kalteen ordaina da, politikak gizarte premiei erantzuteko izan duen gaitasun faltaren ondorio zuzena. Eta testuinguru honetan abiatzen da XIII. legegintzaldia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan».

«Zorionez, munduko panoraman ia salbuespena den errealitate instituzional eta politikoa bizi dugu hiru lurraldeetan; izan ere, apirilaren 21eko bozetatik jaiotako Legebiltzarra gehiengoz aurrerakoia eta ezkerrekoa da, eta oinarrizko balio berdinzalea den burujabetzaren aldekotasun nabarmena biltzen du. Zorionez ere herri honek badu metatutako jakintza eta esperientzia, XX. mendeko bigarren erdialdean gai izan baitzen zutitu eta
eraldaketa nazional bat egikaritzeko», ekarri du gogora.

«Gu sinetsita gaude momentu historiko honetan ere horren beharra dagoela, eta baditugula nahikoa baldintza objektibo herri honen zati honetan garaiko erronka eta mehatxuei tamainako erantzunak artikulatzeko: eraldaketa nazional berri bati ekiteko», laburbiltzen du EH Bilduren lehendakarigaiak.

Honetan sakonduz, «alderdi logiketatik harago, gainera, badaude herri honetan errotutako bi korronte edo zutabe
eraldatzaile zeintzuen gainean eraiki beharko litzatekeen defendatzera gatozen eraldaketa nazionala. Batetik, herri honek nazio identitate propioa duela, nazioa gara eta horrek elkargune bat behar du izan eraiki behar dugun marko juridiko-politiko berrirako. Bestetik, politika neoliberalak atzean utzi behar direnaren adostasun zabala dagoela: sektore publiko indartsu bat behar dugula hurrengo hamarkadarako eredu sozial eta ekonomikoa definitzeko».

Hiru ardatz

«Horregatik, gaur, hemen, hiru ezaugarrik ardaztu beharko lukete, gure uste apalean, aipatutako eraldaketa nazionala –zehaztu du Otxandianok jarraian–. Lehenik, gure herriaren diagnostiko zintzoa, zeinak aipatutako eraldaketa nazionalaren beharra ondorioztatzera garamatzan. Bigarrenik, datorren hamarraldirako norabidea finkatzeko gai izango den herri-proiektua, dagozkion herri-erronken definizioarekin eta estatus politiko berri baten onarpenarekin. Hirugarrenik, XXI. mendeko gobernugintza, berritzailea eta feminista izango dena, eta, ezinbestean, partaidetza demokratikoan sakonduko duena. Finean, herri-proiektu partekatu bat eta hori garatzeko beharrezko gobernantza eredu berria».

Bukatzeko, honako hau dio EH Bilduren hautagaiaren mezuak: «Historiak demostratu du herri hau gai izan dela garairik zailenetan ere zutik jartzeko, eta ziur naiz datozen urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako politikagintza errotik eraldatuko dela. Ni, lehen pertsonan, hau posible dela frogatzeko nire ekarpena egiteko prest nago, eta ezkerreko soberanismoaren ikuspegia mahaigaineratzeko ardura dudala sentitzen dut. Apirilaren 21ean EH
Bildurengan konfidantza eta espektatiba jarri zenuten 343.609 herritarrengatik zein azken hilabete eta erdian aldaketarako beharra sentitu duzuen guztiongatik egingo dut. Honegatik guztiagatik, ardura eta
erantzukizunez, nire hautagaitza aurkezten dut Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehendakarirako,
sinetsita bainago badagoela aukera, baditugula baldintzak eta herri honek merezi duela».