Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Presumed Innocent’: Sagarrari kosk berriro

‘PRESUMED INNOCENT’ (‘PRESUNTOS INOCENTES’)
AEB. 2024. 8 atal. Zuzendaria: David E. Kelley. Gidoia: David E. Kelley (eleberria: Scott Turow).
Aktoreak: Jake Gyllenhaal, Ruth Negga, Bill Camp, O-T Fagbenle, Peter Sarsgaard, Renate Reinsve. Plataforma: Apple tv +.

Jake Gyllenhaalek gorpuzten duen Rusty Sabich atxilotua.
Jake Gyllenhaalek gorpuzten duen Rusty Sabich atxilotua. (Press Kit)

Ez dakit nondik ateratzen duen David E. Kelley-k denbora –eta dirua– hainbeste telesail ekoiztu, idatzi edota sortzeko.  2017an ‘Big Little Lies sortu zuenetik zazpi telesail baino gehiagotan hartu du parte: ‘The Undoing’, ‘Nine Perfect Strangers’ edota ‘Love & Death’ dira agian ezagunenak.  

Oraingoan, Harrison Ford protagonista zuen ‘Presumed Innocent’ (Alan J. Pakula, 1990) film mitikoa –Scott Turow-en eleberri baten egokitzapena zena– pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu du. Zortzi ataletan banatu du kontakizuna.

Ekoizleen artean izen garrantzitsua ageri da: Bad Robot Productions, hau da, aurkezpenik behar ez duen J.J. Abrams. Ekoiztetxe nagusiena ordea Apple TV+ da eta hori, printzipioz behintzat, bermetzat hartuko beharko genuke.

Sagar hozkatuaren plataforma 2019an jarri zen martxan. Lehen urte horietan erdipurdiko ekoizpenak egiteaz gain, norabide finkorik gabe nabigatzen ari zirenaren sentsazioa transmititzen zuten. Bost urteren ostean, lehiakide askoren aurretik kokatuko nituzke. 2020-2021 urte bitartean, ekoizpen kopurua handitzearekin batera kalitatean ere aurrerapausoak nabari zitezkeen arren, 2022an eman zuten aurrerapausorik handiena, ‘Black Bird’ (‘Encerrado con el diablo’), ‘Ted Lasso’, ‘For All Mankind’ (‘Para toda la humanidad’), ‘Bad Sisters’ (‘Hermanas hasta la muerte’), ‘Pachinko’, ‘Slow Horse's’ eta, batez ere, ‘Severance’ (‘Separacion’) bikainak iritsi baitziren.  

2023 eskasago baten ostean, 2024an ekoizpen interesgarriak estreinatu ditu: ‘Masters of the Air’, ‘Criminal Record’ edota ‘Sugar’, esaterako. Berriena hauxe. Rusty Sabich-ren pertsonaia du ardatz istorioak, izugarriko eskandalu batean nahastuta dagoen fiskala: hilketa baten susmagarri nagusia da. Gyllenhaalek jokatzen du protagonistaren rola. Gainerako aktoreak ere lehen mailakoak dira: Ruth Negga, Bill Camp, O-T Fagbenle, Peter Sarsgaard eta Renate Reinsve, ‘Munduko pertsonarik txarrena’ (2021) filmeko protagonista eta Cannesko Zinemaldiko Emakumezko Aktore Onenaren Saria jaso zuena.

Plataformak hasiak dira udako estreinaldiak prestatzen eta sustatzen, horien artean honakoa.