NAIZ

Su-etenerako negoziazioa kolapsoan, Israel-Hezbollah gerra totala ate joka

Su-eten eta bahituen askapenerako AEBen akordio proposamenari ezetza eman dio Hamasek, argitasun faltagatik eta su-etenaren lehen astean Israelgo indarren kanporatzea bermatzen ez duelako. Negoziazioa ez atzera ez aurrera geratu da. 

Palestinar desplazatuak al-Burej errefuxiatu gunean birrindutako eraikinen aurrean pasatzen, Gazako Zerrendan.
Palestinar desplazatuak al-Burej errefuxiatu gunean birrindutako eraikinen aurrean pasatzen, Gazako Zerrendan. (Eyad BABA | AFP)

Su-etena eta bahituen askapena lortzeko negoziazioak ez atzera ez aurrera egoeran daude, AEBen proposamenari Hamasek emandako erantzuna Israelek «ezezko» bat dela esan duenean. Ondoren, espero zitekeen bezala, bi aldeen artean errua besteari egozteko jokoa azkartu da. Qatarko bitartekariei Hamasek emandako erantzunean, proposamenean hainbat zuzenketa eskatuz, besteak beste behin betiko su-eten baterako kronograma eta israeldarren erretreta Gazatik, ez da baiezkorik edo ezezkorik aipatzen, eta, beraz, «Hamasek ezezkoa eman dio» konklusioa engainagarria suertatu daiteke.

Hamasen erantzunak asmo zehatza dauka: Israelek ezin izango duela bahituak askatu ostean akordioaren beste obligazioei iskin egin eta gerrara berriz bueltatu. Hartara, su-etenaren lehen astean, bahitu hildakoen gorpuak Israeli ematearekin batera, Gazatik erretiratuko dela bermatu nahi du. Tel Avivek, ordea, posizio hori ezezko biribil baten sinonimoa dela dio.

«Bai, baina» anbiguotasuna

AEBak latz presionatzen ari dira talde palestinarra. Qatartik, Antony Blinken Estatu Idazkariak publikoki esan du bere herrialdearen «frustrazioa» gero eta handiagoa dela Hamasekiko, eskatu dituen zuzenketa asko «bideraezinak» direla azpimarratuz eta Israelek proposamena ontzat ematen duela errepikatuz. Kontua da, baina, eta Hamasek oraingoz argi berdea ez emateko arrazoia, Tel Aviveko arduradunik ez dela publikoki atera AEBen proposamenari, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Batzordearen babesa lortu duenari, baiezkoa ematera. Hamasen arabera, «munduak ez ditu (proposamenari) Netanyahuren ongi etorria eta baiezkoa entzun, berdinean segitzen duelako: behin betiko su-etena ukatzen, NBEn Segurtasun Kontseiluaren ebazpena eta Biden presidentearen ekimena desafiatuz».

Qatar bidean, Netanyahurekin Jerusalemen batzartu ondoren, Blinkenek munduari esan zion su-etenerako proposamenari Israelgo lehen ministroak «bere konpromisoa baieztatu» ziola. Baina Tel Avivek ez du publikoki halakorik egin, lehen unetik anbiguotasun estrategiko batean lerratu baita, «bai, baina» posizio kalkulatuan.

Bi aldeen arteko desadostasun handiena da gerra nola bukatu behar den. Hamas tematu egiten da proposamena sinatu baino lehen gerra bukatuko dela idatzizko bermeak eskatzen. Baina Netanyahuk, publikoki behin eta berriz dioenez, «gerra ez da bukatuko, harik eta Hamasen ahalmen guztiak, gobernu mailakoak eta militarrak, suntsitu» eta «bahitu guztiak etxera» bueltatu arte. Hamasek, artean, lehen astean indar militar guztiak Gazatik kanporatu behar direla dio, eta, ospa egiten ez badute, bahituen askapena bertan behera geratuko litzatekeela.

Fronte asko, gerra bakarra

Gazako frontea ez da Israelek zabalik duen bakarra. Iparraldekoa, Libanoko Hezbollah mugimenduaren kontrakoa, inoiz baino gordinago eta hilgarriago ageri da. Horrek erakusten du bukatu dela garaia non Israelek Gazan soilik borrokatu zezakeen, edo Zisjordanian, edo bakarrik Libanon. Oraingo garai hauek askoz ere arriskutsuagoak dira. Askotariko fronteetan artikulatua den gerra zabalik du, eta Gazakoa Libanorekin lotuta dago, Yemenekin bezala, edo Siria eta Iraketik jaurtitzen dizkioten drone eta misilekin. Edo beste hitz batzuekin esanda, Hamasek hatza pistolaren katuan kokatua du, eta, tiroa botatzen badu, eskualde osoan gerra piztu dezake. Hamasen ekintzek Hezbollah baldintzatu dezake, edo Hutiak Yemenen, Teherandik Damaskorainoko ardatz guztia bezala.

Israelgo iparraldean eta Libano hegoaldean egoera asko gaiztotu da. Alarma piztu da, munduan beste gerra handi bat hastear delako. Orain arte elkarren arteko kolpeen trukaketa kontrolatua zen nagusi, Israelen aire erasoari erresistentzia xiitaren misil jaurtiketa, baina herenegun israeldarrek Taleb Abdallah Hezbollahko komandante entzutetsua hil ondoren, erasoak ikaragarri ugaritu dira. Atzo bertan ehunka misil eta drone jaurti zituen Hezbollahk Israelgo Armadaren hamabost baseen aurka, urriaren 7az geroztik egin duen eraso handienean. Dagoeneko ia 200.000 israeldar ebakuatu behar izan dituzte iparraldeko herrietatik. Suteak ikaragarri handiak dira bertako soro eta landaguneetan, "Maariv" egunkariak «Iparraldea sutan!» izenburua dakar lehen orrialdean, bertako herriak eta herrixkak kearen pean bizi direla aipatuz, arnasteko komeriekin.

Israelgo Gobernuak egoera onargaitza dela dio eta «gogor» erantzungo duela aurreratu du, «Iranen gidaritzapean, Libano eta Hezbollah gerta litekeen guztiaren errudun» eginez, «diplomaziaren bitartez edo beste bitarteko batzuekin» Iparraldeko segurtasuna bermatuko duela hitzemanez. AEBetako iturriak ohartu dira Gazako su-etena ez dela nahikoa izango, eta «Libanoko mugako egoeraren inguruan konpromisoak» beharko direla aurreratu dute, «etxetik kanporatu dituzten berrehun mila israeldarrak «segurtasun bermeekin» etxera bueltatzeko.

Baina egoera gaiztoa da oso. Gazako frontea zuzenki lotua dago iparraldeko frontearekin. Hau da, agian, gerra honek ekarri duen irakaspena eta Israelek prestatu ez zuena. Bazekien fronte ezberdinetan gerra egin beharko zuela, baina ez zuen uste Hamas izango zela mehatxu handiena. Iran zen paper horretan protagonista, Hezbollahri ematen dizkion armak ziren buruhauste handiena, baina ez zuen irudikatu gerraren fronte nagusia Gaza izango zela eta Hezbollah kontrako frontea Gazak definitu zezakeela. Eta, osotasunean, Iranek koordinatu eta elikatuko zituela fronteak, hutienak bezalako beste batzuk irekiz. Txarra eta okerraren arteko aukera ez da sekula erraza izaten. Israelen dilema ere ez.