M.A.
GASTEIZ
Entrevue
Arturo Lopez de la Calle
Oiongo San Bizente ikastolako zuzendaria

«Ikastolen mugimendua guztiz errotuta dago Arabako Errioxan»

Urte osoko lanak eragindako nekearekin, baina gauzak ongi egin izanaren sentsazio atseginarekin bizi du Arturo Lopez de la Callek (Guardia, 1977) Araba Euskaraz festaren ataria. Oiongo San Bizente ikastolak 45 urte eman ditu Arabar Errioxako gazteak euskalduntzen, eta proiektua bizirik dagoela dio.

Arturo Lopez de la Calle. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Arturo Lopez de la Calle. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Pasa den ikasturteko maiatzean hasi ziren gaurko eguna prestatzen, eta denbora horretan galtzak bete lan izan dute guztia behar bezala atontzeko. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak eta beste hainbat kontu azaldu dizkigu.

Auzolana da gisa horretako jaialdi bat antolatzeko behar den osagai nagusietakoa. Nolakoa izan da ikastolako komunitatearen inplikazioa prestaketa lanetan?

Egia esan, oro har, oso positiboki baloratzen dugu jendearen parte hartzea. Hasieratik lan taldeak antolatu ziren eta familien erantzuna oso ona izan da. Esan bezala, azpimarratzekoa da auzolana dela gure ikastolaren identitate zeinu bat.

Ekitaldi eta ekimen andana antolatu duzue urte osoan zehar, baita gaurko egunean ere. Horietako zein nabarmenduko zenituzke?

Bai, hala da. Gaurkorako, aldiz, denera, hiru gune antolatu ditugu Olarizuko landa eremuan: Lautada gunea, Mendia gunea eta Erreka gunea. Horietan Go!Azen karaokea, Akerbeltz, Eh Mertxe, Janus Lester eta DJ Malandro izango dira, besteak beste, ekitaldi aipagarri batzuk. Baina ez horiek bakarrik, dantza plaza, tailerrak, erronka frogak, kalejirak, eta gauza gehiago ere izango ditugu.

Eta festa pentsatu eta antolatzerako orduan, zein alderdiri eman nahi izan diozue garrantzi berezia?

Guztiontzako jaia izatea nahi dugu, gazteentzat, helduentzat eta adinekoentzat. Programa anitza eta aukeraz betea denontzat, alegia. Musika tradizionalarekin eta musika gaurkotuagoarekin. Eta beti giro euskaldun, osasuntsu eta errespetuzkoan.

Festaz gainera, aldarrikapena ere egin nahi duzue. Zer da, zehazki aldarrikatu nahi duzuena?

Euskal Herriko hego-mendebaldean gaudela, mugan, baina euskaraz bizi nahi dugula, euskaraz lan egin nahi dugula eta gure seme-alabak euskaraz hezi nahi ditugula.

45 urte eman ditugu Arabar Errioxako eta inguruetako gazteak euskalduntzen, eta gure proiektua bizirik dago, inoiz baino gehiago, inoiz baino ikasle gehiagorekin eta familien laguntza eta babesarekin.

Logoaren bidez, aldiz, zer adierazi nahi izan duzue?

Logoa infinituaren ideian inspiratuta dago eta Arabako lurraldeko zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du. Logotipoak betikotasuna eta etengabeko mugimendua adierazten duen forma espirala aurkezten du, etengabeko bidaiaren eta denboraren jarioaren ideia gogora ekarriz. Ekilore-petaloak, espirala harmoniatsu konbinatzen baita espirala inguratzen duten zortzi petaloekin. Petalo horietako bakoitzak Arabako zortzi ikastoletako bat irudikatzen du. Petaloak hazkundearen, aniztasunaren eta lankidetzaren sinbolo dira, elkarrekin osotasun harmoniatsua eta bateratua osatzen baitute.

Bestalde, logotipoan nagusi den kolorea horia da, eguzki-lorearen ezaugarria dena. Kolore honek argia, energia eta bizitasuna sinbolizatzen ditu. Gainera, ekilorea Arabako paisaiaren landare enblematiko bat da, eta komunitatearekin eta lurraldearekin lotura berezia ezartzen du.

Jakina denez, azken ekitaldiak Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dituzue. Zein izan da lankidetza horren emaitza? Zein ondorio atera dituzue?

Ondorioak eta emaitzak positiboak izan dira. Batez ere antolatzerakoan errazagoa da guztien artean egitea eta lanak banatzea. Gainera, zortzi ikastolen inplikazio maila altuagoa da, eta Araba Euskaraz urtero gertutasunetik bizitzeko aukera ematen du.

Bestalde, nolakoa izan da “Non eta Mugan” egitasmoa? Zein balorazio egiten duzue ekimen horren inguruan?

Beharrezkoa. Euskal Herriko ikastola guztien bideragarritasunaren gaiari irtenbidea eman behar zaio. Horregatik, mugan dauden ikastolen arteko ekitaldi honetan parte hartu nahi izan dugu.

«Duela 40 urte ume erdaldunak ginenak gaur euskaldunak gara, euskaraz bizi eta euskaraz lan egiten dugun euskaldunak»

Jaialditik ateratako etekin ekonomikoa San Bizente ikastolarentzat izango da. Zein behar nagusi ditu San Bizente ikastolak?

Asko dira ditugun beharrak. 2015ean, gure azkenengo Araba Euskarazen ateratako etekinekin jangela eraiki genuen. Familia guztien artean ordaintzen ari gara jangela eraikitzeko hartutako mailegua, eta obra hartan egindako inbertsioa ordaintzen amaitu nahi dugu.

Nola ikusten duzue Arabako ikastolen egoera gaur egun?

Ez da momentu erraza. Jaiotza tasa asko jaitsi da eta horrek eragina du, noski. Baina familien babesa eta laguntza izaten jarraitzen dugu Araban. Ikastoletako kide guztiok proiektu honetan sinesten dugu eta egunero egiten dugu lan ilusio eta gogo handiz.

Zeintzuk dira San Bizente ikastolaren etorkizuneko erronka nagusiak?

Gure proiektuarekin aurrera jarraitzea. Gure herriko eta inguruko herrietako gazteei hezkuntza euskalduna eskaintzen jarraitzea, hain zuzen. Hala nahi duten familia guztiei gure ikastolan ikasteko aukera eskaintzea, hezkuntza eredu propio batekin eta ikasle guztiek merezi duten mailako zerbitzuekin.

Azkenik, Arabako Errioxan, euskarak ez du egoera samurra izan azken hamarkadatan. Zein izan da urteotako bilakaera eta nolakoa da hizkuntzaren osasuna gaur egun?

Gure eskualdean, ez da erraza, baina euskara entzuten da kaleetan, inoiz baino gehiago. Duela 40 urte ume erdaldunak ginenak gaur euskaldunak gara, euskaraz bizi eta euskaraz lan egiten dugun euskaldunak. Eta horrek elikatzen gaitu eta indarrak ematen dizkigu aurrera jarraitzeko.

Guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastolen mugimendua guztiz errotuta dago Arabako Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik, %40tik gora izatea. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabako Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean.

Araban ezagutza maila altua da, batez ere gazteen artean, baina gure eskualdean gisan, erabilera maila oraindik ez da orokorra. Indarra egin behar da zentzu horretan eta horregatik aldarrikatzen dugu ikastolok egiten dugun lana.