Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Nekane Artola Labordeta
Ikastolen Elkarteko presidentea

«Baloreak erdian jartzeko eta aurrera egiteko palanka izango da batzarra»

Larunbatean, Iruñean ospatuko da Ikastolen zazpigarren Batzarra. Irudi indartsua emanen dute, Euskal Herri osoko 114 ikastola bilduta. Mila emendakinetatik gora jaso dituen ponentzia bozkatuko dute. Bertan, zortzi urte barru nolako ikastolak nahi dituzten eta bidea nola eginen duten zehaztuko da.

Nekane Artola Labordeta.
Nekane Artola Labordeta. (Maialen ANDRES | FOKU)

Patxadaz, gozo mintzo da Ikastolen Elkarteko presidentea. Erronkak handiak dira, baina horiei heltzeko gogo eta ilusiorik ez da falta ikastolen mugimenduan.

15 urte igaro dira aitzineko Batzarretik. 2009an izan zen.

Hainbeste urte ildo estrategikoak berritu gabe, egin beharreko ariketa bat da. Bestetik, jendartea asko aldatu da, eta horri erantzun behar diogu.

‘Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko’ izenburua du Batzarrak.

Hor badago etorkizuna, badaude ikastolak eta badago Euskal Herria. Hori da definitu nahi duguna: nolako ikastolak nahi ditugun zortzi-hamar urte barru, eta zer ekarpen egin nahi diogun Euskal Herriari. Ikastolok badugu zer esana, badugu zer eskainia. Guk uste dugu ikastolen ereduak badaukala etorkizuna, ze herri hau ezin da irudikatu herrigintzatik ez bada, eta guk badaukagu komunitate aktibo bat. Prozesu honetan garbi ikusi da: dozenaka bilera egin ditugu, eskualdeko batzarrak, gero 114 ikastoletan bakoitzak bere komunitatearekin partekatu du hau dena, eztabaidatu du, erabaki du, eta benetan gauza garrantzitsuez hitz egin dugu. Hori posible da ikastola ereduak ematen duelako aukera hori. Horretarako tresnak eta autonomia ditugu, antolatuta gaude. Guk nahi dugu herritarrek parte har dezaten Euskal Herriak dituen erronketan, eta ikastolok aukera hori ematen diegu, herritarrez osatutako komunitate bat baikara. Oso harreman estua daukagu euskalgintzako eragileekin, gizarte eragileekin, tokian tokiko eragile eta udalekin, administrazio ezberdinekin, tokatzen zaigulako. Gainera, hala irudikatzen dugu, hau guztia ezin dugu bakarrik egin. Herri honek dituen erronkei elkarlanean erantzun behar diegu. Guk gure ekarpena egingo dugu, ez bakarrik ikastolentzat, baizik eta hezkuntza sistemarentzat eta jendartearentzat. Adibidez, sortzen ditugun ikasmaterialak beste sareetan ere erabiltzen dira. Iruditzen zaigu oso ona dela hori, horrek esan nahi duelako euskal curriculumean oinarritutako ikasmateriala erabiltzen ari direla gure saretik kanpoko beste ikasle eta ikastetxe batzuk ere.

 

«Gure eredua balioan jarri nahi dugu, aukera ikaragarriak ematen baititu, komunitatea proiektuaren jabe egiteko, adibidez»


Etorkizuneko ikastolak irudikatzeko ariketa horretan, zein erronka atera dira?

Materialgintzaren eta gure proposamen pedagogikoaren inguruan eztabaidatu da. Digitalizazioaren inguruan ere bai. Alde batetik, digitalizazioaren intentsitatea jardun akademikoan eta, bestetik, burujabetza digitala. Euskara eta euskal kulturaren gaia ere oso presente daukagu, uste dugulako jauzi bat eman behar dela, egoerak hala eskatzen duelako. Garbi dugu, funtzionatu digulako, murgiltze eredua dela eredu eraginkorrena eta etorkizuneko hezkuntza sistemak euskara ardatz izan beharko duela. Euskaratik eraiki beharko dugu, euskarak badituelako bere baitan balore batzuk eta mundu ikuskera bat. Euskaraz bizitzeko espazio eta tresnak ematen jarraituko dugu.

Euskararen egoeran badago atzerakada bat.

Bai. Ezagutza inoiz baino handiagoa bada ere, bai erabileran eta bai kalitatean jaitsiera bat eta kezka handia dago. Ez bakarrik ikasleen papera, langileena eta familiena ere oso inportantea da, eta dena osotasunean begiratu eta erantzun bat eman behar zaio.

Bestalde, ikastola eredua bera eta baloreak eguneratzera zoazte.

Gizartean badira joera batzuk agian ikastola ereduarekin bat egiten ez dutenak, indibidualismoa eta kultura eta hizkuntza hegemonikoen gailentzea kasu, baina ikastola eredua eta herrigintza osasuntsu daude. Egin dugun ariketa da horren sintoma bat. Euskal Herriak aurrera egin badu, herri mugimendua hor egon delako da, eta herri mugimenduak ematen dizkio beste balore batzuk herriari, egiteko moduei. Herri ekimenak dituen balore horiek aitortu eta indartu behar dira. Inoiz baino beharrezkoagoak dira, gainera. Eredu desberdinak egongo dira, baina hau da gurea eta balioan jarri nahi dugu, ematen dizkigun aukerak ikaragarriak direlako, komunitate bat bere proiektuaren jabe egiteko, adibidez. Auzolana, parte hartzea, autogestioa, euskara eta Euskal Herria, herritarrei eta komunitateari hitza eta erabakitzeko ahalmena ematea, ahalduntze hori. Begiratzen badugu Europan, munduan, Euskal Herria zergatik da askotan berezia? Hain zuzen, horregatik. Uste dugu etorkizunean inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela herri ekimena eta bertatik sortutako proiektuen aitortza eta garapena.

114 ikastolak parte hartu dute prozesu honetan. Mila emendakinetik gora jaso dituzue.

114 ikastolek Euskal Herria markatzen digute, iristen garelako txoko guztietara, euskara ofiziala ez den eta egoera oso kaskarrean dagoen tokietara ere bai. Tuteran, Maulen, Portugaleten eta Argantzonen gaude, eta baita erdialdean ere, Euskal Herriko mapa irudikatzen da. 114 ikastola horietan egin da prozesu hau. Denek jaso dute dokumentazioa, eztabaidatu dute, gehienek ekarpenak egin dituzte, aztertu ditugu, erantzun diegu, eta orain bozkatzeko unea da.

Hainbertze ikastola izanik, eta hain anitzak, bat etorri dira ikuspuntuetan?

Oinarrizko txosten batzuk proposatu genituen, eta zerbait nabarmentzekoa baldin bada, da ekainaren 22ra iritsiko garela txosten horiek osatuta, ikastolek egindako ekarpenekin. Emendakin horiek ez doaz txostenaren norabidearen kontra; eskatzen digutena da gai batzuetan irmotasun handiagoa. Kohesioa azpimarratuko nuke, etengabeko elkarrizketa eta elkarlanaren ondorio. Ikastolen Elkartea etengabe dago harremanetan ikastolekin, ikastola bakoitza etengabe dago harremanetan bere komunitatearekin. Bada modu naturalean egiten den praktika bat, eta badago adostasun eta elkarguneetara iristeko prestutasun bat. Horrek ematen digu aurrera egiteko kohesio, ilusio eta indarra.

 

«Proiektu sendo batekin irudikatzen ditut ikastolak, gogotsu. Zerbait baldin badaukagu, familien parte hartzea da, eta baita langile konprometituak ere»



Hemendik zortzi urteko ikastolak nola irudikatu dituzue?

Irudikatu ditugu baloreetan eguneratuta, egungo erronkei aurre egiteko tresnekin. Irudikatu ditugu anitzak, baina, era berean, euskal herritarrak hezteko proiektu batekin. Proiektu horrek baditu ezaugarri amankomun batzuk, eta gero tokian tokiko ikastola bakoitzak bere autonomia du. Udazkenean aurkeztu genuen Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean oso ondo adierazten da  nolako pertsonak irudikatzen ditugun: buruaskeak, kritikoak, euskaldunak eta euskaltzaleak. Ikasleak erdian, baina baita langileak eta familiak ere. Proiektu sendo batekin irudikatzen ditut ikastolak, gogotsu. Zerbait baldin badaukagu, familien parte hartzea da, eta baita langile konprometituak ere. Ilusioz helduko diogu etorkizunari, erronkei aurrez aurre begiratzeko irmotasunarekin.

Erronketako bat inklusioa da.

Bai. Uste dugu herri bezala erantzun behar diogula, gizarte kohesiotik etorriko dela erantzuna, eta gu horretan eragiteko gure papera jokatzeko prest gaude. Datozen guztiak gurekin nahi ditugu eta hezi nahi ditugu etorkizuneko euskal herritarrak, bertako hizkuntza eta kultura ikasiko dutenak, baina kanpotik datozenen hizkuntzak eta kulturak ere ezagutu nahi ditugu, elkarren arteko ezagutza hori oso aberasgarria dela iruditzen zaigu. Hori euskaratik egin behar dela uste dugu, euskarak izan behar du ardatz. 

Nekane Artola Labordeta, Lezoko ikastolan solasean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Doakotasunerako bidea ere egin nahi duzue.

Bai. Gure proiektuak, finantzaketa publikoa jasotzen duen edozein eragilek bezala, baldintza zorrotzak bete behar dituela uste dugu, eta hala egiten dugu. Baina, era berean, gure proiektuak behar du ekarpen bat, ez bakarrik ekonomikoa, auzolana ere bai. Ekarpen hori egin ezin duenari ez diogu atea ixten. Ahal dutenek egingo dute. Doakotasunerako bidea egin nahi dugu Euskal Herri osoan, baina oso errealitate ezberdinak bizi ditugu eta proiektuak behar duen ekarpen ekonomikoa desberdina da testuinguruaren arabera.

Elkartasun Kutxa duzue.

Hori gure barne mekanismo bat da, indarrean urte pila bat daramatzana. Familiek edo langileek egiten duten ekarpen ekonomiko hori ere bada ezin duenari emateko. 114 ikastolen proiektua aurrera ateratzeko. Elkartasun ariketa oso polita da, beste errealitate batzuk ere badaudela jabetzeko.

Behin batzarra eginda, zein izanen da hurrengo pausoa?

Ateratzen diren ildo nagusiak plan estrategiko batean garatzea. Batzarra mugarria izango da. Ikastolen ereduak dituen baloreak erdigunean jartzeko eta aurrera egiteko palanka bat. Prozesu honek erakutsi digu badagoela indar eta ilusio bat, gauza garrantzitsuez hitz egiteko eta horiek egikaritzeko gogo bat.