NAIZ

Iztueta eta Zabala, Caixabank Masterseko aurpegi berriak, Elordi eta Arangurenen ordez

Sei bikoteren ordez, zortzi ariko dira aurten. Irabazle ezberdinak izango dira aurten, Ezkurdia eta Mariezkurrena iazko txapeldunak beste kide batzuekin nahasi dituztelako. Uztailaren 19an Laudion jokatuko da aurreneko jardunaldia eta Iruñeko Nafarroa Arenan urriaren 6an izango da finala.

Martxel Iztueta Jokin altunaren atzelaria izango da Caixabank Mastersean.
Martxel Iztueta Jokin altunaren atzelaria izango da Caixabank Mastersean. (Jon URBE | FOKU)

Martxel Iztueta eta Javier Zabala dira 2024ko Caixabank pilota Masterseko aurpegi berriak. Astearte honetan aurkeztu da lehiaketa berri hau eta aurpegi berri hauek ez ezik, faltan botako diren beste pare bat ere badaude: Aitor Elordi eta Aitor Aranguren batik bat. Larrazabal aurrelari arabarra ere, Buruz Buruko B Serieko txapelduna izanagatik, iaz ez bezala Mastersetik at geratu da, baina Amurriokoaren kasuan iaz aldakan min hartuta jokatu ezinik zebilen Unai Lasori egin beharreko lekuak utzi du kanpoan.

Elordi kanpoan lagatzea neurri batean harrigarria da, ez baita ahaztu behar Mallabiko aurrelaria pasa den urteko Buruz Buruko eta Binakako txapelduna izan zenik. Alabaina, Inaxio Errandonea Aspe enpresako zuzendari komertzialak Zabalaren aldeko hautua justifikatu du, hain zuzen ere «arrazoi komertzialak» argudiatuz.

«Errioxan jaialdi bat edo beste eman nahi dugu eta Zabalak ere merezi du aukera hori», adierazi du Errandoneak, Masterseko jaialdi bakoitzera ahalik eta jende gehien erakarri nahi izatea aitzakia izan ordez pisuzko arrazoi baliatu nahian. «Aitorrek –Elordik– udako ferietan izango ditu bere aukerak», aurreratu du ere Errandoneak. Kontratua berritu duen Arangurenek ere Mallabikoaren antzerako lanak bete beharko ditu.

Eta hori aurreko ekitaldietan ez bezala, aurtengo Mastersak sei ez baino zortzi bikotek osatuko dutela dutela jakinda! Altuna-Iztueta, Ezkurdia-Albisu, Zabala-Imaz, Etxeberria-Mariezkurrena, Laso-Tolosa, Artola-Rezusta, Peña II-Zabaleta eta Jaka-Martija izango dira parte hartuko duten 16 pilotariak, lehiaketa honek berezkoa duen enpresa ezberdinetako jokalariak nahasteko ohiturari segituz.

Otsailean 20 urte eginda, Martxel Iztueta Tolosako semea izango da aupegirik berriena. Aurten binaka Promozio Mailan txapeldun suertatu ostean, Jokin Altunaren bizkartzain lanak egokituko zaizkio atzelari gipuzkoarrari.

«Beti telebistan ikusi eta gero, orain berarekin jokatzea tokatuko zait, eta oso gustora, ez nuelako txapelketa honetan sartzerik espero. Behin Mastersean sartuta, espero izatekoa da onenarekin edo halakoren batekin bikote egiten jartzea eta kristoren plazera izango da berarekin jokatzea», adierazi du Iztuetak bere aurreneko adierazpenetan.

Tolosarrak presioa ahalik eta gehien urruntzen saiatuko dela gaineratu du nahiz eta bere aurrelaria egungo Buruz Buruko eta Lau eta Erdiko txapelduna izan. «Saiatuko naiz presiorik nire buruari ez jartzen. Azkenean, normala da hori ere, baina disfrutatzen saiatuko naiz batez ere», azpimarratu du.

Javier Zabalak, berriz, Imazekin jokatu du. Iazko udan San Mateoetako azpitxapeldun geratu zen Jose Javier Zabaleta atzean zuela, Binakako Txapelketan ordezko lanak egoki baino egokiago bete zituen eta Buruz Burukoan, berriz, final-erdietaraino iritsi da.

«Aukera honen zain nenbilen aspalditik. Negu ona egin dut eta azkenean iritsi zait aukera! Eta aukera hemen aurrean dualarik, oraintxe sakatu behar dut nire onena emateko. Imaz oso gogoko dudan pilotaria da, oso borrokalaria delako eta nik uste bikote egoki askoa osatu dezakegula», adierazi du Naiarako aurrelariak.

Berritasunen artean sartu behar da ere Unai Laso, iazko udan lesioek jokoz kanpo utzi eta gero. «Uda ona egitea da nire helburua, azken urteetan San Fermin Torneoan min hartu eta gero. Zaila izango da asteburu bakoitzean jardunaldiak egonda fisikoki beti ondo mantentzea, baina partida guztiak jokatzeko gertu nago», baieztatu du Bizkarreta-Gerendiaingoak.

Faborito asko

Iaz txapeldun suertatu zen bikoteak; hau da, Ezkurdiak eta Mariezkurrenak osaturikoak, ezingo dute, biek ez behintzat, iazko balentriarik errepikatu, banandu egin dituztelako aurten. Peio Etxeberriarekin jarri dute Berriozarko atzelaria, azken bi urteetako txapelduna Masters honetan eta Ezkurdia berriz, Jon Ander Albisurekin bikote indartsu askoa osatzeko esperantzatan dago.

Zein da faboritoa, ordea, halako bikote nahasketarekin? Ezin asmatu ezta pilotariek beraiek ere. «Artolak eta Rezustak osatzen duten bikotea ikaragarria da, bat esateagatik. Beñat maila bikainean dago eta Iñaki, berriz, ikaragarri dabil. Aurreneko ekitaldian txapeldun suertatu ziren eta, beraz, beldurra sartzen dutela esan dezakegu. Baina tira, txapelketa berria da, bikoteak ere ezberdinak dira eta polita izango da, nolanahi», aipatu du Jon Mariezkurrenak.

Besteri begiratu beharrean, hala ere, Berriozarko atzelaria oso pozik zaldu da Peio Etxeberriarekin osatuko duen bikotea ikusita. «Oso gutxitan jokatu dugu elkarrekin eta oso pozik nago horregatik. Biak nafarrak izanda gainera, oso pozik hartzen dut bikote bezala», gaineratu du Mariezkurrenak.

Jokin Altunak, berriz, faboritoen zerrenda are gehiago zabaldu du. «Jose –Zabaleta– maila onean badago, Peñarekin bikote handia osatuko du. Peio eta ‘Mariezku’ zer esanik ez; Iñaki –Artola eta Beñaten –Rezusta– bikotea ikaragarri gustatzen zait, baina beste bikoteak ere itzelak dira. Adibidez, Joseba –Ezkurdia– eta Albisu, beraien ibilbidea ikusi besterik ez dago!», azpimarratu du Amezketako aurrelariak.

Nahiz eta bi bikote gehiagok parte hartu, Mastersaren formatua bere horretan mantenduko da. Aurreneko faseko ligaxkan lehenengo bi postuetan amaitzen duten bikoek final-erdietan zuzenean jokatuko dute, eta beste bi tokien bila hirugarren postutik seigarrenera sailkaturikoek kanporaketa bana gainditu beharko dute: hirugarrena seigarrenaren aurka eta laugarrena bosgarrenarekin.

Mastersa uztailaren 19an abiatuko da Laudioko Areta pilotalekuan; Altunak eta Iztuetak Jaka eta Martijaren aurka jokatuko dute. Ligaxkaren ostean final-erdietara sailkatzeko kanporaketak irailaren 13an eta 15ean jokatuko dira eta azken fasea, berriz, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan izango da: urriaren 4an, ostiralez, final-erdi biak eta eta urriaren 6an, igandea, finala.