NAIZ
Donostia

Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma Taldeak jaso dituzte aurtengo Bai Euskarari sariak

«Euskararen erabilera areagotzeko» egiten duten lana goraipatuta, Kide Aholkularitzak, Izarkomek eta Ulma Taldeak jaso dituzte 2024ko Bai Euskarari sariak Donostian egindako ekitaldian.

Kide Aholkularitzak, Izarkomek eta Ulma Taldeak jaso dituzte 2024ko Bai Euskarari sariak.
Kide Aholkularitzak, Izarkomek eta Ulma Taldeak jaso dituzte 2024ko Bai Euskarari sariak. (Jon URBE | FOKU)

Kide Aholkularitzak, Izarkomek eta Ulma Taldeak jaso dituzte 2024ko Bai Euskarari sariak. Gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan egin dute sari banaketa, eta antolatzaileek, sari hauekin, «euskararen erabilera areagotzeko» egiten duten lana nabarmendu nahi izan dute.

‘Txinparta bizia euskararentzat’ lelopean egin dute ekitaldia. «Izan ere, euskara lan munduan biziarazten duten txinpartak dira Bai Euskarari Saria jaso dutenak», adierazi dute Dorleta Kortazar ipuin kontalariak aurkezpen lanak egin dituen ekitaldian.

Kide Aholkularitzak lan munduan aholkularitza eskaintzen du eta 2013an jaso zuen Bai Euskarari ziurtagiria Leitzan eta Donostian dituen bulegoetan. «Lantalde osoa euskalduna da eta euskaraz lan egiteko hautua egin zuten. Euskara ez da zerbitzu eta lan hizkuntza soilik, motorra da, motibazio iturri. Ahaleginak egin dituzte, urtez urte, eskaintzen duten zerbitzuan hobekuntzak egiteko. Sektorea oso erdalduna da, eta erabiltzen diren programa, aplikazio eta dokumentuak, sorreran, ez daude euskaraz. Inbertsioa egin dute, denboran eta diruan, bezeroei ahalik eta zerbitzu gehien eskaini ahal izateko euskaraz. Eta horretan jarraitzen dute», azpimarratu dute.

Izarkomi dagokionez, aldiz, «euskaraz bizi eta lan egiteko» hautua eskertu diote. «Beraientzat ez da zerbitzu edo lan hizkuntza soilik, beren izaeraren oinarrian dagoen zerbait baizik». 2021ean hasi zuten lanketa Bai Euskarari ziurtagiriarekin. «Izarkom euskaraz bizi nahi duen ekimena da eta hortaz hizkuntza lehenetsia euskara izango da, bai zerbitzuei baita arreta komunikazioei dagokienez. Euskal Herri osoan ematen dituzte zerbitzuak».

Ulmari dagokionez, «ezin direla Ulma eta euskara banandu» baieztatu dute sari banatzaileek. «Nazioarteko enpresa talde industriala izanik, beren jardunean, kanpora begira eragiteko euskara zabaltzeko ahalmen handia dute; horren alde apustu egin dute».