NAIZ

Mila haur artatzen dituen Lekeitioko osasun zentroa, pediatrarik gabe gaurtik aurrera

ESK-k salatu duenez, ostegun honetatik aurrera Lekeitioko osasun zentroa pediatrarik gabe geratu da. Mila haur baino gehiago artatzen dituzte bertan.

Lekeitioko osasun zentroa.
Lekeitioko osasun zentroa. (LEKEITIOKO UDALA)

Lekeitioko osasun zentroan ostegun honetatik aurrera ez da pediatrarik izango, ESK sindikatuak salatu duenez. Barrualde-Galdakao ESIko hainbat eremutan pediatria arretarako kontingentzia planak kritikatu eta Gernika-Gernikaldean, Basauri Kareagan eta San Migelen eta Matiena-Abadiñon pediatriako pertsonalaren «estaldura faltak» izan direla gogoratu du, eta arazo horiei «orain Lekeitioko oinarrizko osasun eremua gehitu zaio».

Ohar batean dioenez, anbulategiko pediatra bakarrak 1.000 neska-mutil baino gehiago artatzen ditu, «eta ez du ordezkapen estaldurarik izango ostegun honetatik aurrera.Udan ere horrela jarraituko duela aurreikusten da, sindikatu horren arabera.

ESKrentzat, «ulertezina da udan 7.000 biztanle izatetik 17.000 izatera pasatzen den udalerri bat pediatrarik gabe uztea».

Sindikatuak ohartarazi du mediku pediatrarik ez izatea «arreta defizitarioa» dela, eta horrek «arriskuan» jartzen dituela artatutako populazioa eta pediatria arloa kudeatzen duten profesionalak. Era berean, «zentroko pertsonal fakultatiboari ere eragingo dio», haurren kontsulta atzeraezinak helduen familiako medikuetara pasako direlako.

ESKren iritziz, Osakidetzaren betebeharra da «praxi mediko egokia eta osasun prestazioaren kalitate eta segurtasun handiena lortzeko behar diren baliabideak ematea, profesionalak barne». Bere ustez, egungo kalitatezko asistentzian dauden gabeziek «lehen mailako osasun zerbitzuak eraisteko plan argia islatzen» dute.

Lekeitioko arreta pediatrikoaren erabiltzaileei jakinarazi die eskubidea dutela Osakidetzari erreklamazioak jartzeko eta «etengabeko arreta mediko erreal eta kalitatezkoa eskatzeko».