Asier Robles

Zortzi gazteri zor diena ordaintzeko exijitu diote Telepizzari Ernaik eta LABek

2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean BECeko Telepizzan lan egin zuten zortzi gazteri zor zaiena exijitu dute Ernaik eta LABek. Gazte antolakundeak hau ez dela kasu bakarra nabarmendu du, eta sistema kapitalistaren aurka antolatzeko deia egin du.

Ernairen elkarretaratzea Bilboko Areatzako Telepizzaren aurrean.
Ernairen elkarretaratzea Bilboko Areatzako Telepizzaren aurrean. (NAIZ)

Ernaik eta LABek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Bilboko Areatzan exijitzeko 2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean BECeko Telepizzan lan egin zuten zortzi gazteei zor diena ordaindu diezaien.

Gazte antolakundeak eta sindikatuak azaldu dutenez, gazteek Infojobsen bitartez topatu zuten lana, askorentzat lan-merkatuan lehenengo esperientzia izanik, eta «nahiz eta hasiera batean haien abenduko nomina arazorik gabe jaso zuten, urtarrileko nomina ez zuten kobratu».

Gero, gazteak LAB eta Ernairekin harremanetan jarri eta Telepizzari nominak ordaintzea exijitu ostean, apirilaren erdialdean, gazteek urtarrileko soldata kobratu zuten. Hala ere, sindikatuak dio Telepizzak gazteei ordaindutako nomina horiek ez daudela ondo eginda, «gazteek lan egin zutena baino ordu gutxiago agertzen direlako haien urtarrileko kontratuan».

Ernaitik azpimarratu dute Telepizzaren kasua «ez dela arazo isolatu bat». «Zerbaitek ezaugarritzen badu Hego Euskal Herian gazteoi bideratutako enplegu eskaintza, hori prekarietatea da. Egun enpleguak ez du bizitza duintasunez garatzeko aukerarik bermatzen».

 

Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiaren datuei erreparatuz, 2023an herritar guztien aldi baterako enplegu-tasa %21,4koa den bitartean, gazteon artean %46koa da. Bilbon, esaterako, 2024ko urtarrilean gazteoi egindako kontratuen %70a aldi baterakoa izan zen. EAEn bataz besteko hileko soldata garbia (aparteko pagak hainbanatuta) 2.128eurokoa den bitartean, gazteona 1226 eurokoa da.

«Gazteon lan-indarra ezinbesteko funtzioa betetzen du sistema kapitalistaren baitan. Egoera hau ahalbidetzeko eta gazteok bizi behar dugun biolentzia-laborala justifikatzeko, sistema kapitalistak errelato bat asmatu egiten du esaten duena gazteok alfer batzuk garela, ez garela nahikoa ahalegintzen, ez dugula esperientziarik, praktika ordaindu gabeak onartu behar ditugula, ala baldintza txarretan egin behar dugula lan», salatu dute.

Horren aurrean, Ernaik argi utzi du Telepizzan gertatutakoarekin zein gazte prekarietatearekin bukatzeko «beharrezkoa dela sistema kapitalista gainditzea eta beraz, hobekuntza ekonomiko batzuk gorabehera, beharrezkoa dela gazteak  antolatzea ikastetxeetan, lantegietan, auzoetan...