NAIZ

Sortuk ohartarazi du «Euskal Herriaren burujabetzan jauzia egiteko unea orain dela»

«Ipar Euskal Herrian eta Europan oro har faxismoak izan duen gorakadaz» kezka agertu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Agurainen egin duten Konferentzia Politikoan. Horri aurre egiteko «ezberdintasunak alboratu eta fronte zabalak eraiki beharra» aldarrikatu du, «EH Bai bezala».

Arkaitz Rodriguez, Sortuk Agurainen egin duen Konferentzia Politikoan.
Arkaitz Rodriguez, Sortuk Agurainen egin duen Konferentzia Politikoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zazpigarren Nazio Konferentzia egin du Sortuk  Agurainen. Alderdiaren urteko hitzordu nagusian ehunka militante elkartu dira bi egunez; larunbat goizean egindako nazio batzarrean ikasturte politikoaren balantzea egin dute, eta hurrengo hilabeteetarako plan politikoa zehazteko oinarriak jarri dituzte. Sozialismorako euskal bideaz hausnartzeko eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko ere baliatu dute urteroko elkargunea.

Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak batzarra hasteko hitzartzean esan duenez, «egun bizi dugun salbuespeneko egoerak burujabetza nazionalaren berreskurapenean aurrera egitea eskatzen du». «Euskal Herriaren osotasunean ditugun herri erronkei aurre egin ahal izateko tresna berriak eta erabaki ahalmen handiagoa» behar ditugula esan du, estatus berriei erreferentzia eginez. Unea baliatu beharraz ohartarazi du: «Ezin dugu biribilgunean bueltak ematen jarraitu».

«Parez pare daukagu azken hamarkadetako borrokaren bidez eraikitako indar harremana burujabetzaren bidean urrats handienean kristalizatzeko. Parez pare daukagu gatazkaren konponbide osoan eta, beraz, askapen prozesuan jauzi bat egiteko aukera». Norabide horretan, indar politikoak, sindikalak eta sozialak interpelatu ditu:  «Herri akordio handi bat saretzeko beharra dugulako, Madrilen eta Parisen aurrean ahots bakarrez jokatzeko».

Faxismoaren aurrean kezka

Halaber, kezka adierazi du Rodriguezek Europan eta oro har faxismoa izaten ari den gorakadaz, eta gertatzen ari den eskuineranzko desplazamenduaz. «Eskuin muturra politika neoliberalen produktua da eta berorri aurre egiteko modu bakarra ezkerreko politikak egin eta are egungo ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduaren zein hari datxekizkion balioen errotikako eraldaketa egitea da».

«Klima larrialdiaren, zaintza krisiaren, prekarizazioaren eta dualizazio sozialaren, gerren ugaritzearen eta eskuin muturraren hazkundearen ordez zibilizazio berri bat behar dugu. Utopiaren bandera altxa beharra dago; kapitalismoa gainditu eta zerumuga sozialista baterantz bide egiteko beharra aldarrikatu», esan du Rodriguezek. Gaineratu du alternatiba horrek balioen aldaketa sakona eskatzen duela, «irismen luzeko bataila kulturala jorratu behar dugu».

Horretarako guztirako, bi zeregin azaldu ditu: lehena, herrigintzaren garrantzia azpimarratuz, nazio bulkada berri baten eta bulkada sozialaren sustapenean jarraitu beharra, «akordio zabalenak ere hankamotz geldituko direlako» bestela. Bigarrena, EH Bildu eta EH Bai indartzen jarraitu beharra, lidergo berriak eraiki eta albait instituzio gehienetan gobernatzeko anbizioz.

Palestinar herriari elkartasuna

Aurretik, palestinar herriari elkartasuna adierazteko ekitaldi batekin hasi dute nazio batzarra Sortuko kideek. Haritz kimu bat eta olibondo bat atrilaren alde banatan, Oihana San Vicente Sorturen Barne koordinatzaileak harrera egin die Majed Dilbsi FPLPko eta Sami Sabha FDLPko kideei. Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko elkartasun ibilbide luzeari erreferentzia egitearekin batera, palestinarrek estatu bat izateko eta bakean bizitzeko duten eskubidea aipatu ditu San Vicentek. Horrekin batera, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu, eta berehala harekin amaitu behar dela esan du.

Sozialismorako bideaz, Iratzar Fundazioaren eskutik

Ostiralean, Iratzar Fundazioak antolatuta eta Nazio Konferentziaren markoan, sozialismorako euskal bideari buruzko solasaldiak egin dituzte. Euskal sozialismorako ezker abertzaleak egindako proposamena berritzeko gogoetei lotuta, Paolo Gerbaudo eta Jule Goikoetxea aritu ziren solasaldi nagusian. ‘Estatuaren itzuleraren aurrean al gaude?’ izenburupean, politika ekonomikoetan estatuak berreskuratzen ari diren funtzioaz hitz egin dute. Ondoren, beste bost sakontze solasaldi ere egin zituzteb, burujabetza, eskualde eta nazio eskala, ekonomia ekologikoa, feminismoa eta ezkerraren papera ardatz hartuta.