NAIZ

Zumaiaren lehen kolpea denboraldiaren estreinaldian, Astilleroko erlojupekoan

Zumaiak ETE ligako lehen bandera astindu du, Astilleroko uretan indartsu dagoela erakutsita. Iaz, Kaikurekin izan zuen dema estua eta aurten, lehen urratsa eman du. Sestaotarrek hirugarren egin dute eta bigarren postuan bukatu du etxeko taldeak, Astillerok. KAE2 ligan bai nagusitu dira etxekoak.

Zumaiako Telmo Deun ontzia, iazko igoera fasean, Bermeoko uretan.
Zumaiako Telmo Deun ontzia, iazko igoera fasean, Bermeoko uretan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Udara hasi berri honetan, traineru txapelketa nagusien txanda iritsi da. Bizkaia, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak jokatuta, banderen lehia betean zentratu dira arraun elkarte ezberdinak. Liga garrantzitsuenak –Eusko Label eta Euskotren– hasteko astebeteren faltan, ETE eta KAE 2 ligak abiatu dira larunbat honetan eta igandean hasiko da KAE1 ligaren lehia ere.

Behe mailako txapelketak diren arren, igoeraren gosearen eraginez, sekulako borroka egon ohi da hauetan ere. Bada, Zumaiak lehendabiziko kolpea eman du, sasoiko aurreneko bandera irabazita. Iaz, lehia estua izan zen zumaiar eta sestaotarren artean eta dema partikular horretan, gipuzkoarrek urrats bat eman dute Astilleroko uretan. Hain zuzen ere, etxeko taldearekin izan du borroka lehia estua Zumaiako ontziak.

Erlojuaren aurka lehiatu da denboraldiko lehen estropada eta Zumaiak egin du denbora onena: 11 minutu eta 9 segundoan osatu ditu 1,5 miliak, etxekoak baino segundo bat azkarrago. Kaiku izan da hirugarrena, sei segundo gehiagorekin. Hain zuzen ere, sestaotarrak izan dira uretaratzen azkenak eta lehendabiziko ziabogan Zumaiaren antzerako denbora egin badu ere –baita Zarautzena ere, azken sailkapenean laugarren–, bigarren eta hirugarren luzean denbora galduta, hirugarren postuarekin konformatu behar izan da egungo Bizkaiko txapelduan.

Lehen bi ziabogatan denbora onena egin zuen Astillero izan zen baina azken luzean denbora galdu eta ezin izan zuen Zumaiaren denbora hobetu, etxekoak baino txanda bat lehenago uretaratu zena. Iaz, hiru bandera astindu zituzten zumaiarrek (Kaikuk sei eta Zarautzek beste hiru), sailkapen orokorrean bigarren bukatuz. Aurten, Euskadiko txapelketan merituzko laugarren postua egin ostean, astindu dute lehendabiziko bandera eta indartsu daudela berretsi dute Kantabriako uretan. Igande honetan Pasaian lehiatuko dira: 11.15ean KAE 2 liga, 11.45ean ETE liga eta 12.25ean KAE1 ligaren estreinaldia. 

ETE LIGA - Astilleroko bandera

1.    Zumaia    11:09.49 (8 puntu)        
2.    Astillero      11:10.18 (7 puntu)
3.    Kaiku      11:15.77 (6 puntu)
4.    Zarautz      11:17.55 (5 puntu)
5.    Deusto      11:24.35 (4 puntu)
6.    San Juan      11:27.31 (3 puntu)
7.    Ondarroa      11:42.28 (2 puntu)
8.    Hernani      11:44.99 (puntu 1)

Astillero, KAE 2 ligan

Arrauneko hirugarren maila ere gaur abiatu da, Astilleron, zazpi trainerurekin, behe mailetan traineruak ateratzearen zailtasunak agerian geratuz –Mutrikuk, iaz igoera fasea lehiatu zuen taldeak, esaterako, ezin izan du taldea osatu–. Denboraldiko lehen estropadan etxekoak nagusitu dira, 3 miliako ibilbidea 20 minutu 54 segundoan osatuta. Bigarren izan zen Donostiarra B eta hirugarren, Hibaika.

KAE 2 LIGA - Astilleroko bandera

1.    Astillero    20:54.09 (7 puntu)        
2.    Donostiarra B      21:08.18 (6 puntu)
3.    Hibaika      21:10.82 (5 puntu)
4.    Castreña      21:21.84 (4 puntu)
5.    Busturialdea      21:42.20 (3 puntu)
6.    Lutxana      22:25.46 (2 puntu)
7.    Santoña      22:54.26 (puntu 1)