NAIZ

Pascal Jocou izanen da Beskoitzeko auzapez berria, bozen %55 lortu ondoren

Pascal Jocouren zerrendak irabazi du igande honetan Beskoitzeko hauteskundeetako bigarren itzulia, Fabienne Etchegarayrenaren aurretik. Hamazortzi kontseilari izanen ditu gehiengoak, eta bost kontseilari oposizioak.

Pascal Jocou, bigarren itzulian gailendu ostean hedabideei adierazpenak egiten.
Pascal Jocou, bigarren itzulian gailendu ostean hedabideei adierazpenak egiten. (Guillaume FAUVEAU)

Pascal Jocou izanen da Beskoitzeko auzapez berria. Beskoiztarrek Fabienne Ayensa aurreko auzapezaren alkateorde izandakoa eta Hazparneko Lurraldeko herri elkargoko lehendakari ohia aukeratu dute igande honetan, herriko bozetako bigarren itzulian.

Fabienne Etchegaray buru zuen aitzineko auzapezaren aldeko zerrenda garaitu du Jocouk, 836 boz (%55) lortu ondoren, 668 bozen (%44) kontra. Hamazortzi kontseilari izanen ditu gehiengoak, eta bost kontseilari oposizioak.

Auzapeza hautatzeko hauteskundeen lehen itzulia egin zuten ekainaren 16an. Hiru hautagai ziren orduan kargurako lehian, Haritza Camblong, Jocou eta Etchegaray. Orduan, beskoiztarrek Jocou jarri zuten lehen postuan bozen %36,48arekin. Fabienne Etchegarayk botoen %34,2 eskuratu zuen, eta Camblongen zerrendak bozen %27,22a. Hauteskundeen biharamunean, azken honek erretiratzea erabaki zuen, bozka kontsignarik eman gabe.

Beskoitzeko herri bozetako bigarren itzulia. (Guillaume FAUVEAU)

Ikastolen afera

Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko egitasmoari buruz daukaten posizioak ezberdintzen zituen hiru hautagaiak. Izan ere, martxoan ikastola bat eraikitzeko egitasmoa kudeatzeko ezintasunek eraman zuten dimisioa ematera Fabienne Ayensa auzapeza.

Hala ere, ‘Mediabask’ astekariak laburbildu zituen hiru hautagaitzek aurkeztu dituzten programetan dauden diferentzia nagusiak.

Ikastolaren auzian, bai Jocouk baita Camblongek ere ikastolarentzat eraikin berri bat atzeman behar dela defendatzen zuten.

Herriko Etxeak 1,2 hektareako lur eremua erosi berri du bertan Departamenduak diruztatutako kolegio bat eraikitzeko xedez. Izan ere, lursail horren ondoan aukera legoke ikastola aterpetzeko beste eraikin bat altxatzeko. Hala defendatzen zuten Jocouk eta Camblongek.

Fabienne Etchegaray, berriz, herri erabilerarako erositako lur eremu horretan proiektu berri bat gauzatzearen kontra azaldu zen, ikastolarekin eta herriko teknikariekin aterabide baten aurkitzearen alde azaldu bazen ere.